— 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa (“LOEX”)
— 1155/2024 Dekretua, azaroaren 19koa, 4/2000 Lege Organikoaren Arautegia onartu duena (“RELOEX”)
— Errotzeagatiko erresidentzia baimenen inguruko argibideak (SEM 1/2025, Migrazioen Estatu Idazkaritza)
⇒ Espainiar nazionalitatea badaukazu, prozedura honen bitartez, zure senide zuzenak ekarri ahal dituzu edo, jadanik Estatuan badaude, euren egoera erregularizatu ahal dute.
Atzerritarren Legearen Arautegi berriak errotzeagatiko baimenak ere berregituratu ditu. Gaur gaurkoz bost errotze kasu daude: errotze soziala, errotze soziolaborala, prestakuntza bidezko errotzea, bigarren aukerako errotzea eta familia errotzea.
Aparteko prozedura honen bitartez, egoera irregularrean dauden lagunek Estatuan bizitzeko baimena lor dezakete, beti ere baldintza batzuk betetzen badira. Honela, errotzea erresidentzia lortzeko bide erabilienetako bat da, bere helburua Estatuan jadanik bizi diren lagunen egoera erregularizatzea da eta. Hala ere, familia errotzea ez dago beren-beregi pentsaturik jadanik Estatuan dagoen pertsona baten egoera erregularizatzeko, baizik eta nazionalitatea daukan lagun baten atzerritar senideen egoera administratiboa erregularizatu ahal izateko.
Atzerriko lagun bat espainiar nazionalitatea daukan pertsona baten senide zuzena bada, familia errotzeagatiko erresidentzia baimena eskatu ahal du. Ikusiko dugunez, eskaera batak zein besteak egin dezakete, beti ere kontuan izanda bakoitza non dagoen eskaera momentuan (Espainiako Estatuan ala atzerriko herrialdean). Puntu oso garrantzitsu bat: baimen hau eskatzeko, elkarbizitza ezinbestekoa da.
Europar Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.
Aldi baterako baimena da: bost urte irauten ditu, oro har, eta, denbora hau pasaturik, berriztatu behar da.
Erresidentzia baimen honekin lan ere egin daiteke, inoren kontura zein norberaren kontura.
⇒ ADI! familiarekin zerikusia daukaten erresidentzia baimen ezberdin bi existitzen dira: batetik, familia errotzeagatiko erresidentzia eta, bestetik, familia bateratzeagatiko erresidentzia. Familia errotzea, gainontzeko errotze guztiak bezala, aparteko zirkunstantziengatiko baimena da (hainbat ezaugarri konpartitzen dute). Praktikan, alderik nagusiena honako hau da: Familia errotzerako, Estatuan bizi den lagunak nazionalitatea izan behar du; familia bateratzeko, aldiz, ez da beharrezkoa Estatuan bizi den pertsonak nazionalitatea izatea, erresidentzia legalarekin nahikoa da.
Honako senide hauek eskatu ahal dute baimen hau:
• Bikotekidea (beti ere 18 urtetik gorakoa):
— Ezkontidea.
— Izatezko bikotekidea: ez da ezinbestekoa ezkontza harremana, ezkontza pareko harremana ere izan daiteke (Espainiako zein Europako beste herrialderen bateko erregistro publikoan inskribaturik).
— Bikotekide egonkorra: edozein kasutan, nahiz eta bikotea erregistraturik ez egon, harreman iraunkorra badago, eskatu ahal da. Zer ulertzen da bikote iraunkortzat? Gutxienez 12 hilabetez (segidan) elkarrekin bizitzen egon den bikotea, Espainiako Estatu barruan ala kanpoan. Kontuz, elkarbizitza hau frogatu behar da. Seme-alabarik badaukazue, ez da beharrezkoa aldez aurretiko elkarbizitzarik frogatzea.
• Seme-alabak: norberaren seme-alabak edo bikotekidearen seme-alabak, 26 urtetik beherakoak edo nagusiagoak, baldin eta desgaitasunen bat badaukate.
• Gurasoak edo aitaita-amamak, baita bikotekidearenak ere. Ekonomikoki edo arrazoi humanitarioengatik kargupean egon behar dira.
• Espainiar nazionalitatea daukan pertsona adin txikikoa bada, beronen ama, aita edo tutorea.
• Espainiar nazionalitatea daukan pertsona menpekotasun egoeran badago, zainduko duen senidea. Bigarren gradura arteko senideak izan daitezke. Kasu honetan lagun bakar batek eska dezake.
• Jatorriz espainolak diren pertsonen seme-alabak. Posible da eskatzea, baita guraso hori hilda badago ere. Kasu honetan berdin da eskatzailearen adina edota egoera pertsonala.
• Beste senide batzuk, espainiar nazionalitatea daukan pertsonaren kargupean badaude.
Eskatzailearen nazionalitatea ezin da izan Europako Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoko edo Suitzakoa. Hasieran aipatu dugunez, eta gainontzeko errotzeekin gertatzen denez, erresidentzia baimen hau Europako Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.
Ez du ardura non edo noiz sortu den familia harremana. Adibidez, demagun Espainiako nazionalitatea daukan pertsona beste herrialde batean bizitzen egon dela eta bikote harremana han sortu dela. Era berean, eskaera egiteko momentuan, atzerriko senidea jadanik Estatuan egon ahal da edo oraindik bere herrialdean.
Ezin da aurrekarik penalik izan, azken bost urteetan, ez Espainiako Estatuan, ezta bizitzen egon den herrialdeetan.
Eskatzaileak ezin du pairatu osasun publikoan eragin larriak izan dezakeen gaixotasunik. Ezin dizuet balizko gaixotasun horien zerrendarik eman, hau erregulatzen duen osasun araudiak ez baitu gaixotasun espezifikorik aipatzen. Adi! eskaera egiten denean, atzerriko senidea jadanik Espainiako Estatuan badago, e da beharrezkoa izango ziurtagiri medikorik atxikitzea.
Aurreko ezkontza bertan behera geratu zela egiaztatu behar da.
⇒ Prozedura hau doanekoa da. Beraz, ez da tasarik ordaindu behar.
Eskaera Espainiako Estatuan dagoen lagunak egin behar du eta atzerritarren bulegoan aurkeztu.
Eskaera atzerriko senideak egin behar du eta bere herrialdeko kontsulatuan aurkeztu.
Biek ala biek egin dezakete eskaera. Kasu honetan ere atzerritarren bulegoan aurkeztu behar da.
KONTSULATUAK
Kontsulatuak non dauden kontsultatu nahi baduzu, ondoko zerrenda honetan egin ahal duzu:
ATZERRITARREN BULEGOAK
ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 480 (informazioa eta aldez aurretiko hitzordua)
Ordutegia: 9:00etatik 14etara
BIZKAIA:
Berroeta Aldamar 1 (Bilbo).
944 509 435
Informazioa (aldez aurretiko hitzorduen inguruan)
Informazioa (eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko)
Ordutegia:
– Astelehenetik ostegunera: 9:00etatik 17:00etara; ostiraletan: 9:00etatik 14:00etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 9:00etatik 14:00etara (astelehenetik ostiralera)
GIPUZKOA:
Pío XII plaza, 6 -sarrera Javier de Barkaiztegitik- (Donostia)
943 989 110
Posta-e: oficina_extranjeros.gipuzkoa@correo.gob.es
Ordutegia:
– 9:00etatik 17:30etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 8:00etatik 15:00etara
NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri) (Iruñea)
948 979 200
Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara
⇒ Gogoratu bulegoetara jo baino lehen, aldez aurretiko hitzordua hartu behar dela. Hau internetez egin daiteke, hurrengo helbide honetan:
⇒ Kontsultarik edo zalantzarik izanez gero, galderak online egin daitezke, honako helbide hau erabilita:
Familia errotzeagatiko erresidentzia baimena ONLINE ere eskatu ahal da. Hemen utziko dizkizuegu honetarako sarrera zuzena eta izapide honen argibide liburua jaisteko lotura:
— Eskaera-orria (EX24 eredu ofiziala)
— Espainiako nazionalitatea daukan senidearen dokumentuak:
— Atzerriko senidearen dokumentuak:
— Aurrekari penalen egiaztagiria
— Egiaztagiri medikoa: senideak osasun publikoan eragin lezakeen gaixotasunik ez daukala adierazten duen egiaztagiri medikoa. Gogoratu: atzerriko senidea jadanik Estatuan badago, hau ez da beharrezkoa.
— Bigarren aldiz ezkonduta egonez gero, aurreko ezkontzak bertan behera geratu zirela egiaztatzen duen dokumentazioa.
⇒ ADI! Oro har, dokumentuen kopiak eman behar diren arren, izapidea egiteko momentuan dokumentu originalak ere erakutsi behar dira. Hortaz, kopiak ez ezik, eraman bulegora jatorrizkoak ere bai. Izan kontuan beste herrialde batzuetako dokumentuak direnean, gaztelera edo euskarara itzulita egon behar direla (zinpeko itzultzaile batek egin behar du).
Dokumentazioaz eta betebehar hauetaz informazio zabalagoa Ministerioaren azalpen orri honetan kontsultatu ahal duzu:
⇒ ADI! Erresidentzia baimena jaso ostean, TIE eskatu behar da. Hau da, kalean hatz markaren izapidetzat ezagutzen den hori egin behar da.
TIE atzerritarren identifikazio txartela da eta hobeto azalduta daukazu beste artikulu honetan.
Honako hauek behar dira identifikazio txartela ateratzeko:
Izapide hau polizia komisaldegian egiten da (helbideak HEMEN) eta aldez aurretiko hitzordua behar da. Bertan hatz marka hartuko dizute eta frogagiri bat emango dizute. Handik hilabetera txartel fisikoa hartu ahal izango duzu.
![]()
Jatorrizko artikulua HEMEN