2021-08-11 22:29

Bilboko konpartsok berezkoa dugu jai-eredu herrikoi, parte-hartzaile, feminista, inklusibo eta
euskaldunaren alde apustu egitea; horregatik, poztu gaitu sumatzeak herri-kultura irteten omen
dabilela pandemiaren garai-ilunetik.


Joan diren hilabeteak ez ditugu eman besoak gurutzatutarik eta geldirik: hausnarketa egiteko baliatu
ditugu, gure lana hobetzeko eta beste bilbotarrekin sare-lan hurbilagoa sendotzeko. Orain, bada
garaia motorrak martxan ipini eta, Bilboko Irriarekin batera, kaleak kolorez, musikaz eta kulturaz
betetzen segitzeko, beti ere arduraz, bizi dugun egoeraz jabetuta.
Itzulera honetan zerbait eskatzen dizuegu: parte har dezazuen, goza ditzazuen herri-kultura, jai
herrikoietarako oinarria, herriak herriarentzat egina, ezinezkoa bailitzatekeelako zuek gabe eta
gainera jaien alde beharrean segitzeko ilusioz betetzen gaituzuelako, jende txirene hori. Beraz,
adi egon egunotan aurkeztuko ditugun Bilboko Irriaren jarduerei, eta izena-eman ahalik eta
lasterren.


Baina zuen presentziaz eta alaitasunaz gain, zuen laguntzaren beharra ere badugu. Bilboko Irria egin
ahal izateko bonu-laguntza-zozketak prestatu ditugu, denon artean bultzatu gura dugun eta
bilbotarrok merezi dugun kultura- eta jai-eredua indartzeko. Euro baten truke eskuratu ahal izango
dituzu bonuak, konpartsakideengandik edo gure ekimenetan.


Bonuren bat erosita, hamar sari-sortaren zozketan sartuko zarete. Saridun bakoitzak lortuko ditu
50 sari baino gehiago, tartean konpartsetako materialak, hainbat saltoki eta laguntzaileren
produktuak eta zerbitzuak eta 2022ko Aste Nagusian dastatzeko jan-edanak. Zozketa urriaren
30ean izango da, eta hilabete bat izango duzue saria jasotzeko; kontsumizioetarako, ordea,
urtebeteko epea egongo da.


Bestalde, eskerrak ematen dizkiegu orain arte lan ederra egin duten elkartasun taldeei, zerbitzu
publikoak eta lan-baldintzak defendatzen dituztenei eta bertako kontsumoaren eta saltoki
txikien alde egiten duten herritar, langile eta dendari denei, eta bereziki gure ekimen hau
babestu dutenei. Gora Bilbo eta gora Mari Jaia!

The post Bilboko Irria laguntzeko bonuak kaleratu ditugu appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara