2020-06-05 10:41

Hurrengo ikasturterako plangintza berritzailerik ez egokiturik ez. Normaltasunera itzuli normaltasuna arazoa denean.

 

Hezkuntza Sailak, berriro ere, datorren ikasturteari begira prestatu duenaren berri, inorekin adostu edo hitzik egin gabe, hedabideen bidez zabaldu du. Ohituta gaituen moduan. Eta bere plana (edo hobe esanda "ez plana") ezer gertatu izan ez balitz bezela, lehenengora, "alarma egoera" aurrekora itzultzea da! Moldaketarik ez egokitzapenik gabe, balizko larrialditarako plangintzarik gabe, hausnarketarik gabe, hezkuntza ereduaren eta baliabideen erreformarik gabe!

 

Hurrengo ikasturteari begira, koronabirusaren edo antzeko birus baten balizko gorakada bati aurre egiteko, Hezkuntza saileko arduradunek ikastetxe bakoitzeko baldintzei egokitutako segurtasun/osasun planik ez protokolorik ez dute prestatu; eraikinak, baliabide teknologikoak zein lantaldeak egokitzeko aurreikuspenik ez dute egin eta konfinamenduan zehar inoiz baino argiago nabarmendu diren eta Jaurlaritzak zein Madrilgo gobernuek hezkuntzan urteetan burututako murrizketen zein "berrikuntzen" ondorioz larritu diren gabeziei eta arazoei irtenbiderik emateko borondaterik ez dutela argi utzi dute. 

 

Jaurlaritzaren helburu bakarra, COVID19aren krisialdi osoan zehar izan den moduan, hauteskundeei begira balizko hautesleei normaltasunera itzultzen ari garela saltzea eta aurrekontuak ikutu gabe, enpresa handiei kalterik txikiena bermatuz eta agintariek lan askorik egin gabe aurrera ihes egitea izaten ari  da.

 

Laburbiltzeko: aurreikuspenik ez, hausnarketarik ez eta behar zein eskakizun pegogikoekiko zein sozialekiko sentsibilitaterik zein interesik ez.

 

Berriro ere EAJ-k eta PSE EE-k osatzen duten Jaurlaritzak  hauteskundei eta negozio handiei lehentasuna ematen die, normaltasuna eta kudeaketa bikainaren irudia gizarteari saltzen dio eta hezkuntza ereduak (EAEko zerbitzu publiko ereduak osoak ere) behar dituen erreforma eta aldaketa sakonak sahiesten dituzten bitartean...gizarte osoaren ongizatearen eta etorkizunaren kalterako.

CGT-LKN sindikatu libertarioan, Bizkaiko lurralde historikoko Ikastetxe publikoetako langileak biltzen dituen sail sindikala.