ARGIA.eus

2020ko uztailaren 04a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/
2019-09-10 22:40

Aurten Errengako mairubaratzetan izan da, Lesakan; iaz, berriz, Iruso 1 trikuharrian, Leitzan

Ehiza-postua, Errengako mairubaratzetako baten gainean. Argazkia: Hilharriak.

Errengako mairubaratz baten gainean, Lesakako udalerrian, Oiartzungo mugan, ehiza-postu bat jarri dutela eta, Eguzkik gauzak argitzeko eta, hala badagokio, erantzuleen kontra neurriak hartzeko eskatu die Nafarroako Gobernuaren Ingurumen eta Kultura sailei.

Hilharriak elkarteak postua abuztuaren bukaeran salatu zuen eta, ondoren, lekuz aldatu dute, baina, Eguzkiren iritziz, Gobernuak erreakzionatu beharko luke, ez baita horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia.

Izan ere, iazko maiatzean antzeko salaketa bat egin zen, ehiza-postu handi bat eraikita zegoelako Leitzako Iruso 1 trikuharriaren gainean. Kasu hartan ere, salaketa egin bezain pronto, postua lekuz aldatu zuten, baina ordurako kalteak nabarmenak ziren (http://eguzki.org/2018/05/28/leitzako-trikuharri-baten-gainean-eraikitako-ehiza-postuak-hautsak-harrotzen-jarraitzen-du/).

Irusu 1 trikuharriaren gainean eraikitako ehiza-postua.

Irusu 1 trikuharriaren gainean eraikitako ehiza-postua.

Leitzako trikuharria zein Lesakako mairubaratza behar bezala seinalizatuta zeuden eta daude.

Ehiztarien artean denetarik dago. Alabaina, kolektibo gisa, beti kexaka ari dira zeren eta, haiek berek aitortzen duten bezala, gizartearen aurrean irudi txarra baitute. Gizarteak ez omen ditu “ulertzen”. Eta nor dira irudi txar horren erantzuleak? Ekologistak, animalistak, mendizaleak… eta, egia esan, ehiztari ez den ia edonor. Baina behar bezala seinalizatuta zegoen Errengako mairubatz baten gainean (edo Iruso 1 trikuharriaren gainean) ehiza-postu bat eraiki dutenik ez du inork asmatu. Eta monumentuetan erreparatu ez badute, ?alferrik eskatuko diegu beste hainbat gauzetan erreparatzea, esaterako, postuak bideetatik egon behar diren gutxienezko distantzietan. Horrelako gauzak gertatzen dira errealitateari eskopetaren kanoi-zuloetatik bakarrik begiratzen zaionean.

Historiaurreko “Ecce Homoak”

Nafarroako Gobernuari dagokionez, zera… Iazko ekainean albiste izan zen Lizarrako Done Mikel elizan gordetako XVI. mendeko Done Jurgiren irudi baten zorigaiztoko zaharberritzea. Baimenik gabe eginiko zaharberritze hark harridura eta haserrea sortu zituen. Barre galantak ere bai, egia esan. Izan ere,? Done Jurgiren kasuari “Lizarrako Ecce Homo” deitzen hasi zitzaion, Borjako “Ecce Homo” hari egin zioten “zaharberritze” sonatua gogoan. Une hartan, orduan Kultura kontseilaria zenak, Ana Herrerak, berehala erreakzionatu eta adierazpen egokiak egin zituen (zoritxarrez, hilabete bat lehenago, Gobernuko inori ez zitzaion iruditu Leitzako trikuharriari buruzko ezer esan behar zuenik). Urrian, berriz, ezagutu genuen zaharberritzaileari 6.000 euroko isuna ezarri zitzaiola eta beste horrenbeste parrokiari. Parrokiak, gainera, Done Jurgiren irudia ahal den neurrian leheneratzeko gastuak ere ordaindu beharko ditu.

Errengako mairubaratza, Irusoko trikuharria bezala, ongi seinalizatuta zegoen. Argazkia: Hilharriak.

Errengako mairubaratza, Irusoko trikuharria bezala, ongi seinalizatuta zegoen. Argazkia: Hilharriak.

Bada, monumentu megalitikoak ere ondare dira, XVI. mendeko estatua bat bezainbeste. Beraz, Nafarroako Gobernuak kasu egin beharko lieke Leitzako eta Lesakako “Ecce Homo” hauei ere. Batez ere horrek lagunduko duelako eragozten datozen urteetan ehiza-postuak Nafarroako ondare historiko edo naturalaren leku desegokietan eraikitzen jarraitzea.

EGUZKI, 2019ko irailean

La entrada Ehiza-postuak monumentu megalitikoen gainean eraikitzen dutenen kontra egiteko eskatu dio Eguzkik Nafarroako Gobernuari aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.