2023-03-16 11:20

2021/10/21
Azken eguneraketa: 2023/03/15

— 2023rako Estatuko Aurrekontuen Legearen VIII. Titulua
— PCM/74/2023 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Gizarte Segurantzari kotizazio arauak garatzen dituena
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko II. Kapitulua, 2. Atala (Kotizazioak)

 

 

Kotizazio oinarria, laburbildurik, zera da, langilearen hilabeteko soldata gordin osoa. Esku-dirutan zein espezietan jasotzen diren kontzeptu guztiak hartzen dira aintzat. Honetaz gain, aparteko pagak (hainbanaturik edo prorreaturik) eta beste edozein ordainketa ere gehitzen dira kalkulura, garraio dietak, kalte-ordainak eta aldi baterako ezintasun prestazioen osagarriak izan ezik. Aparteko orduak, bestalde, gertakizun edo kontingentzia profesionaletarako baino ez dira zenbatzen (Gizarte Segurantzaren Legearen 147. artikulua).

Gizarte Segurantzari hilabetero egiten zaizkion ekarpenak “kotizazio” izena daukate eta hauen bitartez hainbat prestazio finantzatzen ditugu, hala nola langabezia, erretiroa eta aldi baterako ezintasunak edo “bajak”.

Hortaz, enpresak eta langileak hilabetero kantitate bat ordaindu behar diote Gizarte Segurantzari, kotizazio oinarriaren ehuneko bat (“tipo” bat), alegia. Hau da, dagokigun tipoa edo ehunekoa gure oinarriari aplikatu behar zaio eta emaitza hori izango litzateke egin beharreko kenketa. Enpresa izaten da bere kotizazioak zein langilearenak ingresatzen dituena; honela, gure nominan soldata gordinari kenketa hauek egiten zaizkio.

Etxeko langileen kasuan lehen posible zen kasu batzuetan langileak berak kotizazio hauek kudeatzea eta ingresatzea (hilean 60 lan ordu baino gutxiago egiten zirenean, alegia). 2023tik hala ere, enplegatzailea arduratu behar da honetaz kasu guzti-guztietan. Beste artikulu honetan azalduta daukazu: 

 

 

Urtero finkatzen dira legez zeintzuk diren gutxieneko eta gehieneko kotizazio oinarriak eta erabili behar diren tarteak kategoria profesional ezberdinetan eta Gizarte Segurantzako erregimen ezberdinetan.  Gizarte Segurantzak bere webguneetan taulak eta zehaztapen guztiak ematen ditu, gehienetan berandutxo argitaratzen baditu ere. Artikuluaren amaieran loturak aurkitu ahal izango dituzue (hau idazten ari garela, oraindik azaltzen dira 2022ko taulak). Gure aldetik, hiru erregimenetakoak ekarri dizkizuegu: erregimen orokorra, autonomoak eta etxeko langileak, 2023ko datuekin eguneratuta. 

Aurrekontu Orokorretan 2023rako oinarri eta tipoak ezarri ziren eta, honen ostean, 2023ko urtarrilaren 31n, BOEn PCM/74/2023 Agindua argitaratu zen. Bertan arauaren garapena azaltzen da.

Horren ostean, lanbidearteko gutxieneko soldata ere igo denez (1.000 eurotik 1.080 eurora altxatu zen), gutxieneko kotizazio oinarriak berriro aldatu behar dira. Izan ere, gutxieneko oinarriak eta gutxieneko soldata guztiz loturik daude (gutxienez kobratu behar dugun kopuru bat badago, ezinezkoa da kotizazioak legez ezarritako kopuru horren azpikoak izatea). Hala ere, oraindik ez da argitaratu azken aldaketa hauek islatzen dituen agindu berririk. BOEn azaldu bezain pronto, datuak eguneratuko ditugu.

Edozelan, kotizazio oinarrietako eta tipoetako aldaketak urtea behin hasita argitaratu arren, hau atzeraeraginez aplikatzen da beti. Honek esan nahi du 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu behar direla eta enpresak balizko desorekak hurrengo nominan zuzendu behar dituela.

 

2023ko berritasunak

 

Kotizazioetan aurten izan den berritasun nabarmenenetako bat Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa izan da. Kotizazio kontzeptu berria da, 0,6 puntukoa, enpresa eta langile artean ordaindu beharrekoa (%0,5 enpresak eta %0,1 langileak). Helburua pentsioen Erreserba Funtsa handitzea da eta PPren iraunkortasun faktorea ordezkatzera dator. Berez, aurreikusita dago 10 urtez egongo dela indarrean.

Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat ondoko artikulu honi:

 

 

Honetaz gain, beste berritasun handi bat autonomoen erregimenari dagokio. Kotizazio sistema berria jarri da martxan. Izan ere, lehen autonomoek beren oinarria aukeratu ahal zuten, beren diru-sarrerak edozelakoak zirela ere. Hau dela eta, autonomo gehienek gutxieneko oinarria aukeratzen zuten, kuota txikiagoa ordaintzearren. Honek Gizarte Segurantzari kalte orokorra ekartzeaz gain, autonomoarentzako ere kaltegarri suertatzen da, prestazio askoz txikiagoak jasotzen direlako, adibidez, erretiroagatik edo jarduera amaieragatik.

Autonomoentzako kotizazio sistema berriaz gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan duzu zabal azalduta:

 

Kotizazio oinarri eta tipoak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera

 

Erregimen orokorra

 

Esan bezala, Estatuak oraindik ez du azken eguneraketa argitaratu. Hortaz, urtarrilaren 30eko Aginduak ekarri zuena islatu dugu tauletan.

Hala ere, kalkuluak geure kabuz egin ditugu eta, oker ez bagaude, gutxieneko muga 1.260€ hilean eta 42€ egunean izango dira. 

 

 

* Gertakizun profesionalengatiko kotizazioak: Kotizazio hauek enpresak egiten ditu oso-osorik. Kontzeptu birengatik kotizatzen da: aldi baterako ezintasunagatik eta ezintasun iraunkor, heriotz eta biziraupenagatik. Enpresaren jarduera ekonomikoaren arabera, kotizazioak ezberdinak dira. Taula osoa kontsultatu nahi baduzue, HEMEN egin dezakezue.

** Prestakuntza kontratuak: kotizazio oinarria ez bada gutxieneko oinarrira heltzen, kuota finkoa ordainduko du (taulan azaltzen dena, hain zuzen). Gutxieneko oinarria gainditzen badu, ordea, kuota finko berbera ordaindu beharko da, baina gutxieneko kuotaz gaindiko kopuruari kotizazio tipo orokorra aplikatu beharko zaio eta honen emaitza kuota finkoari gehitu beharko zaio.

 

 

Etxeko langileen sistema berezia

 

Badakizuenez, etxeko langileek, hitzarmen kolektiborik ezean, legeak aitortzen dien soldata bakarra lanbidearteko gutxieneko soldata da. Hala ere, honek ez du esan nahi gehiago negoziatu ezin denik. Gutxieneko soldataren igoerarekin, etxeko langileen gutxieneko soldata taulak ere igo ziren. Eguneratuta daukazu Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara? artikuluan.

Kotizazio oinarria ezartzeko, gogoratu, hilabetean jasotzen den kantitateari, aparteko ordainsarien zati proportzionala ere gehitu behar zaiela. Eta, honetaz gain, bestelako erretribuzio batzuk baldin badauzkazu, hala nola soldata zati bat espezietan jasotzen baduzu (etxean bazkaltzeagatik, adibidez), horiek ere gehitu beharko dira.

Kotizazio oinarriak tarteka ezartzen dira, oraintxe aipatu ditugun irabazi guztien arabera:

 

 

Enplegatzaileak hobariak jaso ditzake ordaindu beharreko kotizazioetan:

— Gertakizun arruntetan, %20ko deskontua edo murrizketa
— Gertakizun profesionaletan (langabeziagatiko eta FOGASAgatiko kotizazioetan),%80ko deskontua edo murrizketa

Familia ugarien kasuan, gertakizun arruntetan %45eko hobaria jaso dezakete. Edozelan, hobari hau ez da oraintxe aipatutako beste murrizketa biekin batera jaso. Hau da, ez dira uztargarriak.  

 

 

Autonomoen erregimena

 

Jadanik komentatu dugun bezala, autonomoen kotizazio sistema aldatu berri da eta hemendik aurrera benetako diru-sarreran arabera kotizatu beharko da. Horra hor 2023rako kotizazio oinarriak eta tipoak. Gogoratu honetaz informazio zabalagoa beste artikulu honetan topatu ahal duzuela: Autonomoen kotizazio sistema berria.

 

 
 
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Autonomoen kotizazio sistema berria

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer da Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (BEM)?

 

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus