ARGIA.eus

2022ko ekainaren 25a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-04-26 15:43

Mutrikuko zikoina. Argazkia Aitor Urreiztiri zor diogu.

Mutrikun zikoina bat hilik aurkitu dute eta horren berri eman dio Eguzkik Ingurumen Fiskaltzari. Hegaztiaren gorpua poste elektriko baten pean zegoenez, oso litekeena da elektrokutatua hil izana, eta hori faunaren kontrako delitu ekologikoa litzateke. Ikus bideoa:

VID 20220414 WA0002 Zikoina bat hilik Mutrikun – YouTube

Orain dela egun batzuk, berriz, Gipuzkoako Basozainek twitter bidez ezagutarazi zuten putre bat hilik aurkitu zutela antzeko egoera batean:

(2) Gipuzkoa basozainak en Twitter: “Hildako #saiarrea jasoa, lerro elektriko baten azpian. Zantzu guztien arabera elektrokuzio bidez. Halako kasuetan ezarritako #prozedura jarraitu da lerroa zuzendu eta egon daitezkeen ardurak argitzeko. #gypsfulvus #basozainak https://t.co/RUJXSOTG4A” / Twitter

Kasu hauek agerian uzten dute egokitu gabe jarraitzen duten linea elektrikoek ingurumen arazo larria direla, eta arazoari, Eguzkiren iritziz, ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen ari. Kontuan izan behar da 2008ko Errege Dekretu batek lineak egokitzeko agindu zuela.

Izan ere, 2020an, hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko eskatu zien Eguzkik EAEko diputazioei. Alferrik eskatu ere.

Talde espezializatu hauen sorrera guztiz bat etorriko litzateke Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2019ko abuztuan autonomia-erkidegoei igorri zien ofizioarekin. Ofizio hartan, Fiskaltzak gogorazi zien abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituela, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Hala ere, konpainiek Dekretua betetzeari behin eta berriz uko egin diote. Gauzak horrela, Fiskaltza Nagusiak autonomia-erkidegoei zigorrak ezartzeko eskatzen zien, baita elektrokutatutako hegaztien kasu guztiak Fiskaltzari berari pasatzeko ere, ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelako. Halaber, ofizio hartan, Fiskaltzak basozainen lana bikaintzat jo eta haien baliabideak hobetzea eskatu zuen.

Baina, esan bezala, gure eskaerak ez zuen aldundien partetik oniritzirik izan.

Ingurumen-arazo larri bezain ezezaguna

Hegazti handientzat, batez ere harraparientzat, latza da linea elektrikoen arazoa; pozoien, tiroen edo auto-istripuen baino are latzagoa. Arestian aipatutako 1432/2008 Errege Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jotzen du.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, babestutako 33.000 harrapari baino gehiago hiltzen dira urtero Estatuan, linea elektrikoetan. Baina Ministerioaren datuak motz geratzen dira beste iturri batzuei erreparatzen badiegu. Esaterako, Fundación de Amigos del Águila Imperialek Fundación Banco Santanderrekin landiketzan orain dela gutxi egin duen ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan urtero 192.000 eta 337.000 hegazti bitartean hiltzen dira linea elektrikoetan.

Eta Euskal Herrian? Ez dago datu zehatzik. Baina estrapolazio sinple batek agerian uzten du ingurumen-arazo handi baten aurrean gaudela, eta ez zaiola erantzun egokirik ematen ari. Ezkutatuta dago, besteak beste, administrazioek ez diotelako behar besteko baliabiderik dedikatzen. Horra arestian aipatutako gure proposamenaren zergatia.

Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmena

Arestian esan bezala, 1432/2008 Errege Dekretuak arauak ezarri zituen konpainia elektrikoek lineak egokitzeko. Konpainiek, ordea, Dekretua betetzeari uko egin zioten urtetan, harik eta ingurumenaren aurkako delitua egiteagatik sententzia batzuk iristen hasi ziren arte.

Testuinguru honetan, 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Iberdrolak linea elektrikoak egokitzeko hitzarmen bat izenpetu zuten.

Eguzkiren iritziz, hitzarmena oso berandu etorri zen eta eskasegia da. Oso berandu, Dekretua onartu era hamar urte luze pasatu eta gero etorri zelako. Eskasegia, berriz, hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsiko 750 dorre egokitu behar zituelako hiru urteetan. Alabaina, Ingurumen Sailak egindako inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan. Beraz, hiruko erregela egin bezain pronto konturatuko gara arazoa ez dela soilik dorreak egokitzen oso berandu hasi zirela, baizik eta erritmoa bizkortu ezean luze itxaron beharko dugula 2008ko Dekretua beteta ikusi arte.

Laster beteko dira hiru urte hitzarnena izenpetu zutela. Iberdrolak zein Eusko Jaurlaritzak “oso balantze positiboa” egingo dute, nola ez, eta seguruena hitzartu baino dorre gehiago egokitu dituztela ere esango digute. Baina Errege Dekretu hura argitaratu zenetik hamalau urte pasatu direla kontuan izanik, espero dezagun hemendik aurrera Gobernuak, hau da, hitzarmen horretan interes publikoa ordezkatzen duen parteak, hemendik aurrera zorrotzago jokatzea.

EGUZKI, 2022ko apirila

La entrada Eguzkik Fiskaltzan salatu du Mutrikun zikoina bat hil dela, itxura guztien arabera elektrokutatua aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/