2020-05-12 23:09

Orain arte Hezkuntza Sailak COVID19aren krisialdia abiatu zenetik Hezkuntza Komunitatea osatzen dugun eragile guztiekin hitz egin eta adostu gabe aurrera eraman duen kudeaketarekin oso kritikoak izan bagara ere azken orduetan hartutako erabakia positibotzat hartzen dugu. Printzipioz, gu ikastetxeak ikasturte honetan irekitzearen aurka gaude, egungo eraikinek ez dituztelako beharrezko baldintza minimoak betetzen, egoera berezi honetara egokitutako segurtasun eta osasun protokolo eraginkorrik zein izatekotan hoiek aurrera eramateko baliabiderik ez dagoelako (maskarilak, eskularruak, testak, termometroak, osasungintzako langile bereziak, egokitutako komunak eta espazio komunak, desinfekzio nahikoak eta jarraiak egiteko garbiketa ekipoak,etabar), dagoeneko hezkuntza prozesua eta ikasturte amaiera telematikoki garatzeko plangintzak abian direlako eta ondo gauzatzen ari direlako eta ikasleek zein haien familiek eta irakasleek honetara egokitzeko ahalegin itzela egin dugulako. Hori bai, hurrengo ikasturteari begira egoera berri honi bermeekin aurre egiteko egokitzapen guzti hauek aurreikusteari eta hoiek gauzatzeko beharrezko plangintzak, protokoloak eta aurrekontuak prestatzen hasteari ere ezinbestekotzat irizten diogu. Beti izango gara Ikastetxeen eta lantaldeen autonomiaren alde. Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak, bertoko komunitatea osatzen duten gurasoekin, langileekin eta ikasleekin bat enginda, zentru bakoitzeko ezaugarriak eta hoiek oraingoa bezelako egoera bereziek eskatzen dituen segurtasun eta osasun baldintza zorrotzetara egokitzeko beharrezko baliabideak, baldintzak eta epeak inork baino hobeto ezagutzen dituelako. Baina ikasleon zein langileon osasunarentzat eta segurtasunarentzat egun dagoen kutsatze arriskuaren aurrean ikastetxetan jarduera presentziala ahal den neurrian ekiditzearen edo minimoetara murriztearen aldekoak gara: telematikoki burutu ezin direla irizten diren berreskurapen, ebaluazio edo indartze jarduerak gauzatzeko edota ordenagailurik edo baliabide digitalik ez duten ikaslei arreta eskeintzeko.

CGT-LKN sindikatu libertarioan, Bizkaiko lurralde historikoko Ikastetxe publikoetako langileak biltzen dituen sail sindikala.