2023-04-12 15:28

 

 

2023/04/12

— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 52. Xedapen Gehigarria
— 2/2023 Lege Dekretuko Bigarren Xedapen Iragankorra

 

2/2023 Lege Dekretuak praktikak egiten dituzten ikasleei begirako aldaketa garrantzitsu bat ekarri du: 2023ko urriaren 1etik ikasle hauek Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharko dira eta kotizatu beharko dute.

Aldaketa honek praktika ez laboraletan dabiltzan zenbait laguni eragingo die, geroxeago zehaztuko dugunez. Hala ere, praktika mota asko daude eta, horrexegatik, ezer baino lehen, begiratu azkar bat emango diegu praktika horiei guztiei.

 

Praktika motak

 

Praktika mota anitz daude: laboralak eta ez laboralak izan daitezke, ordainduak eta ez ordainduak, ikasten dugun bitartean egin ditzakegu edo ikasketak behin amaituta.

Praktika multzo nagusi bi daude: praktika laboralak eta praktika ez laboralak. Praktika laboraletan lan kontratua sinatzen da eta soldata jasotzen da. Bestetik, praktika ez laboraletan ez dago ez kontraturik ezta soldatarik ere; baina, hala ere, zenbaitetan, ordainduak izan daitezke.

 

Praktika laboralak

Praktika laboralen artean prestakuntza kontratuak daude sartuta. Kontratazio mota hauek Langileen Estatutuko 11. artikuluan jasota daude. 2021eko abenduko Lan Erreformak prestakuntza kontratu mota bi zehaztu zituen:

  • Alternantziako prestakuntza kontratua
  • Praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratua

Biek ala biek lan baldintza bereziak izaten dituzten arren (normalean soldata baxuagoa izaten da, adibidez), lan harremana egon badago eta, hortaz, lan eskubide eta betebeharrak berdinak dira, bai langileen bai enpresaren aldetik eta, besteak beste, langilea Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar da eta kontzeptu guztiengatik kotizatu behar da.

Kontratu mota hauetaz gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu hauetan dauzkazu azaldurik:

 

Praktika ez laboralak

Praktika ez laboralak prestakuntza praktikak (ikasketak egin bitartekoak) eta prestakuntzarako praktika osagarriak (ikasketak behin amaituta) izan daitezke. Multzo bakoitzean hainbat azpimultzo daude, baina artikulu honetan ez dugu amaraun hau goitik behera azalduko. Izan ere, Madrilgo Gobernuak Bekadunaren Estatutua laster batean argitaratu behar du eta hainbat aldaketa ekarriko ditu atal honi dagokionez.

Edozelan, esan bezala, ikasten ari garen bitartean egiten ditugunak praktika ez laboralen atal honetan sartzen dira. Curriculum barnekoak -derrigorrezkoak- edo curriculum kanpokoak -borondatezkoak- izan daitezke. Bestetik, zenbaitetan, ordainduak izan daitezke eta beste batzuetan ez. Edozein kasutan, honelako praktiketan ez litzateke lan harremanik egongo, ezta ordaindutako praktiketan ere. Izan ere, ikasketa zentroaren eta enpresaren artean akordioa sinatu ohi den arren, ikasleek ez dute lan kontraturik sinatzen.

 

 

Ikasleen praktikak eta kotizazioak (2/2023 Lege Dekretua)

 

2023ko martxoko 2/2023 Lege Dekretuak aldaketa garrantzitsu bat ekarri du praktika ez laboral batzuetan. Hemendik aurrera enpresetan prestakuntza praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten badira, ikasleak Gizarte Segurantzaren sistema barruan sartu beharko dira, hau da, alta emanda egon beharko dira eta eurengatik kotizatu beharko da. Hau guztia Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean geratu da islatuta, 52. Xedapen Gehigarrian.

Oro har, Erregimen Orokorrean sartuko dira. Hala ere, bada salbuespen bat: praktikak itsasontzi batean egiten badira, Itsasoko Langileen Erregimen Berezian sartu beharko dira.

 

Zeintzuk praktika sartzen dira araudi honetan?

Prestakuntza programen barnean dauden enpresetan edo erakundeetan egiten diren praktikak zein kanpoko praktika akademikoak. Hauen artean honakoak daude:

— Unibertsitateko ikasleek titulazio ofizialen bat lortzeko egiten dituzten praktikak (gradua, masterra, doktoretza) eta unibertsitatearen titulazio propioren bat lortzeko egiten diren praktikak (prestakuntza iraunkorreko masterra, espezializazio diploma edo aditu diploma).

— Lanbide Heziketako ikasleek egiten dituztenak. Lanbide Heziketa intentsiboa edo duala kanpoan geratzen da.

Lanbide heziketa dualaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Kotizazioak eta estaldura

Badakizuenez, kotizazioetan hainbat kontzeptu sartzen dira. Kontzeptu horiek markatzen dute ze nolako estaldura izango dugun edo, bestela esanda, zeintzuk prestazio jaso ahal izango ditugun. Honelako praktiketan gauden bitartean…

— Ez da langabezia, FOGASA eta lanbide heziketagatik kotizatuko
— Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoagatik ere ez da kotizatuko
— Praktika ez ordainduen kasuan, gertakizun arruntengatiko aldi baterako ezintasuna ere kanpoan geratuko da.

Zer esan nahi du honek? Hainbat kontzeptu kanpoan geratzen direnez, ezin izango ditugu horiei lotuta dauden prestazioak jaso. Honela, langabeziagatik kotizatzen ez denez, etorkizunean langabezian gertatzen bagara, praktiketan emandako denbora ez zaigu kontuan hartuko prestaziorako (ez dugu prestazio honetarako kotizaziorik pilatuko).

Era berean, praktika ez ordainduetan ez denez gertakizun arruntengatiko aldi baterako ezintasunagatik kotizatzen, gaixotzen bagara (gaixotasun edo istripu arrunt batengatik) ez dugu prestaziorik jasoko. Hala ere, gertakizun profesionalengatik bai kotizatuko genuke eta, hortaz, lan istripua balitz, esaterako, prestazioa jaso genezake.

Beste zehaztapen batzuk, kotizazio eta estaldurari dagokionez, ordaindutako eta ez ordaindutako praktiketan:

Ordaindutako praktikak:

– Kotizazioa: oro har, alternantziazko prestakuntza kontratuen arauak aplikatuko dira (salbuespenekin)
– Estaldura: prestazioei dagokienez, 7. taldeari dagokion gutxieneko kotizazio oinarria aplikatuko da (1.260€ 2023. urtean).

Praktika ez ordainduak:

– Kotizazioa: enpresak kuota finko bat ordainduko du praktika egun bakoitzeko. 2023ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, kuota hau 2,36€ izango dira gertakizun arruntengatik eta 0,29€ gertakizun profesionalengatik. Gehienezko kuota ere egongo da: 53,59€ hilean gertakizun arruntengatik eta 6,51€ gertakizun profesionalengatik. (2/2023 Lege Dekretuaren Bigarren Xedapen Iragankorra)
– Estaldura: prestazioei dagokienez, 8. taldeari dagokion gutxieneko kotizazio oinarria aplikatuko da (42€ eguneko 2023.urtean).
– Praktika ez ordainduetan emandako egun bakoitza kotizatutako 1,61 eguntzat hartuko da

 

Nork kotizatu beharko du (enpresa moduan)?

– Ordaindutako praktiketan: prestakuntza programa finantzatzen duen erakundeak

– Praktika ez ordainduetan: praktikak egiten diren enpresak edo erakundeak (ez badago prestakuntza hitzarmenean adosturik ikasketa zentroari egokituko zaiola).

Edozelan, enpresek ez dute apenas kotizaziorik ordainduko. Estatuak, hau da, herritarrok geure poltsikoetatik, ordainduko ditugu ia osorik. Izan ere, %95eko hobaria jasoko dute, oro har, eta 2023ko urritik abendura murrizketa hau %97koa izango da (2/2023 Lege Dekretuaren Bigarren Xedapen Iragankorra).

 

Nork ordainduko ditu prestazioak?

– Jaiotzagatiko prestazioak eta haurdunaldi zein edoskitzaroko arriskuagatiko prestazioak Gizarte Segurantzak edo mutualitateak ordainduko dituzte zuzenean (ordainketa zuzena)

– Gertakizun profesionalengatiko bajak eskuordetzaz ordainduko dira, gaztelerazko “pago delegado” delakoaz, alegia (hau da, enpresak aurreratuko du ordainketa)

 

Noiz hasiko da hau indarrean?

2023ko urriaren 1ean

 

Legea indarrean hasi baino lehen praktiketan egon ziren ikasleak

Legea ez da atzeraeraginez aplikatuko. Hala ere, egoera honetan izan diren pertsonek hitzarmen berezi bat sinatu ahal izango dute Gizarte Segurantzarekin, praktiketan eman zuten denbora kotizatutako denboratzat jo dadila. Lehen ikusi dugunez, nahiz eta langabeziarako kotizaziorik ez pilatu, erretirorako, adibidez, bai. Beraz, ez utzi pasatzen.

Hitzarmen hau sinatu ahal izateko, praktikak gehienez duela urte bi egin behar izan ziren (urte bi atzera zenbatuko da Legea indarrean hasten den momentutik, hau da, 2023ko urritik; hortaz, 2021ko urritik 2023ko urrira arteko praktikak hartuko dira kontuan).

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus