2025-10-22 16:03

Agitiko kala, Igeldoko kostan, arrain-haztegi zaharrak okupatuta.

Baimenik gabeko lanak salatu ditu Eguzkik Agitiko arrain-haztegi zaharrean, Igeldon. Arrain-haztegia aspalditik dago abandonatuta eta hormazahartuta, baina orain Blue Reef Algae izeneko enpresa batek bertan algak ekoizteko proiektu bat aurkeztu du. Nolanahi ere, proiektu hori oraindik ez dago inolaz ere onartuta.

Eguzkik urriaren 7an egin zuen salaketa. Orain, Ura agentziak jakinarazi du enpresak urriaren 15ean aurkeztu zuela baimen-eskaera. Hau da, lanak martxan zeuden ez baimena lortu aurretik soilik, baita eskatu aurretik ere. Izan ere, enpresak baimena eskatu zuen bakar-bakarrik Urak egindako bisita baten ondorioz, eta, halaber, Urak bisita hori egin zuen Eguzkiren salaketaren ondorioz.

De facto edo egintza burutuen bidez jarduteko modu horrek ez du ezer onik iragartzen (1). Lehen ere adierazi genuen “harrituta” geundela. Izan ere, Eguzkik martxoan eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Agiti ingurumen aldetik behingoz leheneratzeko. Jaurlaritzak oraindik ez du erantzun. Blue Reef Algae, berriz, maiatzean sortu zen. Abuztuan aurkeztu zuen algak Agitin ekoizteko proiektua, eta Jaurlaritzak segidan, irailean, jendaurrean jarri zuen, nahiz eta nabarmena den proiektu hori oraindik osatu gabe edo/eta heldu gabe dagoela.

BADA GARAIA AGITI INGURUMEN ALDETIK LEHENRATZEARI EKITEKO, LEGEAK AURREIKUSI BEZALA

Arestian esan bezala, Eguzkik salaketa ipini zuen urriaren 7an, enpresaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea oraindik itxi gabe zegoela. Guk alegazioak aurkeztu egin ditugu, jakina (2). Nagusia honako hau da: BADA GARAIA LUZAMENDUAK ALDE BATERA UZTEKO ETA, BEHINGOZ, AGITI LEHENERATZEARI EKITEKO, LEGEAK AURREIKUSTEN DUEN BEZALA. Izan ere, dagoeneko urte gehiegi pasatu dira:

– 19 urte, arrain-haztegian jarduera bertan behera geratu zenetik; izan ere, haztegi horrek urte gehiago egin ditu jarduerarik gabe jardunean baino.

– 14 urte, Culmanor SAk itsas-lehorreko jabari publikoan eta haren babes-eremuan haztegia eraikitzeko lortu zuen baimena iraungi zenetik.

– 13 urte, Ura agentziak instalazio guztiak desmuntatu eta kala ingurumen aldetik leheneratzeari ekin behar zitzaiola esan zuenetik, parajearen “kalitaterari” erraparatuta.

Eta Legeak parajea leheneratu behar dela esateaz gain, leheneratze hori enpresak bere kontura egin behar duela ere esaten du. Izan ere, deigarria da urte hauetan guztietan administrazioek leheneratze-proiektu bat aurkezteko ere eskatu ez izana.

Nabarmendu behar da joan den maiatzean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak, bakoitzak bere aldetik, Jaurlaritzari eskatu ziotela “ahalik eta lasterren has daitezela Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko izapideak”.

EGUZKI, 2025eko urria

(1) Salaketa jaso ondoren aurkeztu duen baimen-eskaeran, enpresak argudiatu du lanak “premiazkoak” direla, azken urteotan lapurtutako elementuak berritu behar direlako eta bandalismoaren aurrean instalazioen segurtasuna babestu behar delako. Baina, egia esan, orain dagoen premia duela urte batzuk arrain-haztegia aurri-egoeran geratu zenetik dagoen premia berbera da, ez gehiago ez gutxiago. Desberdintasun bakarra da orain Blue Reef Algae enpresak negozio-espektatiba bat baduela. Espektatiba horrek sortzen du bat-bateko premia, baina ez du justifikatzen, noski, lanak baimenik gabe egin izana. Dena dela, Urak ontzat eman du enpresaren argudioa, Eguzkik eskatutako lanen geldialdia onartu gabe. Hori bai, argitu du lanak dagoenari eustera mugatu behar direla, proiektu berriari begira ezer aurreratu gabe. Izan ere, horrek baimen-espediente berri bat eskatzen du. Urak 2015ean agindu zuen itsasotik gertuen dauden bi piszina-ilarak kentzeko; berez, horiek dira “baimenduta” dauden lan bakarrak, baina, paradoxa bada ere, horiei ez diete ekin. Eguzkik Urari eskatu dio enpresari zigor-espedientea irekitzeko. Bestela, oso mezu argia bidaliko luke, honako hau: egin ezazue nahi duzuena; izan ere, inork ez badu egiten saihestu ezin dugun salaketa bat, ez dizuegu baimena izapidetzeko ere eskatuko; noalanahi ere, lasai, ze, eskatuta ere, ez du ondoriorik izango.

(2) Agitiko ingurumena behingoz leheneratzeko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari, luzamendu gehiagotan ibili gabe | Eguzki Talde Ekologista

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/