2020-07-15 10:54

CGT-LKN sindikatuan urteak daramatzagu gure sektorean epe luzeko interinoek jasaten duten egoera etsipengarriagatik arduratzen eta hura salatzen (egonkortasun minimorik eza, urteetan batetik bestera ihardunaldi ⅓ edo ½ ak betetzen puntuak eskuratzeko, sindikatu handien eta funtzionarioak diren lankideen babesik gabe, laneko zein etxeko beharrengatik oposaketak ondo prestatzeko aukerarik gabe, oposaketen edukien zein xedeen aldaketak, gure jardunaren errealitatearekin lotura gutxi duten frogekin…).

 

Baina azken urteetan espainiar estatuko administrazio publikoetan antzeko baldintzak jasaten dituzten hainbat langile publikok egonkortasun berme minimo batzuk lortzeko antolatzen eta borrokatzen hasi dira, eta Europako auzitegietara jo dute. Eta 2020ko martxoaren 20ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak espainiar estatuko epe luzeko interinoen egoera bidegabea eta iruzur bat dela adierazi du eta langile hauei “ez finko mugagabe” (“indefinido no fijo”) izaera aitortu die.

 

Europar sententzia horren babespean estatuko hainbat auzitegitan helegiteak aurkeztu dira eta hoietako batzuk aurrera atera dira; esate baterako CGTk Alicanteko udal langile baten alde aurkeztutakoa (Sentencia 252/2020 del Juzgado de lo Contencioso Administrativo Nº 4 de Alicante).

 

CGT-LKN sindikatuko Hezkuntzako sail sindikaletik Hezkuntza Publikoaren alorrean ez daukagu helegite kolektibo bat aurkezteko beharrezkoa den ordezkapen ofizialik, hortaz helegite indibidualak aurkezteko asmoa duten langilei (nahiz eta gure sindikatuko kide ez izan), gure abokatuaren eta sailaren laguntzarekin, irailean helegiteak aurkezten lagundu nahi diegu.

 

Gure asmoa uztailean eta abuztuan helegitea aurkezteko asmoa duzuenokin harremanetan jartzea eta bilera batzuk egitea litzateke. Gero abokatuaren esku agiriak utzi, banan banan hark kasu bakoitza aztertu eta prestatu dezan, irailean helegite indibidualak gizarte esparruko Bizkaiko auzitegian aurkeztu ahal izateko.

 

Ekimen eta informazio hau zuen interesekoa baldin bada konpromezurik gabe gurekin harremanetan jarri eta haren berri zabaltzen lagunduiguzu.

CGT-LKN (Bizkaia)

HEZKUNTZAko Sail sindikala

Bailén, 7 – solairuartea – 2, 3 eta 4 48003 BILBO        Tfnoa - Faax: 94-416.95.40

hezkuntza@cgt-lkn.eus       cgtbilbao@cgt-lkn.org

www.cgt-lkn.org/bizkaia/hezkuntza

 

 

CGT-LKN sindikatu libertarioan, Bizkaiko lurralde historikoko Ikastetxe publikoetako langileak biltzen dituen sail sindikala.