ARGIA.eus

2022ko azaroaren 28a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-11-23 17:40

 

2018/03/20
Azken eguneraketa: 2022/11/22

 

Lan harremana amaitzen denean (arrazoia edozein dela ere), enpresak langileari zenbait kantitate zor dizkio. Orduan, enpresak proposamen bat egin behar du idatziz eta bertan azaldu zeintzuk diren ordaintzeko falta dituen kantitateak. Horixe da finikitoa edo kitatze-agiria: langilearekiko zorrak kitatzeko dokumentua, hain zuzen.

 

 

Finikitoa eta kalte-ordaina ez dira gauza bera

Finikitoa eta kalte-ordaina ez dira gauza bera, nahiz eta kontzeptu biak kontratu bukaerarekin lotuta egon. Esan dugun bezala, finikitoan enpresak oraindik zor dizkigun kantitateak islatu behar ditu, zor horiek guztiak kitatzeko. Lan harremana amaitzen den kasu guzti-guztietan finikitoa jaso beharko dugu. Berdin da lan harremana amaitzeko erabakia enpresak hartu duen (kaleratzea), erabaki hori guk hartu dugun (borondatezko baja) edo, besterik gabe, aldi baterako kontratua bukatu den.

Finikitoan islatzen diren kantitateak jadanik irabazi ditugu, nahiz eta oraindik ez ditugun kobratu.
Kalte-ordainak, ordea, nolabait esateko, “konpentsazio” izaera dauka.

Kalte-ordaina kasu bitan jasoko dugu:

— Kaleratzeetan. Kalte-ordaina ezberdina izango da kaleratze motaren arabera. Honela, kaleratzea objektiboa izan bada, 20 soldata egun egokituko zaizkigu, lan egindako urte bakoitzeko. Bestetik, kaleratzea bidegabea izan bada, 33 egun izango dira, lan egindako urte bakoitzeko.

Bada salbuespen bat: diziplinazko kaleratzeak. Diziplinazko kaleratzeetan ez dago kalte-ordainik; horrexegatik, enpresa askotan langileak modu honetan botatzen ahalegintzen dira, nahiz eta arrazoirik eman ez izana.

— Aldi baterako kontratua amaitzen denean. Hau ez da, bere horretan, kaleratzea, baina, hala ere, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dugu. Kasu honetan, 12 egun jaso beharko ditugu lan egindako urte bakoitzeko.

Honetaz gehiago jakin nahi baduzu:

Zer azaldu behar da finikitoan?

Finikitoa derrigorrezko dokumentua bada ere, ez dago eredu ofizialik. Bere helburua zorrak kitatzea da, baina zeintzuk dira zor hauek?

• Enpresak langileari zor dizkion kantitateak:

— Kontratua amaitu den hilabetean lan egindako egunetako soldata. Hau da, lan harremana hilaren 20an amaitu bada, esaterako, lan egindako 20 egun horietako soldata.

— Aparteko pagen zati proportzionala. Urtean lan egindako denborari aparteko pagen ehunekoa edo zati proportzionala dagokio.

— Hartu ez dituzun oporrak. Demagun maiatzean amaitu dela lan harremana: urtean 30 opor egun hartzeko eskubidea badaukazu, hau da, hilabete bakoitzeko 2,5 opor egun, urtarriletik maiatzera lan egindako denboragatik, 12,5 opor egun dagozkizu. Enpresak opor egun horiek ordaindu behar dizkizu.

— Aparteko orduak. Jadanik egin dituzun, baina enpresak oraindik ordaindu ez dizkizun aparteko orduak.

— Plusak edo bestelako pagak. Zenbait hitzarmenetan irabazien edo produktibitatearen araberako plusak ezartzen dira. Hauen zati proportzionala ere agertu beharko litzateke finikitoan.

– Bestelako kantitate batzuk, hala nola, kaleratzeetan aurreabisuko 15 egunak bete ez izanagatik. Kaleratze gehienetan (diziplinazko kaleratzeetan ez da derrigorra) enpresak 15 eguneko aurreabisua eman behar digu. Edozelan, aurreabisurik gabe kaleratzeko aukera izan badauka. Horrela egitea erabakitzen badu, 15 egun horietako soldata ordaindu beharko lizkiguke eta finikitoan islatu.

