2021-06-09 08:16

 

2021/04/08

 

Etxeko langileek, beste langile guztiek bezala, eskubidea daukate, euren lan harremana amaitzen denean, finikitoa jasotzeko baita, kaleratze edo kontratu amaiera kasuetan, kalte ordaina jasotzeko ere, nahiz eta kalte-ordain hau, geroago ikusiko dugunez, gainontzeko langileena baino baxuagoa izan.

 

 

Finikitoa

 

Lan harremana amaitzen denean, edozein arrazoigatik, finikitoa jasotzeko eskubidea daukagu.

Finikitoan enplegatzaileak oraindik ordaindu ez dizkigun kantitate guztiak “koadratu” behar ditu, zelanbait esateko. Baina, zeintzuk dira kantitate horiek?

 

  • Hilabete horretan lan egindako egunak.

Demagun lan harremana hilaren 17an amaitu dela. Enplegatzaileak oraindik kobratu ez ditugun egun horiek finikitoan islatu eta ordaindu beharko dizkigu.

 

  • Disfrutatu ez ditugun oporrak.

Urtean 30 egun opor (egun natural) hartzeko eskubidea daukagu. Opor egun hauek geuk generatzen ditugu lan egin ahala. Honek esan nahi du lan egiten dugun hilabete bakoitzeko 2,5 opor egun sortzen ditugula. Honela, lan harremana amaitzen denean, opor egunak sortu baditugu, baina ez baditugu disfrutatu, enplegatzaileak egun hauek finikitoan islatu eta ordaindu beharko lizkiguke (eta, horretaz gain, egun horiek ere gugatik kotizatu beharko lituzke).

 

  • Aparteko pagen zati proportzionala.

Etxeko langileek aparteko paga edo ordainsari bi jasotzeko eskubidea daukate. Aparteko paga hauek, batzuetan, prorrateaturik jasotzen dira hilabeteko nominan. Baina hau horrela ez denean, hau da, aparteko ordainsari bat Gabonetan eta beste bat, esaterako, udan, jasotzen badituzu, lan harremana amaitzen denerako generatu edo sortu duzun zatia kobratu beharko zenuke. Hilabete bakoitzean aparteko pagen 1/12 sortuko genuke, paga hori azkenengoz jaso genuenetik zenbatzen hasita.

 

  • Aurreabisu falta.

Enplegatzaileak lan harremana eten nahi badu, aurreabisua eman behar digu. Honela, adibidez, “desistimientoagatik” kaleratu nahi bagaituzte, 20 egun lehenago jakinarazi behar digute. Horrela egin ezean, bete ez den aurreabisu egun bakoitza ordaindu beharko liguke, lan egin izan bagenu bezala.

 

Esan bezala, finikitoa edozein kasutan jaso behar dugu, baita lana guk uzten badugu ere.

Finikitoaren inguruko artikulu orokor hau ere eskuragai daukazue:

Kalte-ordainak

 

Lan harremanaren amaieragatik jaso behar dugun kalte ordaina ezberdina izango da, segun eta zein izan den arrazoia. Ikus dezagun banan-banan:

 

  • Borondatezko baja.

Norberak, bere erabakiz, lana uzten duenean, ez dago kalte ordaina jasotzeko eskubiderik. Beraz, lana uzten baduzu, ez duzu kalte ordainik jasoko, baina, adi! arestian esan bezala, finikitoa bai jaso beharko zenuke.

 

  • Diziplinazko kaleratzea.

Kasu honetan ere ez da kalte ordainik jasotzen. Gogoratu diziplinazko kaleratzea hauste larri eta errudunagatik (“incumplimiento grave y culpable”) izan behar dela.

Gainera, kaleratzea idatziz izan behar da eta bertan enplegatzaileak detailez islatu behar du zein den kaleratzearen arrazoia. Hau da, ezin zaituzte kaleratu “lapurtzeagatik” edo “lanera huts egiteagatik” oro har eta besterik gabe. Zure balizko hutsegitea zehazturik egon behar da kaleratze-kartan.

Esan barik doa, kasu askotan, enplegatzailea ahalegindu ahal dela diziplinako kaleratze bat egiten, kaleratzeagatiko kalte-ordaina ez ordaintzearren.

 

  • Kontratu amaiera probaldian.

Etxeko langileak, gehienez, hilabete bi egon daitezke probaldian. Tarte honetan bai langileak, bai enplegatzaileak, kontratua amaitutzat eman dezakete arrazoia justifikatu beharrik gabe. Kasu honetan ez litzateke kalte ordainik jasoko.

Probaldiaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu:

  • Aldi baterako kontratuaren amaieragatik.

Aldi baterako kontratua egin badizute, kontratua amaitzen denean, kalte ordaina jasotzeko eskubidea izango zenuke (nahiz eta kaleratzea ez izan). Gogoratu aldi baterako kontratua baldin bada, amaiera data kontratuan bertan adierazita egon behar dela hasieratik.

Kasu honetan kalte ordaina 12 egunekoa izango litzateke lan egindako urte bakoitzeko, sei hilabeteko mugarekin (hau da, gehienez, sei hilabeteko soldataren parekoa izan daiteke).

Ez bazara urtebetera heldu, berdin-berdin jasoko zenuke, lan egindako hilabete bakoitzeko soldata egun bat dagokigulako (12 egun urteko = egun 1 hilabeteko).

Bestetik, urtebete baino gehiago lanean eman baduzu, aurreabisua eman behar dizute 15 egun natural lehenago.

Aldi baterako kontratuen kalte ordainen inguruko artikulu orokor hau kontsulta zenezake:

  • “Desistimientoagatik”.

Etxeko langileen sistemaren “berezitasun” lazgarrienetako bat da hau: enplegatzaileak langilea kaleratu ahal duela, batere arrazoirik eman barik, hau da, bere erabaki hutsaz.

Edozelan, kaleratze hauetan, diziplinazko kaleratzeetan ez bezala, kalte ordaina jasotzeko eskubidea dago: 12 egun lan egindako urte bakoitzeko edo, bestela esanda, soldata egun bat lan egindako hilabete bakoitzeko, sei hilabeteko mugarekin (hau da, aldi baterako kontratuen zenbateko berbera). 2011 baino lehenago hasi bazen lan harremana, ordea, kalte ordaina 7 egunekoa baino ez litzateke izango.

Beste artikulu honetan hobeto azalduta daukazu kaleratze honi dagokion guztia:

  • Enplegatzailearen heriotza.

Enplegatzailea hiltzen bada (demagun pertsona nagusi bat zela), kalte ordaina jasotzeko eskubidea daukagu. Kalte ordain hau hilabete batekoa izango litzateke kasu guztietan (soldata hilabete bat, alegia). Adi! Lanean eman duzun denboraren arabera, baliteke ahalegintzea “desistimientoagatik” kaleratzen, batez ere kalte ordaina merkeago suertatzen bazaie.

Kaleratzeagatiko arrazoia gezurra bada edo prozedura ez bada behar bezala jarraitu, kaleratzea sala zenezake. 20 egun baliodun dauzkazu horretarako. Kaleratzea bidegabetzat joko balitz, kalte ordaina 20 egunekoa izango litzateke (12 hilabeteko mugarekin). Gogoratu edozein arazo daukazula, sindikatura jo dezakezula.

 

 

Zelan kalkulatzen da kalte ordaina?

 

Kalte ordaina kalkulatu ahal izateko, beste puntu hauek ere aintzat hartu behar dira:

— Antzinatasuna: etxe horretan lan egindako denbora guztia hartuko da kontuan, nahiz eta kontratu ezberdinez izan.

— Kalteordaina hilabeteka kalkulatzen da. Honela, “solte” gelditzen diren egunak, hilabete osoa izan balitz bezala hartzen dira. Hau da, demagun hamabost hilabetez eta lau egunez egon zarela lanean, kalte ordaina kalkulatzeko, hamasei hilabetez lanean egon izan bazina bezala hartuko da.

⇒ Kaleratzea “desistimientoagatik” izan bada, 12 egun lan egindako urte bakoitzeko jaso beharko genuke edo, bestela esanda, soldata egun bat lan egindako hilabete bakoitzeko. Beraz, emandako adibidean, 16 lanegunetako kalte ordaina egokituko litzaiguke.

— Eguneko soldata kalkulatu beharra dago. Momentuan jasotzen duzun soldata erabiliko da honetarako. Berdin da lehen gutxiago kobratzen bazenuen, lan harremana amaitzen denean jasotzen duzun diru kopurua hartuko da kalte ordaina kalkulatzeko.

Lehenengo eta behin, urteko soldata kalkulatuko dugu: hilabeteko soldata X 12 hilabete egingo dugu. Adi! Bider 12 egungo genuke aparteko ordainsariak prorrateaturik badauzkazu; bestela bider 14 egin beharko genuke (12 hilabete + aparteko paga bi). Kopurua daukagunean, zati 365 egingo dugu, eguneko soldata zein den jakiteko.

⇒ Demagun jardunaldi erdiz lan egiten duzula eta 400 euro kobratzen dituzula (aparteko paga birekin):

400 x 14 = 5.600€ urtean
5.600€ / 365 = 15,34€ egunean

Lehen emandako adibideari jarraiki, 16 lan eguneko kalte ordaina jaso behar badugu, 15,34€ x 16 = 245,44€. Horixe izango litzateke kalte ordaina.  

 

Esan barik doa, etxeko langileen egoera gainontzeko langileena baino okerragoa dela, baita kaleratzeagatiko kalte ordainei dagokienez ere. Arrazoi nagusi birengatik:

• Gainontzeko langileen kasuan kaleratzeagatiko kalte ordaina altuagoa da (kaleratze objektiboagatik, 20 egun izaten dira lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin; eta kaleratze hori epaitegietan salatuz gero eta bidegabetzat joz gero, 33/45 egunetara hel daiteke kalte ordaina). Kaleratze motak artikulua kontsulta zenezake.

• Etxeko langileei, hitzarmen kolektibo ezean, lanbidearteko gutxieneko soldata baino ez zaie aitortzen legez eta, gainera, askotan, orduka edo jardunaldi partzialaz baino ez da lan egiten sektore honetan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer da "desistimiento" izenekoa?

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus