2025-05-08 13:31

Txosnen aldeko ekimena iragarri dute Miribillan, maiatzaren 31rako

Gaur, Bilboko Aste Nagusia hasteko 100 egun falta direnean, baina baita Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietarako 88 eta Donostiako Aste Nagusirako 93 falta direnean ere, Bilbon elkartu dira Bilboko Konpartsak, Gasteizko Txosnak eta Donostiako Piratak herri-ekimenen ordezkariak, alarma-mezu bat zabaltzeko: jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daudela. Salatu dutenez, aisia merkantilizatuta dagoen garaian, instituzioek, eredu hori babestu beharrean lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei.

Gaurko agerraldian izan dira Maite Aranalde (Gasteizko Txosnak), Iker Martin (Bilboko Konpartsak) eta Joseba Cornago (Donostiako Piratak). Irakurri duten oharrean gogora ekarri dute, halaber, herri-jaietako txosnak irabazi asmorik gabeko ekimenak direla, boluntarioek kudeatutakoak, eta “anomalia” dela haien izaera ez aitortzea, eta administrazioak ez izatea haien beharretara egokitutako esparrurik.

Oztopoen artean, tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak eta espazio publikoa erabiltzeko trabak aipatu dituzte. Haien esanetan, horrek denak arriskuan jarri du adierazpen kolektibo hauen etorkizuna, txosna eta jaiena. Horregatik, ekitaldia antolatuko dute, maiatzaren 31n, Miribillan txosnen defentsan, eta hara bertaratzeko deia egin dute hiru hiriburu horietako herri-jaien ordezkariek.

Gaurko agerraldia. Erabilera librea.


Hauek dira gaurko prentsaurrekoan esandakoak:

Gaur, Bilboko Aste Nagusia hasteko 100 egun falta direnean, baina baita Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietarako 88 eta Donostiako Aste Nagusirako 93 falta direnean ere, hemen elkartu gara Bilboko Konpartsak, Gasteizko Txosnak eta Donostiako Piratak ordezkatzen ditugunok, alarma-mezu bat zabaltzeko: jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daude. Ez dugu alarmista izan nahi, baina gero eta gertuago ikusten dugun errealitate bat islatu nahi dugu gaur.

Mundua pribatizatzen ari da, eta gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea. Aisialdia merkantilizatuta dago, eta irabazi asmorik ez dugunoi geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkigute espazio publikoa erabiltzeko. Agerikoa da, instituzioek lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei.

Autogestioan oinarritutakoei zailtasun gehiago jartzen dizkigute. Tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak. Arriskuan jarri dute adierazpen kolektibo hauen etorkizuna, irabazi asmorik gabeko txosna eta jaiena.

Jai eredu hau Euskal Herrian hain errotuta egonda, anomalia da gure izaera ez aitortzea, eta administrazioak ez izatea gure beharretara egokitutako esparrurik. Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara. Ondo pasatzea kontu serioa da. Txosnak gure herriaren altxorra dira, eta babestu egin behar ditugu, ezberdindu behar ditugu merkataritza ekitaldietatik.

Urtero antolatzen gara milaka eta milaka pertsona jai herrikoiak eduki ahal izateko gure herri eta auzoetan. Ahalegin hori da gure altxorra, interes ekonomikorik gabe antolatzea, herri moduan, herritarren onurarako. Posible dela frogatzen dugu urtero, eta horregatik sortu dira hainbeste oroitzapen eta emozio espazio hauetan. Guretzat ez dago gauza ederragorik jaiak antolatzeari eskaintzen diogun denbora baino. Eta ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino.

Horregatik, prentsaurreko hau amaitzeko, ekitaldi handi batera deitu nahi zaituztegu: maiatzaren 31n, 11:30ean, Bilboko Miribillako anfiteatroan, txosnak eta herri-jaiak defendatzeko. Han ikusiko dugu elkar!

The post Txosnak arriskuan direla ohartarazi dute herri-jaien sustatzaileek appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara