Hondarribiko Udalbatzak 2025eko martxoaren 27an erabaki zuen hasierako onarpena ematea Hondarribiko Jaizkibeleko pistak eta baso-bideak kontserbatzeari eta ibilgailu motordunekin erabiltzeari buruzko Ordenantzari. Hartutako erabakia, 73 zenbakia duen 2025eko apirilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bertan erreklamazio edo oharpenak aurkezteko 30 laneguneko epea finkatuz.
Ezarritako epe legalaren barruan EGUZKI ekologista taldeak hainbat alegazio aurkeztu ditu arautu nahi den erabilerak ingurumenean, naturan, flora eta basafaunan ahalik eta eragin gutxien izateko helburuarekin.
Gune hau (Jaizkibel) 2013. urtean Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten Natura 2000 sarean sartuz, eta bertan dauden Europako interes elementuei kontserbazio neurri zehatzak ezarriz.
Argi dago gaur egun Jaizkibelen dagoen gizartearen presioa KBE den gune hori natur kontserbaziorako kaltegarria dela; horrela ulertu du Udalak, eta ondorioz, ordenantza hau tramitatzen hasi da.
Aurrerapauso bat da gure ustetan ordenantza tramitatzen hastea, baina KBEk markatutako kontserbazio-helburuak lortzen joateko araudia zorrotzagoa izan beharko litzatekeela pentsatzen dugu. Naturaren kontserbazioa hobea izateko asmoarekin, Eguzkik hainbat alegazio aurkeztu ditu arautu nahi den erabilera berez kaltegarria delako. Udalak eskatutakoa sakon aztertzea espero dugu ingurumen aldetik babestutako eremuaz hitz egiten ari gara eta.
Jarraian, aurkeztutako alegazioa (planoak izan ezik) irakur daiteke:
AZALPENAK
Hondarribiko Jaizkibeleko pistak eta baso-bideak kontserbatzeari eta ibilgailu motordunekin erabiltzeari buruzko Ordenantzari Udalbatza honek 2025eko martxoaren 27an hasierako onarpena ematea erabaki zuen.
Aipatu akordioa 73 zenbakia duen 2025eko apirilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bertan erreklamazio edo oharpenak aurkezteko 30 laneguneko epea finkatuz.
Ezarritako epe legala den barruan erakunde honek aurkezten ditu honako:
ERREKLAMAZIOAK
- “Helburua” artikuluko edukia moldatzea hurrengoarekin osatuz “Ordenantza honen helburua da aipatutako baso bide eta pistetan ibilgailu motordunen erabilera antolatzea, soilik horien mantentze lana, defentsa eta kontserbazioa bermatzeko, pertsona guztiek egoki erabil ditzaten zaintzeko, eta euren inguruneko eta pista eta bide horiek kokatuta dauden mendiko natura ondarea zaintzeko, kontuan hartuta eremu hori KBE dela 2013. urteaz geroztik.
- “Baso-bide eta -pisten kontserbazioa eta erabilera” artikuluko 2. atalean “Zehazki, aplikagarriak diren bestelako arauek ezartzen dituzten debekuez gain, galerazita daude honako erabilera hauek”, beste bi puntu gehitzea honelako edukiarekin:
- g) Ibilgailu motordunekin egindako lehiaketak, lasterketak eta bestelako muturreko gidatze-modalitateak ere debekatzea KBEak ezarritako zonifikazioko hiru zona hauetan: bilakaera naturala, babes zorrotza eta de leheneratze ekologikoa.
- h) Mendian zehar ibilgailu motordunez edo bizikletaz zirkulatzea, baso-bideetatik eta bidezidorretatik kanpo.
