Gipuzkoa Antitaurinak larunbatean, hilak 9, Donostiako Aste Nagusiaren atarian antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu du Eguzkik.
ADI! IRTEERA HERNANI KALETIK
Kartelean (hemen argitaratzen dugun kartelean, ez kaleetan beharbada ikusi duzuen kartelean), zera irakur daiteke, manifa 18:00etan abiatuko dela Bulebarretik / Hernani kaletik. Kontua da Bulebarretik abiatu ohi dela, baina aste honetan Ertzaintzatik antolatzaileei deitu diete aurten Bulebarra itxita edo okupatuta egongo dela ohartarazteko. Gauzak horrela, irteera Hernani kaletik egingo da. Leku bat eta bestearen artean hogei bat metro baino ez dago, baina kontuan izan, despisteak saihesteko.
ILLUNBE BERRIA ETA ZEZEN-PLAZA ZAHARRA?
Larunbateko manifestazioan oso gogoan izango dugu udal-gobernuak Illunbe zeharo zaharberritzeko aurkeztu duen proiektua. Proiektu horrek eraikinak ez ezik espazio libreak eta gaur egungo bideak ere zabarberrituko ditu. Baina “zeharo” esan dugu. Egia ote? Ez guztiz. Izan ere, paradoxikoki, Illunbe Berrian aldatuko ez den bakarra zezen-plazaren egitura bera izango da, eta hari atxikitako erabilera. Alegia, Illunbe Berrian, zaharrean bezala, zezenketak antolatzen jarraitu ahal izango dira, alkateak proiektuaren aurkezpenean bertan espresuki adierazi zuen bezala. Beraz, Illunben egiten dena egiten dela, zezenketekin bateragarria izango da. Alegia, udal-gobernuak Donostian zezenketak egiten jarraitzeko aukera berriz ere diru publikoz finantzatu nahi du. Eguzkik honi buruz egiten duen irakurketa, hemen:
Illunbe Berria eta zezen-plaza zaharra? | Eguzki Talde Ekologista
Ez dugu falta, ez, larunbateko manifestazioan parte hartzeko arrazoirik. Animatu eta etorri zuek ere.
EGUZKI, 2025eko abuztua