2023-08-09 10:12

Konpartsek, urtero bezala, elkarlanari eta segurtasunari dei egingo diote abuztuaren 9an hasi eta 19ra arte izango den txosnen eraikuntzak iraun bitartean.

Aurtengo Aste Nagusiari begira, Bilboko Konpartsek txosnen muntaketari ekingo diote gaur hasi eta abuztuaren 19an azken ukituak egin arte. Urtero bezala, 110.000 kilotik gora mekanotubo, 1.500 panel inguru, 1.000 litro margo baino gehiago, elkarlan handia eta 400 bat konpartsakideren izerdia izango dira protagonista Areatzan. Horrela, konpartsek hezurmamitzen duten mugimendu sozial eta auzotar autogestionatuek euren proiektuekiko duten konpromisoaren irudi polit bat ikusi ahal izango dugu.

Txosnen dimentsioek exijituta, konpartsakideek euren buruak babesteko beharrezko segurtasun neurriak erabiliko dituzte prozesu osoan zehar. Mekanotuboa eta margoa bezain garrantzitsuak izango dira arnesak eta kaskoak Bilbok Marijaia agurtu aurreko 10 egunotan.

Giza eta talde esfortzuaz gain, ahalegin ekonomikoa ez da makala izango. Herriak herriarentzat egiten duen lana bada ere, dena ezin da irribarrez eta laguntasunez ordaindu, are gutxiago, bizi dugun inflazio garai honetan. Azpimarratu beharra dago konpartsek egiten duten esfortzu ekonomikoa, Elkarlan Uholdearen esparrua horretarako adibide paregabea izanik, 1983ko uholdeen ostean geratu baitzen oso argi zenbateko inbertsioa duten jokoan konpartsek Aste Nagusian zehar.

Muntaketa fasea Bilboko Konpartsak federazioak lortu nahi duen gizartearen isla da. Konpartsen izenean mintzatu diren Ane Suarezek eta Arkaitz Peñak azaldu dutenez: “Aldamioak muntatu bitartean, hiria egiteko gai garela erakutsi nahi diote konpartsakideek munduari. Hori dela eta, muntaketan bereziki garrantzitsuak dira konpartson balore komunak, auzolana, elkarlana eta autogestioa, alegia, guztion neurriko Aste Nagusia osatzeko”, zehaztu dute konpartsen azpiegitura taldeko kideek.

The post Gaur hasi dira Aste Nagusiko txosnen muntatze-lanak appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara