2019-12-20 11:33

Zuzenketa aho batez onartu da. Bozketa ezin izan da adierazgarriagoa izan.

Eusko Legebiltzarrak Ehiza Legearen zuzenketa bat (1) onartu du gaur, ohiko osoko bilkuran, eta horren ondorio behinena Ulian tiro gehiago ez egitea izango da.

Eguzkik poztu besterik ezin du egin Ulian sen ona behin betiko nagusitzea ahalbidetu beharko lukeen zuzenketa honen aurrean. Sen ona, diogu, eta, alde horretatik, oso adierazgarria iruditzen zaigu zuzenketa Legebiltzarrean ordezkatuta dauden bost indar politikoek bultzatu eta onartu izana.

Aldundiak 2014an debekatu zuen ehiza Ulian, baina aurten berriro baimendu du, Ehizaren Legearen 27. artikuluko 2. paragrafoan oinarritutako epai judizial baten ondorioz. Paragrafo hori ez dago –ez zegoen– zuzen idatzita, zalantzarik gabe. Eta zalantzarik gabe, diogu, ezinezkoa delako ehiza-eskubidea, kasu jakin batzuetan, beste edozeren gainetik egotea, baita ehiza-alorrean eskumen guztiak dituen Foru Aldundiaren beraren erabakien gainetik ere. Hain justu, Legebiltzarrak akatsa zuzendu eta Aldundiari kasu horietan ere erabakitzeko ahalmena eman dio.

Horregatik esan dugu arestian zuzenketak sen ona nagusitzea ahalbidetu beharko lukeela, Ulian ehiza baimentzearen ondorioz, gainerako herritarrok parkeaz patxadan eta seguru erabiltzeko dugun eskubidea urratzen delako, kolektibo jakin baten mesedean. Eta hori ez da logikoa.

ulia1[1]

Ideia hori berariaz jasota dago talde politikoek zuzenketa bideratzeko Legebiltzarreko Mahaiari bidali dioten txostenean:

“[Ehiza baimenduz gero] gune horietan [Ulian] bat egiten duten beste erabilera batzuekin talka egin daitekela aurreikusi ahal da; izan ere, bisitariak asko dira mendira joaten direnak, populazio-dentsitate handiko eremuetatik oso hurbil daudelako eta Gipuzkoan garrantzi handiko bidezidor homologatuak daudelako, hala nola GR-121 Talaia, Donejakue Bidea eta Gi 33 Uliako Itzulia. Gainera, ehizan aritzeak eragin nabarmena du eremu hori erabiltzen duten gainerako herritarrentzat, bai tiroek eragindako zaratagatik, bai pertsonen segurtasun fisikoko arrazoiengatik”.

Beraz, Legebiltzarrak gaur hartu duen erabakia albiste handia da Eguzkirentzat, “Parke seguru eta denontzat” manifestua izenpetu duten era guztietako elkarteentzat eta Uliaren erabiltzaile gehien-gehienentzat.

Orain Aldundiak bere partea egin behar du, noski. Zailena egin ondoren, alegia, Legebialtzarrean zuzenketa aho batez onartu ondoren, absurdua litzateke Aldundiak Ulian ehiza ez debekatzea edo lehenbailehen ez debekatzea. Horri dagokionez ere badago zer esanik, izan ere, Legebiltzarrak zuzenketa presaz eta irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetu du, hain zuzen ere, “egoera ahalik eta eperik laburrenean” aldatzeko, hau da, Ulian ehiza debekatzeko.

EGUZKI, 2019ko abenduaren 20a

https://www.legebiltzarra.eus/ic2/restAPI/pvgune_descargar/default/43e07038-541e-44f4-8a88-dad5b587c303

La entrada Eusko Legebiltzarrak Ulian ehiza debekatzea blindatu duelako pozik da Eguzki aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/