2025-09-15 13:44

 

 

Badakizuenez, eta beste artikulu batzuetan ere jorratu dugunez, 2019an Europak, 2019/1158 Zuzentarauaren bitartez, Estatuak euren legediak moldatzera behartu zituen, kontziliazioari begira gutxieneko batzuk bete ditzaten. Honek ekarri zuen Espainiako Estatuak jaiotzagatiko eta umeen zaintzarako baimenak luzatu beharra.

Ordudanik, hainbat neurri hartu dira. Hauetako bat 8 asteko baimen hau izan zen, 2023an martxan hasi zena. Edonola ere, bere momentuan ohartarazi genuenez, Estatuak honekin ez zituen bete Europatik agindutako irizpide guztiak, besteak beste, izenburuan ikusi duzuenez, baimen EZ ordaindua delako.

Honela, Europatik isuna jaso zen: 6.832.000 euroko isuna gehi 19.700 euro, gutxienekoak betetzen dituen araua indarrean hasi arte pasatutako egun bakoitzeko, kostu judizial guztiak ordaindu behar izateaz gain. Honen ostean, Madrileko Gobernuak gurasotasun baimenak luzatu ditu (gurasotasun baimena beste artikulu honetan azalduta daukazue). 16 aste izatetik, 19 aste izatera pasatu da, hauetatik guztietatik, aste bi umeak 8 urte bete arte har daitezkeela.


ADI! Gurasotasun baimen barruan sartu diren aste bi hauek ordaindutakoak dira, gurasotasun baimeneko gainontzeko aste guztiak bezala. Hala ere, lehenagotik sortutako beste baimen honetako 8 asteek beren horretan diraute, hau da, ez dira ordainduak.

Honela, eta laburbilduz, umeak 8 urte bete arte, orotara, 10 aste hartzeko eskubidea daukagu, gaur gaurkoz:

  • 2 ASTE, gurasotasun baimen ordainduaren barruan
  • 8 ASTE, ez ordaindutako baimen honi dagozkionak

⇒ Adi! Gurasotasun baimenari dagozkion aste bi hauek disfrutatu ahal izateko, umea 2024ko abuztuaren 2tik aurrera jaio behar izan da.

 

 

Zertan datza?

 

Gurasoek 8 asteko baimena har dezakete seme-alaben zaintzarako. Ez da ezer aipatzen edo zehazten zaintza betebehar honen inguruan, hau da, behar dugun edozein kasutarako eska genezake. Adibidez, denok dakigu zelako buruhaustea izan daitekeen ume txikien egokitzapen-ordutegia eskolara itzulitakoan edo oporrak hartzen dituztenean gurasoak oraindik lanean daudela.

Baimen hau langileen eskubide indibiduala da eta, hortaz, ezin zaio beste inori transferitu.

Sektore pribatuko zein sektore publikoko langileek eska dezakete.

 

 

Noiz disfruta daiteke?

 

Umeak 8 urte betetzen dituen artean.

Harreran hartutako umeak direnean, gutxienez urtebete eman behar izan dute gurekin. Hau da, ezingo genuke eskatu harrera egoeraren lehenbiziko urtean.

 

 

8 asteak segidan edo zatika

 

Ez da derrigorra 8 asteak segidan hartzea, zatika ere har daitezke, sasoi ezberdinetan banandurik. Beren-beregi zehazten ez bada ere, ulertu daiteke asteka disfrutatu behar dela, hau da, aste osoak eskatu behar direla (“tendrá una duración no superior a ocho semanas, continuas o discontinuas”). Gainera, gurasotasun baimenean erreparatzen badugu, ikusten dugu kasu horretan ere aste osoka hartu behar dela baimena, eta ez egun solteka.

 

 

Jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz

 

Estatutuan bertan aipatzen denez, ez da derrigorra jardunaldi osoz hartzea, jardunaldi partzialaz ere disfruta daitezke.

“[…] podrá disfrutarse a tiempo completo, o en régimen de jornada a tiempo parcial conforme a lo establecido reglamentariamente […]”

Edozelan, honen inguruko garapen normatiboa falta da. Beraz, garapen normatibo orokor horren faltan, aukera bakarra izango litzateke enpresarekin adostea, kasuan kasu edo hitzarmen kolektibo zein enpresa itunen bitartez.

 

 

Baimen ordaindua da?

 

Hasieran azaldu dugunez, aste hauek ez dira ordainduko eta, Zuzentarauak agintzen zituen irizpideak betetzearren, aukeratu den modua izan da gurasotasun baimen ordainduko aste bi umeak 8 urte bete arte hartu ahal izatea. Baina, esandakoa, beste zortzi aste hauek euren horretan utzi dira eta, hortaz, ez dira ordainduak izango.

Honek esan nahi du aste libre hauek disfrutatzeko eskubidea daukagula, baina, hala ere, tarte horretan ez dugula soldatarik jasoko.

 

 

Enpresak ukatu ahal digu?

 

Enpresak ezin digu ukatu. Gehienez, baimena hartzeko momentua atzera lezake, baina hau egoera oso zehatzetan baino ezin luke egin:

– ume berbera zaintzeko langile batek baino gehiagok aldi berean eskatuko balute (bestela esanda, guraso biak enpresa berean arituko balira eta batera eskatuko balute)

– hitzarmen kolektiboak zehazten dituen bestelako egoeretan

Edozelan, enpresaren funtzionamendu egokia larriki oztopatu beharko litzateke. Honela, enpresak baimena atzeratu nahiko balu, idatziz justifikatu beharko luke eta aldez aurretik beste alternatiba bat proposatu beharko liguke.

Bestetik, guraso baimen hau disfrutatu bitartean enpresak kaleratuko bagintu, kaleratze baliogabea izango litzateke, izan hau kaleratze objektiboa (Langileen Estatutuaren 53.4.a artikulua), izan diziplinazko kaleratzea (Langileen Estatutuaren 55.5.a artikulua).

 

 

Jakinarazpena enpresari

 

Enpresari 10 egun lehenago jakinarazi behar zaio -edo hitzarmen kolektiboan zehazten den aurrerapenarekin- eta ondo zehaztu behar dugu zein izango diren hasiera eta amaiera data.

Enplegatu Publikoen kasuan, Oinarrizko Estatutuan 15 eguneko epea finkatu da.

Esan dugunez, baimen hau ez dago ezein egoera bereziren menpe (adibidez, umearen gaixotasuna). Suerta daitekeen edozein premiatarako eska dezakegu, umeak 8 urte bete arte. Horixe da legeak ezartzen duen baldintza bakarra eta, hortaz, justifikatu beharko genukeen puntu bakarra, enpresak hala eskatuz gero.

 

 

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

 

https://t.me/BizilanEus

 

Jatorrizko artikulua HEMEN

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko. TELEGRAM KANALA: https://t.me/BizilanEus