2020-07-07 16:42

Maiatzaren hasieran Zubietako erraustegiko gunetik egindako isurketa kutsakor bat zeharo erreta utzi zuen Arkaitzerreka, Donostia eta Usurbil bitartean Oriara jaisten den erreka bat. Isurketa hura ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du Fiskaltzak, eta egin dituen ikerketa-diligentziak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali ditu, berau baita kasuaren ardura duena.

Honela erantzun die salaketa ipini zuten Anerrekari, Zubieta Lantzeni eta Eguzkiri. Orain, hiru elkarte hauek beraien burua herri-akusazio gisa aurkezteko aukera aztertzen ari dira.

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak (GHK) eta haren presidente eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ukatu egin zuten, hasieran, isurketaren sorburua erraustegiko gunea zenik. Laster, ordea, amoniako-isuri bat gertatu zela onartu behar izan zuten. Hori bai, erantzukizun osoa erraustegiko gunea kudeatzen duen enpresaren bizkar ipini dute. Izan ere, kontratuaren hiru arau-hauste larri leporatzen dizkiote: isurketaren berri ez ematea, isurketa ahalbidetu zuen kubetaren jatorrizko diseinua aldatu izana ez komunikatzea eta pH-metroak funtzionatzen ote zuen ez egiaztatzea. Honek ez du zerikusirik, noski, saldu nahi izan diguten erraustegi makulagabearen ereduarekin, non emisio kutsagarriak, airezkoak zein uretaratakoak, guztiz kontrol publikopean omen dauden. Ez da hain kontrol zorrotza izango baldin eta hori guztia, isurketa bera barne, oharkabean pasatu bazaie. Gogoratu isurketaren berri izan genuela herritar batzuek Arkaitzerreka ondotik pasa, hildako arrainak ikusi eta salatu zutelako. Salaketa publikorik gabe, ez litzateke inortxo ere enteretuko. Eta beharbada horixe gertatu da aurretik gertatutako isuri batzuekin. Beste isuri horien inguruko susmoak GHK-k berak hauspotu zituen, despistatuta edo, hasieran zabaldu zuen “ukaziozko” oharrean.

Zigor Kodearen 325. artikuluak berariaz jasotzen ditu, ingurumenaren aurkako delituen artean, uren kalitateari edo animaliei edo landareei funtsezko kalteak edo kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isuriak. Arkaitzerreka zeharo erreta geratu zen. Argien kaltetutako arrain-espezieetako bat aingira izan zen. Aingira suspertzeko plan bat dago, Europar Batasunak sustatuta, hain justu, espeziea gainbehera dagoelako.

Anerreka Ingurumen Elkartea

Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkartea

Eguzki Talde Ekologista

La entrada Arkaitzerrekako isurketa ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du Fiskaltzak, eta egin dituen diligentziak epaileari bidali dizkio aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/