2025-12-17 10:11

Datorren domekan, abenduaren 21ean, San Tomas azoka izango dugu Bilboko Areatzaren inguruetan. Urtero bezala, agertokia eta txosna paratuko dute Bilboko Konpartsek San Nikolas ondoan, eta bertan, besteak beste, bertsolariak, dantza plaza, erromeria, indaba eta txerriki banaketa, 2026ko egutegien salmenta eta otzararen zozketa egongo dira. 

Egitarau ederra prestatu dute Bilboko Konpartsek aurtengo San Tomaserako, –domeka honetan, hilak 21–, txikienetik helduenera gozamena bermatzeko. Urtero legez, egutegiak saltzen hasiko gara San Nikolas elizaren inguruan. Iazko egutegiaren ildoari jarraiki, Bilbori buruzko kontakizun historikoak biltzen ditu 2026koak ere, eta zurea eskuratu dezakezu 15:00ak arte prezio herrikoiaren truke. 10:00etan ere, irratsaioa izango dugu Bilbo Hiriaren eskutik San Nikolas elizaren aurreko eszenatokian.

Ordubete beranduago, 11:00etan, elizaren aurreko txosna irekiko dugu. Bertan eskuratu ahalko dituzue edateko guztiak, sagardo goxo-goxoa ere, noski. Eguerdian, indaba beganoak eta txerrikia salduko ditugu gune gastronomikoan, San Nikolas elizaren eskumako alboan, metrorako sarrerako bidean. Horiekin batera, baserriko produktuen otzararen zozketarako boletoak banatuko ditugu. Plana erabat bikaina izateko, bazkaria 12:30ean bertso saio batekin lagundu ahalko dute bazkaria eskatzen lasterrenek. Saioa eszenatokian izango da, Maite Sarasola, Enare Muniategi eta Ander Anakabe bertsolarien eskutik.

Haurrek ere izango dute gozatzeko tartea, Plaza Barrian, 12:30ean hasita, hain zuzen ere. Txikientzako gune horretan, egurrarekin esperimentatu eta jolasteko tailerra izango dute, baita txotxongilo tailerra ere. Ortuzaleek, San Tomasen falta ezin diren babarrunekin ikasiko dute lekaleak landatzen. Eta hori guztiori aurpegia dotore-dotore apainduta egin nahi dutenek, karetak margotzeko tailerretik igaro ahalko dira.

Bazkalostean, 15:00etan, baserriko produktuen otzara zozkatuko dute konpartsek, hori ere, elizaren aurreko eszenatokian. Horren ostean, dantzaplaza izango da bertan ere Kittu Basque Street Folk laukotearekin 16:00etatik hasita. Ondoren, abarkak oraindik astintzeko gogoa dutenek, Lehian erromeria ikusi ahal izango dute, 19:30ean hasita, San Nikolas elizaren aurrean, Bilboko Konpartsen txosnaren alboan. Kantuzaleentzako aukera hobea Bilbo Kantari izan daiteke, ordu berean, La Bolsa eraikinetik hasita eta Alde Zaharrean zehar.

Besarkada estua eta domekara arte!

The post 2026ko San Tomas azoka domekan: Bilboko Konpartsen egitaraua appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara