2020-01-24 01:23

Muskizen hilik aurkitutako belatza. Olaia zuen izena. Argazkia Bizkaiko Basozainen Facebooken aurkitu dugu.

Erraz esaten da, baina ez bat eta ez bi, hiru izan dira aste honetan Gipuzkoan eta Bizkaian tiroz bota dituzten legez babestutako hegazti harrapariak. Zehazki, astelehenean, Igeldoko Arrano Etxera iritsi ziren belatz handi bat eta zapelatz bat, Aretxabaletatik eta Azpeititik, hurrenez hurren (ADI! LEHEN MOMENTU BATEAN AZPEITIAN BOTATAKOA ZAPELATZA EZ BAIZIK ETA AZTORE-ARRANO BAT ZELA ZABALDU DUGU). Asteazkenean, berriz, beste belatz handi bat Muskizen hilda aurkitu zutela jakin genuen (ikus “Olaiaren kasua” epigrafea).

Urtero, legez babestutako hamaika hegazti tiroz botatzen dituzte. Alde horretatik, aste honetako belatzak eta zapelatza kate luze baten hiru begi berri baino ez dira. Denboraldi honetan bertan, ehiza-aldi orokorra ireki bezain pronto, Jaizkibelen belatz txiki bat (Falco columbarius) bota zutela salatu behar izan genuen. Ondoren ezagutu dugu koartza bat bota dutela Aian, zapelatz bat Elorrion eta belatz gorri bat ere Gorlizko zentroan artatu behar izan dutela. Kontuan izan behar da gu, nahiz errekuperazio-zentroak berak, botatako hegazti guztietatik kasu bakan batzuk baino ez garela ezagutzera iristen. Denboraldia oraindik ez dela amaitu ere kontuan izan behar da. Bizkaian, urtarrilaren 31n amaituko da, baina Gipuzkoan Aldundiak pagausoaren ehiza otsailaren 16ra arte luzatu du. Gure iritziz, garbi dago Aldundiak neurri horren bitartez ehiztariak goxatu nahi izan dituela, usapalaren gaineko europar moratoria edo behin-behineko debekua onartu ondoren.

Argitu behar da legez babestutako espezieei tiro egiten dietenak ez direla â€'ez soilik, behintzatâ€' ehiztari “desaprensiboak”, esan ohi den bezala, ehiztari delitugileak baizik. Izan ere, belatz handi bat botatzea delitua da, eta kartzelarekin ere zigortu daiteke. Egia da, ordea, delitu hauek gehien-gehienetan zigorgabe geratzen direla, delitugileak ia inoiz ez direlako identifikatzen, ezta “ehiztari onek” inguratuta daudenean ere.

Hala ere, ez dirudi arazo honek administrazioak bereziki kezkatzen dituenik, aparteko neurririk hartu gabe jarraitzen baitute. Are gehiago, badirudi nahiago dutela gehiegi ez haizatzea. Beharbada horregatik ez dute publizitatzen errekuperazio zentroetara tirokatutako animaliak iristen direnean. Aldiz, animalia horietako batzuk suspertzen direnean eta berriz ere mendian askatzen dituztenean, orduan bai, orduan ederki publizitatzen dute.

Ehiztari kolektiboak harro aldarrikatzen du gizarteari egiten omen dion zerbitzua eta kexatzen da aitorpen-, ulermen- eta, are, errespetu-faltaz. Testuingu horretan, legez babestutako espezieak botatzea nola ulertu behar dugu?, albo-kalte saihestezin gisa? Gu, behintzat, ez gaude albo-kalte saihestezin gisa onartzeko prest. Horregatik, tiroz botatako hegaztien berri dugun heinean, salatzen ditugu publikoki, baita Fiskaltzan ere, horretarako aukera dugunean, behintzat. Eta horrelako kasuak ezagutzen dituztenak gauza bera egitera animatzen ditugu

Olaiaren kasua

Bizkaiko Basozainek asteazkenean Facebooken bidez jakinarazi zuten Gorlizera, Basafauna Berreskuratzeko Zentrora, Udaltzaingoak Muskizen hilik aurkitutako belatz handi bat eraman zutela.

Handik gutxira, Iñigo Zuberogoitia espezialistak jakinarazi zuen ez zela “edonolako belatza”, Olaia baizik:

Captura(Zoberogoitiak Facebooken Olaia eta bere bikotekide Jose Luisen argazkiak eta informazio gehiago argitaratu ditu).

Esan bezala, Olaia ez da Bizkaian denboraldi honetan tiroz hil duten harrapari bakarra. Urriaren 28an jakin genuen, berriro ere Bizkaiko Basozainen bidez, Gorlizko zentrora honako belatz gorri hau eraman zutela:

74620981_1215692985285120_1693121995513790464_o[1]Eta azaroaren 14an izan genuen, berriro ere Zuberogoitiari esker, oso zapelatz beterano baten berri:

IMG-20191114-WA0013[2]Espezie babestuak tiroz hiltzea zer puntutaraino da ohikoa edo kronikoa? Ikus dezagun…

Gorlizko Basafauna Berreskuratzeko Zentroak 2019an 20 urte egin ditu. Bi hamarkadotan, guztira, 17.021 ale artatu ditu, era guztietako espezietakoak, baina gehienak, 11.744, hegaztiak. Ale hauetako guztietako 502 tiro-zauriekin iritsi dira. Gure ustez, nahiko kopuru argigarria da.

Tiroz zaurituak iristen diren gehienak hegaztiak dira, noski, baina ugaztunak ere ez dira libratzen. Esaterako, Miguel Escribano zentroko arduradunak, uzatailean egindako elkarrizketa batean, kaskezurrean bi perdigoi zituen azkonar baten kasua aipatu zuen.

Lagun batek eman digu azken bost urteetan Gorlizko zentrora tiroz zaurituak iritsi diren “animalia ez-zinegetikoen” zerrenda. Lagunak, halaber, Aldundiko Nekazaritza Sailetik jaso du (informazio-eskaera formala egin ondoren). Hona hemen:

14-1516-18 Zerrendatik honako ondorioak atera daitezke:

- Gehienak hegaztiak dira.

- Gehienak harrapariak dira, guztiak legez babestuak.

- Baina gehienak harrapariak direla egia izanda ere, egia da ere ehiztari delitugileek edozeri egiten diotela tiro, berdin zaie zikoina handia edo negu-txirta txikia.

- Hegazti horiei “nahi gabe” tiro egin izanaren aukera hutsaren hurrengoa da. Zer espezie znegetiko edo “ehizagarriarekin” nahastu dute kurrilo bat edo hontza handi bat?, pagauso batekin, akaso?

Hasierara itzuliko gara: sarraski horrekin amaitu behar da. Bide horretan, arazoa ikustaraztea eta salatzea ezinbesteko urratsak dira.

Eguzki, 2020ko urtarrila

La entrada Bi belatz handi eta zapelatz bat tiroz bota dituzte aste honetan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/