2025-12-03 09:33

 

Aparteko orduen artikuluan azaltzen denez, hainbat kolektibo aparteko orduak egitetik salbuetsita daude. Horietako bat jardunaldi partzialaz kontrataturik dauden langileak dira. Baina, Bilintxek idatzi bezala, JA-JAI! Zelan egingo dio patronalak uko goxoki honi? Langileak jardunaldi partzialaz kontratatu eta, bere interes edo komenentziara, jardunaldi askoz luzeagoak egitera behartzeari, alegia? Horretarako, badira ordu osagarriak!

 

 

Ordu osagarrien motak

 

Ordu osagarriak Langileen Estatutuko 12.5 artikuluan arauturik daude. Bertan mota bi bereizten dira:

 

— Itundutako ordu osagarriak

Normalean, kontratua sinatzen denean ordu osagarrien ituna ere sinatzen da. Hau da, enpresak paper bi ematen dizkizu sinatzeko: jardunaldi osora heltzen ez den kontratua eta ordu gehiago egitera behartzen zaituen ituna. Edozelan, baliteke ordu osagarrien ituna gerora sinatzea eta kontratuari eranstea.

Itundutako ordu osagarrien gehienezko muga: ordu arrunt kopuruaren %30. Horixe da Langileen Estatutuak ezartzen duena, baina Estatutuak berak atea zabaltzen du hitzarmen kolektiboetan muga hau bikoizteko, hau da, %60ra heltzeko.

 

— Borondatezko ordu osagarriak

Itundutako ordu osagarri hauetaz gain, enpresak aukera dauka “borondatezko” ordu osagarriak ere “eskaintzeko”. Horrela deitu ditugu, baina jakin badakigu aurretik jartzen diguten hori ez onartzearen alternatiba lanik ez egitea izaten dela sarri-askotan. Ez gara nekatzen errepikatzeaz, edozein urraketaren edo mehatxuren aurrean, sindikatuko ateak zabaldik dauzkazue.

Edozein kasutan, legez borondatezkoak dira eta, enpresari ezezkoa emanez gero, honek ezingo luke zehapenik ezarri.

Kontratu mugagabea daukaten langileek baino ezin dute honelako ordurik sartu.

Borondatezko ordu osagarrien gehienezko muga: ordu arrunt kopuruaren %15. Hitzarmen kolektiboaz muga hau %30era handitu daiteke.


Izan kontuan ordu osagarriak egin ahal izateko, itundutakoak zein borondatezkoak, jardunaldi arrunta, gutxienez, 10 ordukoa izan behar dela (10 ordu astean).

 

⇒ Adi! gehieneko muga hauek konplementarioak dira. Honela, egin ahal diren ordu osagarriak jardunaldiaren %45era hel daiteke (%30 itundutako orduekin + %15 borondatezko orduekin) eta hau hitzarmenean %90era hel liteke (%60 + %30).

 

 

Zenbat ordu osagarri egin daitezke praktikan?

 

Oraintxe komentatu ditugu zeintzuk diren ordu osagarrien gehienezko mugak. Baina, zer esan nahi du horrek praktikan?

Demagun 10 orduko kontratua daukagula:

Itundutako orduak %30era hel daitezke; honek esan nahi du astean 3 ordu gehiago egin ditzakegula. Hitzarmenak kopuru hau %60ra igoko balu, 6 ordu izango lirateke.

Bestetik, borondatezko ordu osagarriak, Estatutuaren arabera, %15era hel daitezke: 1,5 ordu gehiago, hortaz. Baina hitzarmenak %30era altxatuko balu, 3 ordu gehiago izango lirateke.

Beraz, astean 10 orduko jardunaldia, praktikan ia bikoiztu daiteke eta 19 ordutara heldu. Eta hau guztia legea urratu barik.

Hementxe daukazue taula bat. Ez erreparatu dezimal eta horrelakoetan, kasu konkretu bakoitzean enpresak doituko luke; gainera, ez da beti gehienezko muga eskatuko. Taula honen helburua da erakustea zelan luza daitekeen jardunaldi partzial bat, harik eta, erraz asko, jardunaldi oso bihurtu.

 

 

Ikusten duzuenez, hainbat gelaxkatan 39 ordu agertzen dira (kalkuluaren arabera, gehiago izan arren). Kontua da jardunaldi partzialeko kontratuaz arituz gero, galarazita dagoela jardunaldi osoa egitea eta, hortaz, jardunaldi osoa 40 ordu badira, gehienez, 39 ordu sar litekeela. Hori da legeak dioena, errealitatea beste gauza bat da.

Azken batez, esaten genuenez, legeak aukera ematen du jardunaldi partzialeko langileek jardunaldi osoak egiteko praktikan, baina, gainera, baldintza txarragoetan, ordu osagarriek ez baitaukate ordutegi zehatzik eta, hortaz, enpresaren apetara egon gaitezkeelako, nahi duen momentuan sar ditzagun, honek gure bizi pertsonalari dakarzkion arazo, oztopo eta ziurgabetasunarekin.

 

 

Aurreabisua

 

Izan ere, Langileen Estatutuak dakarrenez, langileak jakin beharko luke 3 egun lehenago, gutxienez, ze egunetan eta ordutan sartu behar dituen ordu osagarri horiek (idatziz komunikatu behar digute). Hala ere, aukera ematen da hitzarmenak epe hauek laburtzeko eta puntu honetan ere, praktikan, badakigu askotan jakinarazpenak egun batetik bestera izaten direla eta, gainera, ahoz.

Baina, adi! aurreabisu hau itundutako ordu osagarrietarako baino ez da. Borondatezko ordu osagarrien kasuan Estatutuak ez dio ezer, hau da, ez du aurreabisura behartzen.

 

 

Atsedenaldiak

 

Ordu osagarriak izan arren, atsedenaldien inguruan ezarrita dagoena errespetatu behar da:

– Jardunaldi batetik bestera, gutxienez 12 ordu pasatu behar dira
– Egunean ezin dira 9 ordu baino gehiago sartu
– Gauez lan eginez gero, jardunaldia ezin da zortzi ordu baino luzeagoa izan
– Asteko atsedenaldia, gutxienez, egun eta erdikoa izan behar da
– Jardunaldia sei ordutik aurrera luzatzen denean, 15 minutuko atsedenaldi bat izan behar duzu, gutxienez

Jardunaldi eta atsedenaldi muga hauek Langileen Estatutuaren 34.3, 34.4, 36.1 eta 37.1 artikuluetan daude ezarrita.

 

 

Zenbat kobratzen da ordu osagarriengatik?

 

Aparteko orduek (“ordu estrek”) ordu arruntek baino kostu handiagoa daukate, baina ordu osagarrien kasuan ez da horrela: ordu arrunt moduan ordaintzen dira.

Hori bai, eta hau oso inportantea da, nominan agertu behar dira eta kotizazio oinarrien barruan sartu behar dira. Honek esan nahi du egiten ditugun ordu osagarri horiek kontuan izango direla, esaterako, gabealdietarako (“periodo de carencia”), hau da, prestazioak jasotzeko eskatzen diren gutxieneko kotizazioetarako.

Jakiteko enpresa ordu hauengatik kotizatzen ari den, lehengo eta behin, begiratu nominan. Bertan agertu beharko litzateke zenbat ordu izan diren eta zein izan den ordainketa. Ez bada argi azaltzen eta egin dizuten ordainketa “hainbat osagarri/complementos varios” edo antzeko izenen batekin badator, seguruenik iruzurren bat egiten ari dira. Ondo konfirmatzeko, zure kotizazio oinarrien txostena eska zenezake Gizarte Segurantzan.

 

⇒ ADI! Ordu osagarriek kotizatzen dute, baina ez dute partzialitate koefizientea handitzen.

Adibidez, zure jardunaldia 20 ordu astean badira, zure partzialitate koefizientea %50ekoa izango litzateke. Agian 10 ordu osagarri sartzen dituzu astean, baina honek ez luke zure partzialitate koefizientea igoko, hau da, ez litzateke islatuko hainbat prestaziotan.

Honela, esaterako, langabeziagatiko prestazioa eskatu behar baduzu, %50eko jardunaldiari dagokiona egokituko litzaizuke eta ez %75eko jardunaldiari legokiokeena (praktikan egiten duzun jardunaldiari legokiokeena, alegia).

 

 

Uko egin ahal zaio ordu osagarriak egiteari?

 

— Itundutako ordu osagarriak:

Langileen Estatutuak zera dakar, ordu osagarrien ituna bertan behera utz dezakegula, urtebete pasa ondoren eta honako arrazoiren batengatik:

  • Zaintza betebeharrengatik: 12 urtetik beherako umeak edo desgaitasuna daukaten eta lanik egiten ez duten senideak (Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan zehazkiago azaltzen diren familia erantzukizunengatik)
  • Prestakuntza beharrengatik, ordutegiak bateraezinak balira
  • Jardunaldi partzialeko beste kontratu bat badaukagu eta ordutegia bateraezina bada.

15 egun lehenago abisatu beharko genuke. Hobe idatziz eginez gero.

Bestetik, enpresak ez balitu beteko ordu osagarrien inguruko arauak (itun batean idatziz jasotzea, hiru egun lehenago abisatzea, ahal duen baino portzentaje handiagoa eskatzea…), uko egin geniezaioke eta ezingo ligukete zehapenik ezarri.

 

— Borondatezko ordu osagarriak

Suposatzen da hauek, “borondatezkoak” direnez, ezetza eman dezakegula edozein kasutan.

 


 

Ikus dezagun hau guztia taula batean bilduta:

 

 

Amaitzeko…

 

Ordu osagarriak 1998an sortu ziren (honezkero indarrean ez dagoen 15/1998 Dekretuaz). Ordudanik, legedia aldatzen joan da, baina ez nahiko genukeen norabidean. Izan ere, desarauketa eta malgutasuna areagotu da: erabilera zabaldu, aurreabisurako denbora laburtu, kontratu mugagabeetan ez ezik, aldi baterako kontratuetarako ere ezarri, “borondatezko” ordu osagarriak ere sortu, gehienezko muga handitu…  

Sorrera eta aldaketak PPren gobernu ezberdinen eskutik etorri ziren, Aznar lehendik, Rajoy gerora. Izan ere, azken aldaketak PSOE derogatu behar omen zuen lan erreformak ezarri zituen. Baina beste hainbat neurri kaltegarrirekin batera, bere horretan dirau. PSOEk ez du sekula asmorik izan esplotazio modu honi eskurik sartzeko.

Enpresei primeran etortzen zaie ordu osagarrien bitarteko hau. Honela, malgutasun maila handiak izan ditzakete eskura, aparteko kostu ekonomikorik gabe. Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileek, euren aldetik, ordu osagarriekin diru-sarrerak handitu ahal dituzte, prekarietatea eta soldata baxuak bereziki pairatzen dituen langile kolektiboa denez gero. Gogora dezagun, gainera, jardunaldi partzialaz aritzen diren langileen gehiengo handi batek jardunaldi osoz lan egin nahiko lukeela.

Edozelan, ordu osagarriek prekarietate dinamika areagotu baino ez dute egiten: ordu osagarriekin soldata osatzeak ez digu ziurtasunik edo egonkortasunik ematen, ohiko jardunaldia ez direnez, ez dakigulako egoera denboran luzatuko den; gainera, ordu osagarriak enpresak nahi edo behar duenean egin behar ditugunez, ez gara gure denbora librearen jabeak, eta zer esan balizko “borondateaz”. Kontziliazioan eragiten dute zuzen-zuzenean, bizi proiektuak eragozteaz gain. Gainera, ordu osagarriek ez dute partzialitate koefizientea aldatzen eta, hortaz, hainbat prestazio, hala nola, langabezia, askoz baxuagoak izango dira, nahiz eta, praktikan, ordu gehiago lan egin.


Hemen azaldu dizuegu zer dakarren legeak eta, horrekin batera, denok dakigula legea askotan urratzen dela. Baina ohitura bihurtu izanak ez du esan nahi onartu edo etsia hartu behar dugunik. Beti esaten dugunez, gure eskubideak defendatu ahal izateko, lehen pausoa da eskubide horiek ezagutzea. Eta iruzurra egiten badizute, izan seguru ez zarela enpresako bakarra. Antolatu eta egin indar!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer da lan kontratua?

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer dira aparteko orduak?

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus