2024/04/25
— Kontratuaren amaiera (Langileen Estatutua, I. Titulua, III. Kapitulua, 4. Atala)
— 1620/2011 Dekretua, etxeko langileen lan harreman berezia arautzen duena (11. artikulua: kontratuaren amaiera)
Enpresak (edo enplegatzaileak, etxeko langileen kasuan) kaleratzen gaituenean, kasu gehienetan kalte-ordaina jasotzeko eskubidea daukagu.
Hasi baino lehen, argi izan behar duzu kalte-ordaina eta kitapena edo finikitoa gauza ezberdinak direla. Kitapena lan harremana amaitzen den kasu guztietan jaso behar dugu. Izan ere, zor diren kantitateak koadratzea baino ez da finikitoa. Finikitoan islatzen diren kantitate horiek jadanik irabazi ditugu, nahiz eta oraindik ez ditugun kobratu, hala nola, sortu ditugun, baina oraindik disfrutatu ez ditugun, opor egunak. Kalte-ordainak, ordea, nolabait esateko, “konpentsazio” izaera dauka eta kasu batzuetan baino ez dugu jasoko.
Finikitoaren inguruko guztia askoz hobeto azalduta daukazu hurrengo artikulu honetan:
Kalte-ordainak, bestetik, ezberdinak izango dira kaleratzearen arrazoiaren eta izan duen kalifikazio judizialaren arabera. Gogora dezagun labur zeintzuk diren kaleratze motak:
Sailkapen nagusi bi egin behar dira. Alde batetik, kaleratzea enpresaren alde bakarreko erabakia den heinean, enpresak ematen dituen arrazoien arabera sailkatzen dira. Hauen artean, diziplinazko kaleratzea, kaleratze objektiboa eta kaleratze kolektiboa dauzkagu (kaleratze kolektiboa kaleratze objektiboa da, baina langile multzo bati eragiten dio).
Bestetik, langileak enpresaren alde bakarreko erabaki hau inpugnatzen duenean, epaitegien erabakiaren arabera, kaleratzea bidezkoa, bidegabea ala baliogabea izan daiteke.
Kaleratze moten eta inpugnazio prozesuaren inguruan gauzak argiago izan nahi badituzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:
(Langileen Estatutuko 52. eta 53. artikuluak)
Arestian esan dugunez, enpresak ematen dituen arrazoien arabera, kaleratze mota bi daude: kaleratze objektiboa (indibiduala ala kolektiboa) eta diziplinazko kaleratzea. Diziplinazko kaleratzearen arrazoia langilearen balizko arau hauste larri bat da (nahiz eta, gero ikusiko dugunez, gehienetan gezurra izan). Kaleratze objektiboetan, ordea, arrazoia edo kausa apartekoa da, hau da, ez da langileak egindako ala ez egindako zerbaitengatik, baizik eta enpresari eragiten dioten bestelako kontuengatik. Ohikoena enpresaren antolakuntza edo funtzionamenduari eragiten dioten arrazoiak ematea da (arrazoi ekonomikoak, arrazoi teknikoak, antolakuntza arrazoiak edo ekoizpen arrazoiak).
ADI! Arrazoi hauek behar den bezala justifikaturik egon behar dira. Honek markatu ahal du kaleratze objektibo hori bidezkoa ala bidegabea izan den. Oraintxe ikusiko duzunez, kalte-ordain ezberdina jasoko zenuke kasu batean edo bestean.
⇒ 20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin (lasai, formula hauek “Zelan kalkulatzen da?” atalean hobeto azalduko ditugu).
Normalean, hauxe da enpresak eskaintzen duena. Esan nahi baita, enpresek oso gutxitan onartzen dute hasieratik kaleratzea bidezkoa izan ez denik. Baina gogoratu kaleratzea inpugnatu ahal duzula eta epaile batek (edo aldez aurretiko adiskidetze ekimenean) erabaki beharko duela kaleratzea benetan bidezkoa eta legearen araberakoa izan den ala ez.
(Langileen Estatutuko 56. artikulua)
⇒ 45 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 42 hilabeteko mugarekin (hau 2012ko otsailaren 12ra arte lan egindako denborari baino ez litzaioke aplikatuko).
⇒ 33 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 24 hilabeteko mugarekin (2012ko otsailaren 12tik aurrera lan egindako denborari aplikatuko litzaioke).
Askotan, kaleratzea behin inpugnatuta, bidegabea izan dela ebazten da eta enpresa, horrela izango dela aurreikusita, adiskidetze ekimenean bertan konpontzen ahalegiten da sarritan. Beraz, kasu askotan ez da epaitegietara heldu beharrik ere.
Kaleratze bidegabeetan, ikusi duzunez, kalte-ordaina askoz altuagoa da. Gainera, enpresak langilea berriro hartzea ere erabaki lezake, nahiz eta, gehienetan, kalte-ordaina ordaintzea hobesten duten. Hau da, enpresak erabakitzen du, salbu eta kaleratutako langilea ordezkari sindikala bada. Kasu honetan langileak erabakiko luke kalte-ordaina nahiago duen edo bere lanpostura itzuli nahi duen.
(Langileen Estatutuko 54. eta 55. artikuluak)
Aurreratu dizuegunez, enpresek askotan diziplinazko kaleratzeak aplikatzen dituzte, horretarako arrazoirik ez daukaten arren. Seguru zuri ere gertatu zaizula edo baten bat ezagutzen duzula: kaleratze kartan “lan errendimendua jaitsi dela” esate hutsarekin nahi dute langilea gainetik kendu, egun batetik bestera eta kalte-ordainik ordaindu gabe.
Izan ere, diziplinazko kaleratzea bidezkoa balitz (eta gogoratu hau epaile batek ebatzi behar duela, ez bada enpresak berak adiskidetze ekimenean onartzen duela), langileak ez luke kalte-ordainik jasoko.
Aitzitik, bidegabea balitz (eta gehienetan hala izaten da), kaleratze objektibo bidegabeetarako azaldu dugun kalte-ordain berbera izango litzateke:
⇒ 45 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 42 hilabeteko mugarekin (hau 2012ko otsailaren 12ra arte lan egindako denborari baino ez litzaioke aplikatuko).
⇒ 33 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 24 hilabeteko mugarekin (2012ko otsailaren 12tik aurrera lan egindako denborari aplikatuko litzaioke).
Diziplinazko kaleratzeez gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:
(Langileen Estatutuko 55.5 eta 55.6 artikuluak)
Momentura arte, kontatu dizugu zer gertatzen den kaleratze bidezko eta bidegabeetan (izan hauek kaleratze objektiboak edo diziplinazkoak), baina bada beste kasu posible bat: kaleratzea baliogabea izan dela ebazten bada.
Kaleratzea baliogabea izateko, enpresak bereziki larriak diren eta espresuki galarazita dauden baldintzetan edo arrazoietan oinarriturik egin behar izan du. Oinarrizko eskubideak urratzen dituzten edo diskriminazioa oinarri duten kaleratzeak izan behar dira.
Kaleratze hauek, beraz, legeak debekatzen ditu; hori dela eta, enpresak langilea berriro hartzera behartuta dago. Laburbilduz, ez litzateke kalte-ordainik egongo, baina lagun hori bere lanpostura itzuliko litzateke.
Kaleratze baliogabeaz gehiago jakin nahi baduzu, jo honako artikulu honetara:
(Langileen Estatutuko 49.1.c) artikulua)
⇒ 12 eguneko soldata, lan egindako urte bakoitzeko (urtebetera helduko ez balitz, proportzioa kalkulatuko litzateke).
Ez gara kaleratzeez ari, baizik eta kontratu amaieraz. Hala ere, hau ez da kontratu guztietan gertatzen, ekoizpen gorabeherengatiko kontratuetara mugatuta dago (kontratu ebentualetara, alegia).
Ordezkapen kontratuetan eta prestakuntza kontratuetan (izan alternantziazko prestakuntza kontratua, izan praktika profesionala lortzeko kontratua) ez dago kontratu amaieragatiko kalte-ordainik.
Honetaz gehiago jakiteko:
(1620/2011 Dekretuko 11. artikulua)
Etxeko langileen kasuan ez da kaleratze objektiboa existitzen. Euren kasuan, diziplinazkoa edo justifikaturiko arrazoiengatiko kaleratzea aplika daitezke. 2022ra arte posible zen langile bat kaleratzea arrazoirik bat ere eman gabe, “desistimientoagatik” zela esate hutsarekin nahikoa zen; orain, arrazoituta egon behar da. Legeak alega daitezkeen arrazoiak zerrendatzen ditu, hala nola familiaren diru-sarreren jaitsiera edo langilearekiko konfiantza galera (arrazoi nahiko lauso eta zehaztugabea, bestalde).
Aurrerapausoa izan zen, arrazoi barik kaleratu ahal zen sektore bakarra baitzen 2022ko lege aldaketa baino lehenago; hala ere, kalte-ordainek lehen bezala diraute, hau da, egoera kaskarragoan gainontzeko langileokin konparatuta:
Ikusi dugunez, bidezko kaleratze objektibo batengatik, langileari 20 eguneko soldata dagokio, lan egin duen urte bakoitzeko eta 12 hilabeteko mugarekin. Etxeko langileen kasuan, ordea, justifikaturiko kaleratzea bidezkoa balitz:
⇒ 12 egun baino ez lirateke izango eta, gainera, 6 hilabeteko mugarekin.
Edozelan, bai diziplinazko kaleratzeak, bai justifikaturiko arrazoiengatiko kaleratzeak inpugna daitezke. Kaleratzea bidegabetzat joko balitz, kalte-ordaina altuagoa izango litzateke:
⇒ 20 eguneko soldata, lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin.
Ikusten duzunez, kasu honetan ere gainontzeko langileak baino egoera kaskarragoan daude.
Jakin badakigu lagun bat kontratatu behar duen pertsona edo familia bat ezin direla enpresa batekin parekatu. Hala ere, hau konponbidea ez dela jakinda, seguru konpentsazio moduak aztertu litezkeela, langile sektore oso bat halako diskriminazio egoeran egon ez dadin, areago administrazioak zaintza lanen krisia geure bizkar utzi duela kontuan hartzen badugu.
Kaleratzea baliogabea balitz, enplegatzailea ez legoke behartuta langilea berriro hartzera; aitzitik, kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina ordaindu ahal dio (20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko) eta lan harremana amaitutzat eman.
Azkenik, gogoratu nahi dizuegu, enplegatzailea hilgo balitz, langileak 30 eguneko kalte-ordaina jaso beharko lukeela edozein kasutan.
Askoz zabalago azalduta daukazu beste artikulu honetan:
Hemen hurbilpen bat egingo dugu, zelan kalkulatzen den jakin dezazuen, baina kalkulu zehatzak egiteko, izan ahal dituzuen zalantzak argitzeko eta, zelan ez, kaleratzea inpugnatzeko, jo ezazu sindikatura.
Lau adierazle hartu behar ditugu kontuan:
Formula honako hau izango litzateke:
Kalte-ordaina = eguneko soldata x kaleratze motari dagokion egun kopurua x lan egindako urteak
Lehenengo eta behin, urteko soldata kalkulatu behar dugu. Honetarako, gogoratu aparteko pagak eta espezietan jasotako soldata zatia ere gehitu behar direla. Bestalde, ez dira kontuan hartuko soldata izaerarik ez daukaten kontzeptuak, hala nola dietak, garraio plusak edo enpresak aseguru edo pentsio planetarako egiten dituen ekarpenak.
Honen emaitza urteko egun kopuruaz zatikatu behar dugu, hau da, zati 365.
Demagun Idoiak 1.400€ gordin irabazten dituela hilabetean eta 14 paga jasotzen dituela (12 hilabete + aparteko ordainsari bi):
1.400 x 14 = 19.600€ urtean
19.600 / 365 = 53,70€ egunean
Kalkulatu behar dugu zenbat denbora eman duen langileak enpresan. Adi! hilabeteak osorik hartu behar dira, nahiz eta hilabete osoa lan egin ez izana; hau da, hilabete osora borobildu behar da. Honela, 10 hilabetez eta 14 egunez lan egin baduzu, 11 hilabete zenbatuko ditugu.
