2020-05-11 14:07

CGT-LKN sindikatutik COVID19 delako izurritearen aurrean E.A.E.ko Hezkuntza Sailak egin duen kudeaketaren aurrean zuokin gogoeta eta hausnarketa batzuk partekatu nahi ditugu.

Ikastetxeen itxieraren inguruan: Madrilen, eta geurera etorrita, Gasteizen eta Balmasedan gertatutakoaren aurrean Ikastetxeak ixteko erabakia BERANDU hartu zen; DBHko 2. Ebaluazioarekin lotutako eginbeharrak osatu arte itxaron zelaren susmo sendoa dugu (ebaluaketa bileren emaitza zein akta guztiak zuzendu eta bildu eta nota-buletinak banatu arte). Itxiera INPROBISATUA eta ARDURAGABEA izan zen. Batetik ikasle guztiak etxera bidali zirelako haien zaintzaz arduratu behar zutenei (hoien artean hezkuntzako langile asko) sortarazten zitzaizkien problematika larriei erantzuteko inolako neurririk kudeatu gabe eta ondorioz adingabeko hoien zaintza bermatzeko gaitasuna kolokan jarriz. Bestalde hezkuntzako langileoi itxitako ikastetxetara lan egitera behartu izana, langileak kutsatzeko arrisku larrian jartzeaz gain, haiei etxeratuta zituzten seme-alaben zaintza bermatzeko arazo larriak sortarazi zizkien.

Lanaren antolaketaren inguruan: Egoerak berak eta Hezkuntza Sailak on-line lan egitea inposatu digu, baina Sailak hura behar bezela burutzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesu anitzei egokitutako baliabide teknologikorik ez material didaktikorik ez digu eskeini, berriro ere multinazional handien menpeko produktuak erabiltzera eta gure kabuz materiala zein lan egiteko modu guztia moldatzera derrigortuta gaudelarik (behar bereziak dituzten ikasleetaz edota baliabide teknologikoak eskura ez dituzten ikasleetaz hitz egiten ez luzatzearren). Digitalizazioarekin batera bete beharreko agiri eta txantiloi kopurua neurrigabe hazi da, gure jarduera didaktikoa egokitzeak suposatu duen lan kargaren handitzea bikoiztuz.

Hezkuntza Sailetik ez digute jarraibide askorik ematen, eta ematen dituztenetan kontraesanez beteta datoz. Malgutasunaz, egokitzapenetaz hitz politak esaten dira baina aldi berean Ikuskarien bitartez ohiko ordutegiak betearazi nahi dizkigute!

“Arrakala digitala” delakoa ez da kontutan izan, ez ikasleen ez irakasleen kasuan; etxe askotan ordenagailu bakarra dago eta familiako kide guztien artean partekatu beharra dago, harrera etxeetan bizi diren ikasleak ere egoera berean daude; hainbat etxetan ordenagailurik edo Interneterako loturarik ez daukate… Guzti honen aurrean Hezkuntza Sailetik irakasleon egoera pertsonalen eta familiarraren aurrean ez dute enpatia eta malgutasun askorik erakustsi. Guk ez dugu telelana egitea aukeratu, etxean behartuta itxita gaude ohiko lanaz gain gure seme-alaben zein adinekoen zaintza burutzen.

Eta egoera okertzeko, Hezkuntza Saila “alarma egoera” indarrean jarri zenetik gertatzen ari ziren bajak (amatasunarekin edo erretiroekin lotuta daudenak izan ezik) ez zituen bete apirilaren 23a arte, irakasle taldeen, ikasleon eta ordezkapen zerrendetan dauden lankideon kalterako. Eta egin duenean sindikatuen presioagatik izan da.

Berandu eta jada irakasleok abiatutako lan ildoak kopiatuz, hezkuntza komunitateko eragileekin ezer hitz egin eta adostu gabe eta larriena ikastetxeen autonomiaren izenean, erabaki eta neurri zehatz pottoloak praktikan garatzea ikastetxeetako zuzendaritza taldeen lepo gainera botata, Hezkuntza Sailak ikasturte amaiera arautzeko “Hezkuntza plana” aurkeztu zuen.

Eta orain, berriro ere inorekin adostu gabe, oraindik COVID19aren krisialdian sartuta gaudelarik, interes ekonomikoak eta propagandistikoak lehenetsita eta inolako arrazoi pedagogikorik gabe, gurasoak lanera itzuli ahal izateko eta zikloak amaitzear dauden ikasleei sasizko irtenbide bat emateko zein normaltasun itxura hedabideetan saltzeko, azaleko neurri gutxi batzuk hartuta ikastetxeak aurreko baldintza paretsuetan irekitzea inposatu dute, guztia kudeatzea tokian tokiko zuzendaritza taldearen lepo gainera botata...ratioak ikutu gabe, lan taldeak indartu gabe, langile askori aldi berean lan presentziala eta telelana egitera behartuz, eraikinen desinfekzioa nola gauzatuko den zehaztu gabe, desegokiak diren eraikin bertsuetan, langileoi zein ikasleoi testak egiteko eta osasuna bermatzeko protokolorik zehaztu gabe, nerabeen arteko distantziak nola arraio mantenduaraziko ditugun zehaztu gabe, etabar. Itxialdiaren amaierarekin ados ez egoteko eta hari aurre egiteko gure arrazoiak hainbat eskoletako eta institutuetako zuzendaritza taldeek plazaratutako adierazpenetan jasotakoekin bat datoz.

Baina haren politikaren ardatza marketinean, negozioan eta zerbitzu publikoen murrizketa jarraietan oinarritu duten gobernuko alderdien aldetik, hauteskundeak eta ekonomia gizakion osasunaren eta ongizatearen aurretik jartzen duen gobernu baten aldetik ezin genuen besterik espero. Jaurlaritzak, herri honetako langile publikoen profesionaltasunari, ahaleginari eta erantzunkizunari zein familien ahalegin itzelari esker berriro ere bere kudeaketa negargarriaren ondorioak ezkutuan gorde nahi ditu.

Bizkaiko CGT-LKNko Hezkuntza Publikoko langileon sail sindikala

CGT-LKN sindikatu libertarioan, Bizkaiko lurralde historikoko Ikastetxe publikoetako langileak biltzen dituen sail sindikala.