- “Ibilgailu motordunak erabiltzeko arauak baso-bide eta -pisten kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko” 5. artikuluko 3. atalean “Halaber, edozein baso-bide eta -pistatatik zirkulatu ahal izango dute oinarrizko edo larrialdiko zerbitzuak ematen ari diren ibilgailu motordunek, besteak beste suhiltzaileek, anbulantziek, poliziak, Gurutze Gorriak, DYAk, ehorztetxek, Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak, Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak, edo antzekoek”, zientzia eta ikerketa erakundeak gehitzea.
4. artikulu berean beste puntu bat (4) gehitzea honako edukiarekin: Udal baimenak mugatuko dira eskariaren izaeraren eta beharraren arabera, hau da generikoki ez dute balioko Hondarribiako Jaizkibel mendi osorako, baizik eta jarduera burutuko den eremu zehatzetarako.
- “Ibilgailu motordunak erabiltzeko mugak baso-bide eta -pisten kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko” artikuluaren edukia moldatzea hurrengo aldaketa txertatuz. Aldaketa negritaz. Udalak ibilgailu motordun guztien edo batzuen zirkulaziorako aldi bateko edo eremu jakin bateko mugak ezarri ahal izango ditu, baso-bide eta -pistak egokitzeko eta kontserbatzeko, horien ingurunea babesteko, nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jarduerak egiteko, suteak prebenitzeko, habitat naturalak babesteko, basa espezieen ugalketa garaietan eta eremuetan, eta baso-bide eta -pistetan segurtasuna eta pertsonen arteko bizikidetza-harremanak bermatzeko.
- “Baso-bide eta -pistetan zirkulatzeko baimena izan dezaketen ibilgailu motordunak” artikuluko “Honako ibilgailu motordunek izan dezakete edozein basobide eta -pistetatik zirkulatzeko baimena” 1 ataleko b) puntua moldatzea honako testua osatuz:
- b) Jaizkibel mendian egiten diren nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako edo bestelako lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek, beti ere jarduera garatuko den eremura mugatuta.
- “Baimen bereziak” 11. artikuluan beste atal bat gehitzea (3) honako edukiarekin “Udalak eman ahal izango dituen baimen bereziek gune honetan dauden (KBE) kontserbazio helburuarekin bat egiten badute”.
- ”Ibilgailu motordunen gehieneko abiadura” 14. artikuluan ezarritako abiadura muga aldatzea eta bere ordez 10 km/orduko abiadura jartzea.
- “Ibilgailu motordunekin gelditzea eta aparkatzea” 15. artikuluan, beste atal bat (7) gehitzea honako edukiarekin: Guadalupeko Gotorleku ondoko zabalgunean autokarabanek, furgonetek eta antzeko ibilgailuek aparkatzea izango dute urte osoan zehar, Udalak egun edo garai zehatzetan horren debekua ere ezarri ahal izango duelarik. Urtebeteko epean Udalak arautuko du parking horren erabilera, holako ibilgailuen motak eta aparkatzeko epeak arautuko direlarik.
- “Aplikatu beharreko zehapen araubidea” 17. artikuluko “Arau-hauste horiek zehatuko dira kapitulu honetan, martxoaren 16ko 1/2013an Legean –Euskal Herriko Administrazioen zehapen-ahalari buruzkoan–, urriaren 1eko 39/2015 Legean–Administrazio Publikoen Administrazio-Prozedura Erkideari buruzkoan–, eta urriaren 1eko 40/2015 Legean –Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoan– ezarritakoaren arabera” 2. atalean, honako hau gehitzea: Gainera, ondoko araudien xedapenak erabiliko dira zehapen araubidea garatzeko: 9/2021 Legea, azaroaren 25ekoa, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; eta Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua.
- “Ibilgailu motordunak erabiltzeko arauak basobide eta -pisten kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko” 5. artikuluko ”Motordun ibilgailuek soilik I eranskinean ezarritako baso bide eta -pistetatik ahal izango dute zirkulatu” atalean aipatzen den planoan aldaketa bat egin, aurkezten dugun planoan jasotzen dena txertatuz, aipatzen dugun pista zatiari kolore gorria jarriz, alegia.