2022-04-25 12:54

 

 

2022/04/21

 

Apirilaren 20an BOEn argitaratu zenez, egun horretan bertan indargabetu zen maskarak barnealdeetan edo toki itxietan erabiltzeko derrigortasuna.

Aginduan hainbat salbuespen ondo zehazturik daude. Maskara erabiltzen jarraitu beharko dugu (6 urtetik gorakook) ondoko eremu hauetan:

  • Osasun zentroetan: langileek, bisitariek eta pazienteek erabili beharko dute. Ingresatutako laguna bere logelan dagoen bitartean ez da behartuta egongo.
  • Zentro soziosanitarioetan: langileek orain arte bezala erabili beharko dute; bisitariak erabiltzera behartuta egongo dira zonalde partekatuetan dauden bitartean.
  • Garraio kolektiboetan: langileek zein erabiltzaileek erabili beharko dute.

Baina, zer gertatzen da beste lan eremuetan? Publikoa edo kontsumitzaileak edo erabiltzaileak establezimendura maskara barik sartzen badira, hala ere, langileek jantzi beharko dute?

Bada, hau guztia prebentzio zerbitzuen esku utzi da, lantoki bakoitzean babes neurririk eraginkorrenak azter ditzaten. Beraz, hemendik ideia gako bi: batetik, prebentzio zerbitzuek ebatzi behar dute, ez enpresariak bere kabuz; bestetik, maskaraz gain, bestelako babes neurri batzuk ere hartu behar dira kontuan.

Lantokietan egin beharreko lan hau errazteko, Osasun Ministerioak gida bat argitaratu berri du:

Irudian sakatuta edo HEMENDIK kontsulta edo jaitsi ahal izango duzue.

 

Gidan topatuko duzuenaren laburpentxo bat doakizue:

• Arriskuaren ebaluazioa: prebentzio neurriak ezartzeko, lehenik eta behin arriskua ebaluatu behar da. Ebaluazio honetarako, informazioa jaso beharko da, osasun agintaritzek ematen dituzten argibideak kontuan hartu beharko dira eta langileei galdetu beharko zaie.

• Prebentzio neurriak: afera ez da maskara bai ala maskara ez; prebentzio neurri bat baino gehiago har daitezke. Hauen artean, babes indibidualerako neurriez gain, antolakuntza neurriak eta babes kolektiborako neurriak ere hartu behar dira. Antolakuntza neurrien artean dira, esaterako, jende metaketak ekiditea edota telelana bultzatzea: Babes kolektiborako neurriak izan daitezke, besteak beste, garbiketa eta desinfekzioa eta aireztapen egokirako neurriak.

• Talde zaurgarriak eta langile bereziki kalteberak: 60 urtetik gorako langileak, haurdun dauden emakumeak edo beren osasun egoeragatik, patologiengatik edo bestelako faktoreengatik bereziki kalteberak diren pertsonak. Lan arriskuen prebentziorako zerbitzuak lagun hauek identifikatu beharko ditu eta prebentzio, egokitzapen eta babes neurrien inguruko txostena eman. Hau egoki garatu ahal izateko, gidan bertan, neurketa errazago egin ahal izateko eranskin bat aurkituko duzue.

• Covid iraunkorra pairatzen duten langileak. Jakin badakigu gaixotasun honek askotan ondorioak uzten dituela. Honelako kasuak ere kontuan hartu beharko dira eta, langile hauek euren lanpostura itzultzen direnean, ebaluazio bat egin beharko zaie, lanpostuan egokitzapenak behar ote dituzten argitzeko, behar ditzaketen balizko prebentzio neurriak erabakitzeko eta guztiz sendatzen laguntzeko. Adi! Kontua ez da langilea lanposturako gai den ala ez ebaztea, baizik eta prebentzio neurri eraginkorrenak ematea langilearen momentuko osasun egoera kontuan izanda.

• Kutsatze berriak. Kasu arin zein asintomatikoek eta harreman estua izan dutenek ez dute berrogeialdirik egin beharko, baina prebentzio neurriak areagotu beharko dituzte (maskara erabili beharko dute) sintomak hasi eta hurrengo 10 egunetan. Osasun arloan edo pertsona zaurgarriekin lan egiten duten langileen kasuan, lantokiko beste eremu batzuetan edo beste funtzio batzuetan berkokatu ahal izango dira; bestela, ahal dela, telelanez arituko dira. Hau guztia posible ez den kasuetan, ez dira lanera joango lehen 5 egunetan; horren ostean, antigeno probak egingo zaizkio.

• Baieztatutako kasuak edo bereziki kalteberak diren langileak ezin badira lantokira joan, aldi baterako ezintasuna tramitatu beharko da. Hau guztia askoz zabalago azalduta egoteaz gain, pare bat eranskin ere aurkituko dituzue gidan, lehen mailako arretako medikuak informazioa izan dezan baja eman behar duenean.

 

Dokumentazio honetaz gain, hemen utziko dizkizuegu Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak ateratako gomendioak eta beste dokumentu interesgarri batzuk:

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus