2020-11-29 00:22

Larreko Mahaiaren aurkezpen-egunean ateratako irudia.

Adi! Markatu ondo egutegian urtarrilaren 30a! Izan ere, egun horretan edo egun horren inguruan, ekologiaren alorrean lan egiten duten eragile guztiak batera, herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentroetan, klima- eta ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzeko deialdia egin du Larreko Mahaiak. Betiere tokian tokiko arazo lokaletatik krisialdi globala bistaratzea helburu.

Gainera, otsailaren 6an Zaldibarko hondamendiaren lehen urteurrena izango da. Zaldibar da Euskal Herrian ingurumen alorrean gauzak ongi egin ez diren eta ongi egiten ari ez diren adierazle garbia. Bada, urtarrilaren 30eko ekimenaren bitartez Zaldibarko salaketa ere indartu egin nahi da.

Parte hartu nahi baduzue edo informazio gehiago nahi baduzue:

larrekomahaia@gmail.com

Honako hauek osatzen dute Larreko Mahaia: ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future eta Extinction Rebellion. Berez, Gipuzkoa mailako plataforma da, baina urtarrilaren 30eko ekimenak Gipuzkoatik kanpo ere oso harrera ona izan du. Beraz, oso litekeena da azkenean Euskal Herri mailako ekimena izatea.

Hona hemen, oso-osorik, Larreko Mahaiaren deialdia…

“ZALDIBAR GOGORATUZ, ONDO BIZI ETA BIZITZEN UZTEKO, ALDA SISTEMA!” kanpaina herritarra

Larreko Mahaiak Urtarrilaren 30a bizi dugun klima eta ingurumen-krisia salatzeko ekintza egunarekin bat egiteko deia luzatu nahi die Gipuzkoako herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro guztiei.

Larreko Mahaia larrialdi ekologikoarekin kezkatuta gauden Gipuzkoako eragile sozial eta sindikalen elkargunea gara eta 2021eko urtarrilaren 30ean Gipuzkoako ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro gehienetan klima eta ingurumen-krisia salatzeko abiatuko dugun ekimenaren berri eman nahi dugu.

Agintari politikoek, orain krisi sanitarioaren aitzakia pean, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta krisia areagotzen jarraitzen dute, gainera, Europar funtsen inguruan gobernu zein enpresek baliatu duten politika kapitalisten zuriketa estrategia salatu nahi dugu. Beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu.

Hori dela eta, urtarrilaren 30ean, edota aurreko zein ondorengo egunetan, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egingo ditugu: hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta-martxak, kostaldean edo ibaietan plastiko-bilketak, zuhaitzak landatzea, ibilaldiak, proiektu erraldoiek mehatxatutako natur guneetan ekimenak, kontsumo basati eta merkatal gune handien aurkako kanpainak, turistifikazioaren salaketa…

Gainera, Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko urteurrena izango dugu. Zaldibarreko lekukoarekin argi geratu zen Euskal Herrian ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari. Beraz, larrialdi klimatikoaren aurrean herri aktibazioa sustatzea helburu duen ekimen honen bidez, Zaldibarreko zabortegiaren gertakizun larria oroitu eta berriro errepika ez dadin kalera ateratzeko arrazoietan sakondu eta sentsibilizazioa baliatu nahi dugu.

“Globalean pentsatu, eta lokalean ekin” leloak adierazi bezala,ezinbestekoa iruditzen zaigu krisi globala hemen bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea; gure garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa, ekoizpen sistema, lanaren banaketa edota ibaien saneamendu-politiketan.

Covid-19aren aurrean, bestelako jendarte eredu baten beharrizana ez ezik, posible dela ere mahai gainean jarri duten hamarnaka ekimen balioan jarri nahiko genituzke. Eta aurrerantzean ere bide horretan jarraitzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu: salaketa ez ezik, larrialdi ekologikoa eteteko alternatiba txiki zein handiak, herritik eta herriarentzat erein, josi eta elikatzeko erronka hartuko al du euskal gizarteak?

Beraz, elkarlanean, modu deszentralizatuan eta logika globala lokalean bistaratuz, ingurumen-krisi honi eraginkortasun handiagoz aurre egiteko abiapuntua ezarri nahi dugu: agitnari politikoen borondate eza eta elite ekonomikoen interesak kontrajarriko dituen herritar kezkatu eta ekintzaileon aktibazioa eta batera jotzeko abiapuntua. Bat egin dezagun, sistema aldatu eta eta bizitza erdigunean jarriko ditugun plazan!

LARREKO MAHAIA (ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Gurasos, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebellion).

La entrada Adi! Urtarrilaren 30ean klima- eta ingurumen-krisiaren aurrean denok batera aritzeko deialdia! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/