Idoia 2020ko urriaren 2an hasi zen enpresan eta 2024ko apirilaren 20an kaleratu zuten. Hortaz, Idoiak 3 urte eta 8 hilabete eman ditu edo, bestela esanda, 44 hilabete.
Lehen ikusi dugunez, kaleratze mota bakoitzari kalte-ordain egun zehatz batzuk dagozkio.
Idoiak, kaleratzea inpugnatu ostean, lortu du enpresak onartzea kaleratzea bidegabea izan dela. Honela, Idoiari 33 eguneko soldata dagozkio lan egindako urte bakoitzeko. Urte osoak ez ezik, hilabete solteak ere badaudenez, proportzioa atera beharko dugu:
Urte osoari 33 eguneko kalte-ordaina badagokio, zenbat dagokio hilabete bakoitzari?
33 / 12 (hilabete) = 2,75 eguneko kalte-ordaina lan egindako hilabete bakoitzeko.
Hortaz:
53,70€ egunean x 2,75 eguneko kalte-ordaina hilabete bakoitzeko x 44 hilabete = 6.497,70€
Bestela azalduko dugu, argiago ikusteko. Idoiak lan egindako urte osoak (3 urte) kalkulatuko ditugu, batetik, eta, bestetik, hilabete solteak (8 hilabete):
53,70€ egunean x 33 eguneko kalte-ordaina urte bakoitzeko x 3 urte = 5.316,30€
53,70€ egunean x 2,75 eguneko kalte-ordaina hilabete bakoitzeko x 8 hilabete = 1.181,40€
5.316,30 + 1.181,40 = 6.497,70
Hau da kontuan izan behar dugun azken faktorea. Izan ere, kalte-ordainak mugaturik daude. Esan nahi baita, berdin da zenbat urte eman ditugun enpresan, gehienez urtebeteko edo urte biko soldata jaso ahal izango dugu (kaleratze motaren arabera), nahiz eta kalkuluak egin eta kantitate hori gainditu.
Adibidez, lehengo adibideari jarraiki: Idoiaren urteko soldata 19.600€ ziren. Bere kaleratzea bidegabea izan denez, gehienez 24 hilabeteko soldataren besteko kalte-ordaina jaso lezake, hau da, 39.200€. Eman ditugun datuekin Idoia ez zen muga honetara heltzen, baina beste kasu batzuetan gerta liteke, batez ere enpresan urte mordoa eman duten langileen kasuan.
Ikusi duzuenez, kaleratze bidegabeak kalkulatzeko, kalte-ordain eta muga ezberdinak ekarri ditugu, 2012ko otsailaren datarekin batera. PPren 2012ko lan erreformak kaleratzeak erraztu eta merketu zituen eta, neurri guztien artean, kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina itzel jaitsi zuen. Ordura arte, 45 eguneko soldata zegokion lan egindako urte bakoitzari, 42 hilabeteko mugarekin. Erreforma ostean, 33 egun baino ez dira eta gehienezko muga 24 hilabetekoa.
Hortaz, 2012ko otsaila baino lehen sinatutako kontratuen kasuan kalkulu bi egin beharko dira: data horretara arte egokituko litzatekeen kalte-ordaina eta data horren ostean egokituko litzatekeena.
Erreforma honen zenbait punturi buelta eman bazitzaien ere, PSOEren gobernuak, behin eta berriro zin egin ostean, baita Podemos eta Bildurekin sinatu ostean ere, uko egin zion osorik derogatzeari. Jadanik nahiko prekarioa zen araudia guztiz okertzera etorri zen 2012ko erreforma eta, promesak promesa eta gezurrak gezur, gobernu honek kaleratzeen merkatzea indartu eta sendotu du, ikutu ezina delakoan. Alderik “kaltegarrienak” bertan behera utziko zituztela esan zuten. Langileak merke bota ahal izatea ez al da alde zeharo kaltegarria?
Azkenik, kalte-ordainak kalkulatzeko tresna bi utziko dizkizugu hemen. Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak dauzka sarean, edonork erabiltzeko modura. Datuak sartu baino ez duzu egin behar.
Jatorrizko artikulua HEMEN