Errenteria Osasuna plataformak, Papresa eta inguruko bizilagunen arteko “elkarbizitza duina” lortzea helburu duenak, elkarretaratzea egin zuen joan den larunbatean Papresako zubian.
“Zaratarik, kamioirik, kiratsik EZ” irakur zitekeen elkarretaratzean atera dituzten pankartetan. Hasieran, euren nahia zein den erakusteko, pankartaren atzean egon dira bertaratu diren ia berrehun herritarrak, baina, gero, plataformako kideek zubia zeharkatu, eta Papresa enpresari zein bertako langileen komiteari prestatuta zuten adierazpena helarazi nahi izan diote.
Irakurketaren txanda izan da gero, eta ezer baino lehen, azpimarratu dute Errenteria Osasuna plataforma osatzen duten kolektiboen asmoak zehazteko eta, interpretazio okerrak zein asmo txarrekoak saihesteko sortu dutela adierazpena. Idatzia Etxeberriak-Olibet auzo elkarteak, Erdiguneko Oiarso auzo elkarteak, Gabierrotako Laguntasuna auzo elkarteak eta Eguzki talde ekologistak sinatu dute.
Irakurketan, hortaz, nabarmendu dute plataformaren helburua “ez dela eta ez dela inoiz izan Errenterian dauden Papresako instalazioak ixtea, enpresaren jarduera pairatzen duten herritarrentzat bizikidetza duina” lortzea baizik.
Hortaz, Papresari neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatu diote; hala nola, “zarata etengabeak eta/edo noizbehinkakoak eta arnasten ari garen kiratsa ezabatzeko edo gutxitzeko, herritarren osasuna arriskuan ez jartzea ziurtatzen duten mugetaraino”. Horretaz gain, Nafarroa etorbidetik eta Askatasunaren Martirietatik kamioien zirkulazioa kentzeko eskatu dute.
Azkenik, aurreratu dute udalean mozio bat aurkeztu dutela alderdi eta elkarte guztiei irekitako talde bat osatzeko ideiarekin. Talde horrek problematikaren jarraipena egitea nahi dute. Amaitzeko, osoko bilkura egiten dutenean mozioak esaten duenaren berri emango dutela gaineratu dute.