2022-08-03 21:44

Iturria: N. G.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak joan den astean argitaratu zuenez, Ura Agentziak baimena eman dio Donostiako Basozabal golfari urtean 70.000 m3 ur ateratzeko hiru putzutatik, ur horrekin greena ureztatzeko.

Ez dakigu erabaki hori orain arteko egoera legeztatzera edo ura ateratzeko orain arteko baimenak zabaltzera datorren, baina horrek, idatzi honi dagokionez, ez du garrantzirik. Garrantzia du, ordea, baimen horren berri izan genuen egun berean, entzun geniola Ekonomia Garapeneko sailburu Arantxa Tapiari berriz ere esaka, ura aurrezteko eta, herritarrok kanila itxi egin behar dugula hortzak garbitzen ditugunean eta antzekoetan. Izan ere, energia-larrialdiaren aurkako neurrien aurkezpenean, herritarron konplizitatea bilatu nahian eta, aldi berean, herritarroi erantzukizuna pasatu nahian, Tapiak honelakoak errepikatu zituen: «Ez dugu ur hotzarekin dutxatzea eskatzen, baina agian eskuak garbitzea bai; edo txorrota ixtea hortzak garbitzean». Eta gogorazi zuen tona bat paper fabrikatzeko 14 zuhaitz eta 50.000 litro ur behar direla. «Jendea datu horiekin geratzea merezi duela uste dut», gehitu zuen.

Bada, datu horiekin «geratzeaz» gain, beste zenbait ere emango dugu: INEk berriki jakinarazi duenez, EAEko etxeetan, uraren batez besteko kontsumoa 97 litrokoa da biztanleko eta eguneko, Gauzak horrela, eta kalkulu txiki bat eginez, ondorioztatuko dugu golfa ureztatzeko baimendu berri duten ur kopurua 2.000 pertsonek urte osoan kontsumitzen dutenaren adinekoa dela. Hau da, gutxi gorabehera Añorgaren neurriko auzo bateko edo Ataunen neurriko herri bateko  bizilagunen kontsumoa. Beste modu batean esanda: urtean 70.000 m3 aurrezteko, Donostian erroldatutako 188.102 bizilagunetako bakoitzak bere kontsumoa (hortzak garbitzen dituenetan kanila itxiz eta) 361 litro murriztu beharko lituzke, ia litro bat urteko egun bakoitzeko, alegia.

Beraz, herritarren zati batek bere buruari galde diezaioke: zertarako ibiliko naiz kanila ixten hortzak garbitzean?, golf-zelaia ureztatzen jarrai dezaten?

Ez gaizki ulertu, e? Hortzak garbitzean kanila ixten jarraituko dugu, baina, era berean, erakundeen «propaganda berdea», azkenaldion greenwuashing deitzen duten hori, salatzen jarraituko dugu. Izan ere, erakundeek, alde batetik, herritarroi «erantzukizuna» eta ingurumena babesteko «keinuak» eskatzen dizkigute, baina, bestetik, jarraitzen dute sakontzen krisi klimatiko, ekologiko, sozial eta energetikoa ere sortu duten politiketan.

EGUZKI, 2022ko abuztua

La entrada Aurreztu ura hortzak garbitzen dituzunean… gure golf-zelaia ureztatzen jarrai dezagun aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/