Kantitate hauek guztiak gordinean agertu behar dira, eta erretentzio edo kotizazioak euretatik kendu, soldatarekin egin bezala, azken batez, soldataren parte baitira.

 

• Langileak enpresari zor dizkion kantitateak:

— Baliteke langilea zorretan egotea zenbait kantitatetan, hala nola enpresari dirua aurreratzeko eskatu badiozu.

— Borondatezko baja hartu baduzu enpresan eta ez badituzu aurreabisu egunak errespetatu (normalean 15 egun izaten dira), enpresak egun horiek deskontatu ahal dizkizu finikitoan.

— Egoerarik ohikoena soberan disfrutatutako oporrak izaten dira. Lehen ikusi dugun antzera, urte osoko oporrak hartu eta gero amaitzen bada lan harremana, urrian, esaterako, eta 30 opor egunak hartu badituzu, honek esan nahi du azaroko eta abenduko opor egunak ere hartu dituzula, hau da, dagokizun baino 5 egun gehiago (2,5 egun hilabete bakoitzeko). Kantitate hau ere finikitoan deskontatuko zaizu.

 

 

Finikitoa sinatzea

Finikitoa ondo aztertu behar duzu, enpresak adierazten dituen kantitateak zuzenak diren ala ez konprobatzeko. Momentuan egitea nahiko zaila da, horregatik hauxe gomendatzen dizugu:

Ordezkari sindikala aurrean egoteko eskubidea daukazu. Hau eskatzen baduzu eta enpresak ezetza ematen badizu edo oztopoak ipintzen badizkizu hutsegite larria izango litzateke. Hortaz, idatzi finikitoan bertan enpresak ordezkariaren presentzia eragotzi duela. Kantitateak momentuan aztertu ezin badira ere, enpresaren presioak edo azpijokoak ekiditeko garrantzitsua da ordezkaria zurekin batera egotea.

— Finikitoaren kopia eman behar dizute beti. Exijitu ezazu.

— Idatzi beti data: zenbaitetan enpresak ez du data jartzen edo beste data bat idazten du; honek uste baino garrantzia handiagoa dauka, erreklamazio epea data honen arabera izango da eta.

— Sinatu baino lehen, idatzi “desados”/”no conforme”. Honek berebiziko inportantzia dauka. Egin ezean, gerora erreklamazioa egitea askoz zailagoa izango da, sinadurak, berez, finikitoarekin konforme zaudela adierazten baitu.

— Enpresak finikitoa ematen dizunerako, zor dizkizun kantitateak ordainduak izan behar dizkizu. Hau da, finikitoarekin batera txekea edo taloia edo banku transferentzia egin izanaren egiaztagiria ere eman behar dizu. Hau egin ezean, ez fidatu gerora ordainduko dizula zin egiten badizu, ezta berriro kontratatuko zaituela esaten badizu. Ez badizu momentuan ordaindu, sinatu baino lehen idatzi “ez ditut kantitateak jaso”/“cantidades no recibidas”.

— Ez dago soberan “konprobatzeke”/“pendiente de comprobación” ere idaztea.

— Sinadura azken-azken momentuan ipini behar duzu, desadostasuna idatziz adierazi ostean. Hau ere oso inportantea da, zeren eta baliteke hasieran sinatzen baduzu, enpresak beste ezer idazteko denborarik utzi gabe, finikitoaren dokumentua eskuetatik kentzea.

 

 

Eta finikitoa besterik gabe sinatu baduzu?

Kaleratzeetan hainbat idazki sinatu behar izaten dira. Hala ere, ez nahastu kaleratze gutuna eta finikitoa, adibidez. Kaleratze gutuna, bere horretan, jakinarazpena baino ez da, enpresak lan harremana amaitzeko hartu duen erabakiaren jakinarazpena, alegia. Beti gomendatzen dizuegu honetan ere “desados” sinatzeko (sekula ez dago soberan), baina gure sinadurarekin adierazten dugun bakarra da jakinarazpen hori jaso dugula. Eta, honek, berez, ez digu eragotziko gerora kaleratze hori inpugnatzea.

Baina kontuz! finikitoa desadostasuna adierazi gabe sinatzeak, berez, enpresak egin duen likidazioarekin ados zaudela esan nahi du. Honek guztiz zailduko du gerora erreklamatu ahal izatea enpresak ordaindu ez dizkigun kantitateak.

 

 

Noiz ordaindu behar dizu enpresak finikitoa?

Ematen dizun momentuan ordaindu behar dizu, normalean azken lan egunean izaten da hau. Baliteke esatea nominak ordaintzen dituenean (hilabete amaieran, oro har) zuri ere ordainduko dizula. Baina hori ez da momentu egokia. Gogoratu: finikitoaren dokumentuarekin batera ordaindu egin behar dizute, eskuz, txekez edo banku transferentzia egin izanaren ziurtagiriarekin. Enpresak ez badizu dirua momentu horretan eman, idatzi argi ez duzula dirua jaso.

Banku transferentziaz ordaindu badizu, baliteke pare bat egun beranduago heltzea zure kontu korrontera. Atzerapen hau, beste atzerapen batzuk ez bezala, jurisprudentziak onartzen du, ez baitago enpresaren esku. Edozelan, transferentzia egin izanaren egiaztagiria eman behar dizute finikitoarekin batera.

 

 

Finikitoa ordaintzen ez badizute:

Enpresak ez badizu finikitoaren dokumentua ematen, ziur asko ordaindu ere ez dizu egin. Lehenengo eta behin, enpresari eskatu ahal diozu finikitoa eman eta ordain diezazula. Onena burofax bitartez egitea izango litzateke, eskaera erregistratua egon dadin, gerora epaitegietan salatu behar baduzu. Nolanahi ere, edozein modu erabiltzen duzula enpresari eskaera egiteko, inportanteena da “jasotze agiria” edukitzea.

Urtebete daukazu finikitoaren ordainketa erreklamatzeko. Epea lan harremana amaitu den momentutik hasten da, hau da, finikitoa eman dizuten edo eman behar zizuten momentutik.

Gogoratu finikitoan agertzen diren kontzeptuak soldataren parte direla; hau dela eta, erreklamatzeko modua, lehenengo eta behin, kontziliazio txartelaren bitartez izango da. Hau da, adiskidetze ekimen baten bitartez. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu:

 

Adostasunik ez balego, hurrengo pausoa epitegietan erreklamatzea izango litzateke: enpresa salatu beharko litzateke finikitoa ordaindu ez izanagati.

Epaitegietan finikitoaren ordainketa erreklamatzen bada, %10eko interesak ere eskatu daitezke, ordainketaren atzerapenagatik.

 

 

Finikitoarekin ados ez bazaude:

Finikitoan adierazi denarekin eta, hortaz, enpresak ordaindu dizunarekin ados ez bazaude, enpresak zor dizkizun kantitateak erreklama ditzakezu. Berriro diogu: oso inportantea da lehen momentutik “desados” edo “konprobatzeke” edo halakoren bat idaztea finikitoan bertan.

Finikitoan ez bada kontzepturen bat islatzen edo kantitateak ez badaude ondo, kantitateen erreklamazioa egin behar da.

Kasu honetan ere urtebete daukazu diru kantitateetan dagoen aldea erreklamatzeko. Era berean, lehenengo eta behin kontziliazio txartela sartu beharko da eta adiskidetze ekimenean adostasunera heltzen ahalegindu. Adostasunik ez balego, epaitegietan salaketa sartu beharko litzateke.

Esan bezala, finikitoari dagozkionak erreklamatzeko urtebete badago ere, askotan kaleratzearen inpugnazioarekin batera egiten da. Gogoratu kaleratzea inpugnatzeko 20 egun baliodun baino ez daudela.

Garrantzitsua da baten baten laguntza izatea prozesu hauetan guztietan. Beraz, ez utzi denbora pasatzen eta jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Kaleratze gutuna

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Enpresaren tranparik ohikoenak kaleratzeetan

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus