2025-10-21 16:14

Zubietako erraustegiak bere kutsadura arazoak konpondu ez baina inguruko lurrak are gehiago izorratzen segitzen du: Arkaitzerrekan, Donostiako udalerrian, egunotan erreka bera eta bere inguruak ari dira suntsitu eta porlanez betetzen. Hori salatu nahi dugu Errausketaren Aurkako Mugimendutik. Gipuzkoako herritar guztiek ikusi beharko lituzkete desastre horren irudiak. Testu hau ilustratzen duten argazkiak lagin bat baino ez dira.

2020ko maiatzean azaldu zen Arkaitzerreka bere arrain guztiak erreta, erraustegitik isuritako amoniakoaren ondorioz. 2022ko uztailean, berriro, Arkaitzerrekako urak kutsatu zituzten.  Hasieran eta denbora luzez, Erraustegiaren jabe eta kudeatzaileek -denen buru Jose Ignacio Asensio diputatua zela- ukatu egin zuten erraustegiak horrekin zerikusirik zuenik. Denborarekin, aitortu behar izan zuten hondakinak pilatzen dituzten biltegietatik ur zikin eta kutsatuek ihesi egiten dutela. Arazo larri hori konpontzeko ordez, adabaki merkeago bat jartzea pentsatu zuten: 2022ko azaroan iragarri zuten erraustegiak kutsatutako ur zikina Arkaitzerrekatik atera eta Loiolako araztegira doan ur zikinen sarera botako zutela. Horra nola iritsiko den Kantauri itsasora erraustegiko ur kutsatua!

Errausketaren Aurkako Mugimenduak dauzkan argazkiotan ikusten da zer nolako txikizioa ari diren egiten erraustegiaren inguruetan, nola edo hala instalazio horren akats estruktural bat estaltzeko. Argazkietan ageri dira: Arkaitzerrekako urak biltzeko depositua, Erraustegitik erreka zulora makinak eta materialak jaisteko urratu duten pista, teknikoak oinez gora eta behera ibiltzeko eraiki duten eskilara, erreka bazterrean Zubietako errepideraino urratu duten pista berria… eta dena hormigoiz!

Azkenean, erraustegiko jabe eta kudeatzaileek -Asensio diputatua buru dutela- ez bakarrik ez dute eten kutsadura, gainera hori ezkutuan urrutiago (itsasoraino) bidaltzeko beste obra suntsitzaile bat eraiki dute, betirako hondatuz Arkaitzerrekako ur, landare eta txokoak, duela gutxi arte erreka eta paraje basati eta bizitzaz beteak zirenak.

GHK, PNV, PSOE: Gelditu ezazue txikizioa! Gelditu ezazue Erraustegia!

Errausketaren Aurkako Mugimendua

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/