Euskararen egoera ez da ona, ez da nahiko genukeena , argi dago. Hizkuntzan nahiz nazio eta klase kontzientzian geldotze aro bat bizi dugu. Ahots kualifikatu eta ikerketa ugarik diote euskararen etorkizuna kezkagarria dela. Aurten ospatuko den Korrikak Euskarak pizkunde berri bat behar duela aldarrikatuko du eta EHEko bezalako eragileek euskararen aldeko olatu berri bat sortzea eskatu dute. Guk ere Euskararen aldeko borrokarako deia egin nahi dugu Abenduaren 3 honetan.
Euskararen eta euskal kulturaren galera ez da gertakari isolatua, ezta denboraren joanaren ondorio naturala. Prozesu hori ulertzeko, beharrezkoa da kapitalismoaren eta inperialismoaren garapen historikoan kokatzea. Kapitalismoaren ezarpenarekin, ekoizpen-modu berriak eta merkatu bakarra ezarri ziren, eta horren ondorioz, hizkuntza eta kultura ez-hegemonikoak —euskararen kasuan bezala—baztertuak izan ziren. Burgesiak, nazio-estatuaren bidez, uniformizazio politiko eta kulturalaren bitartez bere boterea sendotu zuen, eta horretarako hizkuntza ofizialak—gaztelania eta frantsesa— erabiliz, klase dominatzailearen ideologia nagusi bihurtu ziren.
Euskararen zapalkuntza, beraz, ez da soilik politikoki bideratutako eraso bat, baizik eta sistema kapitalistaren egiturazko ondorio logiko bat ere bada. Estatua zentralisten ekintza politikoen ondorioz ere Euskara azpiraratua izan da. Espainiako eta Frantziar estatu inperialistek historian zehar euskararen
aurkako politika sistematikoak eta errepresiboak ezarri dituzte: hizkuntza
debekatuz, hezkuntzan-administrazioan eta lan-merkatuan euskara baztertuz eta marginatuz , komunikabideetan erdara nagusituz, etab.
Helburua argia izan da: herri langilearen nortasun kolektiboa desegitea , masa-subjektu otzan eta kontsumitzaile bihurtzea eta Euskal Herrian Espainiar edo Frantziar identitate nazional uniformea inposatzea.
Imperialismoaren aroan, kultura hegemonikoaren inposizioak kapitalaren metaketa-prozesua errazten du, nazio txikien autonomia kultural eta ekonomikoa suntsituz. Horrela, euskararen galera ez da bakarrik hizkuntza baten galera, baizik eta herri baten berezko adierazpen kulturalaren desagerpena, zeinak bere askapenaren oinarriak ahultzen dituen.
Horregatik, euskararen eta euskal kulturaren defentsa ezin dira ulertu ikuspegi
kulturalista edo identitario huts batetik bakarrik. Marxismo-leninismoaren ikuspegitik, hizkuntza eta kultura herriaren borroka-arma dira, ez soilik nortasunaren adierazpen sinbolikoa. Euskararen biziraupena eta berpizkundea loturik daude Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialarekin, hau da, kapitalismoaren aurkako borroka antolatuarekin.Euskara bizirik mantentzea, azken batean, Euskal Herriaren existentzia historikoaren defentsa da.
Hau honela, euskararen defentsa eta berpizkundea ezin dira soilik ikuspegi kultural edo folkloriko batetik ulertu, baizik eta nazio- eta klase-askapen prozesu zabalago baten parte gisa, non hizkuntza eta kultura herri langilearen Borroka-iraultzailearen tresna bilakatzen diren.
Naziogintza eta herrigintzarako euskararen borrokak lehentasunezko garrantzia dauka hizkuntza komun baten gabeziak nazio-kohesioa ahultzen duelako. Azken finean, konpromisoa, erabilera, militantzia eta politika eraginkorrez gain Euskarak ere iraultza behar du. Goazen gauzatzera, ausartu gaitezen.