ARGIA.eus

2019ko azaroaren 12a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/
2019-08-06 00:05

Estatuak Lemoizko zentral nuklearra Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko prozesua bukatzear da, eta, tamalez, Iberdrola guztiz libre geratuko da inguru hura lehengoratzeko izan zitzakeen erantzukizun ekonomiko guztietatik. Eguzkiren iritziz, lotsagarria da eta honelaxe adierazi dio Trantsizio Ekologikoaren Ministeriori, abuztuaren 9ra arte erakusketa publikoan dagoen Proyecto de orden ministerial por la que se ceden a la Comunidad Autónoma del País Vasco los terrenos, emplazamientos e instalaciones pendientes de enajenar de la Central Nuclear de Lemóniz delakoaren aurrean aurkeztutako alegazioetan.

Lemoizko zentralaren ingurua lehengoratzeko edo egokitzeko erantzukizun ekonomiko horiek guztiak orain Jarularitzaren esku geratuko dira, zeharo geratu ere, Proyecto de orden ministerialek behin baino gehiagotan irakur daitekeenez.

Alegia, jarraitzen dugu jakin gabe Lemoizko zentralaren etorkizuna zein izango den, baina badakigu Iberdrola oraingoan ere irabazle atera dela. Moratoria nuklearra zela eta, Administrazioak konpainiari eskubidea eman zion herritarroi, argindarraren fakturen bidez, behar baino 3.256 milioi euro gehiago kobratzeko (Lemoizko eta Valdecaballerosko zentralengatik, batez ere Lemoizkoarengatik, jakina). Eta hori gutxi zelako edo, orain ere libratzen du inguru hura lehengoratzeko erantzukizunetatik. Izan ere, Lemoizen edozer egiteko, inguru hura nola edo hala lehengoratu edo, behintzat, egokitu egin beharko da.

Baita Jaurlaritzak eskuartean daukan akuikultura-proiektuak aurrera egiten badu ere? Jakina! Dena dela, gauzak argi. Jaurlaritzak ez dauka inolako proiekturik, Industria sailburu Arantxa Tapiak Legebiltzarrean aitortu duen bezala. Jaurlaritzak ideia bat baino ez dauka. Idea horrek azterketa bat du oinarri eta, halaber, azterketa horrek bi aukera aurreikusten ditu: lehenengoak 4 hektaria beharko lituzke; bigarrenak, berriz, 5,5. Baina zentralak (zentralak bakarrik, inguruan dituen lursailak kontuan izan gabe) 35 hektarea okupatzen ditu. Beraz, esan bezala, paraje hartan edozer eginda ere, leheneratze- edo egokitze-lanak bai ala bai egin beharko dira. Bada, hemendik aurrera horiek denak ordaintzeko dirua Jaurlaritzaren patrikatik aterako da, gure patrikatik, alegia. Bestela esanda: Iberdrolari bost axola dio akuikultura-ideia horrek aurrera egiten duen ala ez, baina ideia horrek dagoeneko eginkizun garrantzitsua bete du, konpainia erantzunkizunetatik libratu duelako.

Basordako lursailek ahikoa denbora egin dute hesituta. Erabilera publikoa, parke moduko bat edo, ezinbestekoa da.

Basordako lursailek ahikoa denbora egin dute hesituta. Erabilera publikoa, parke moduko bat edo, ezinbestekoa da.

Historiarekin bat datorren etorkizuna

Hala ere, Eguzkik jarraitzen du Lemoizentzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean (Jaurlaritzak aurkeztu duen akuikultura-makroproiektua helburu horiekin bateragarria ote da?). Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, Eguzkik aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: lehengoratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.

Zentrala eta lursailak Jaurlaritzaren esku uzteko prozesuan ere Iberdrola irabazle atera izana ez da, ez, bide onean emandako pausoa.

EGUZKI, 2019ko abuztua

La entrada Eguzki: ?Lotsagarria da Lemoizko zentrala Jaurlaritzaren esku geratzea Iberdrola ardura ekonomiko guztietatik libratuta? aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.