2025-07-29 11:42

Txori Barrote konpartsako Olatz Agirre eta Doctor Deseo taldeko Francis Díez izango dira aurtengo Aste Nagusiaren bi ordezkari bereziak.

Bilbo, 2025/07/29

Gaur aurkeztu ditugu Olatz Agirre eta Francis Díez Bilboko 2025eko Aste Nagusiko txupinera eta pregoilaria, gaur goizean udaletxean prentsaren aurrean egindako agerraldian. Itziar Urtasun zinegotziak, Jai Batzorde Mistoko presidenteak, Marijaiarekin batera jaietako protagonistak izango diren bi pertsonak aurkeztu ditu, eta nabarmendu du 18 egun baino ez direla geratzen Aste Nagusiaren 45. edizioa iristeko.

Duela aste batzuk jakinarazi zuten nortzuk izango ziren jaietako ikono horiek, baina gaur uniformea jantzita aurkeztu dira, eta hedabideek haiekin egoteko eta udaletxean argazki zorrotzak ateratzeko aukera izan dute. Urtasunek txupinera eta pregoilaria aurkeztu ditu, eta gogorarazi du Alde Zaharreko merkatarien elkartea arduratzen dela bi pertsonen jantziak egiteaz.

Olatz Agirre eta Francis Díez gaur udaletxean. BILBOKO KONPARTSAK

Olatz Agirre txupinera aukeratu dute Bilboko Konpartsek. Santutxukoa da, delineatzaile lanak egiten ditu Bilboko Udaleko Zerbitzu eta Herri Lan arloan, eta Txori Barrote konpartsako kidea da. Olatzek aurten aitortu duenez, “ez naiz beltzez eta zuriz jantziko, baizik eta gorriz, konpartsa guztiak ordezkatzeko, herritik eta herriarentzat, interes ekonomikorik gabe eta elkartasunez, kolorez eta parte-hartzez betetako bederatzi egun alai hauetan”.

Ondo pasatzearen alde egin du, baina pasatu gabe, eta gogorarazi du ez dela onartuko inoren aurkako indarkeriarik. Halaber, gogorarazi du erasoen aurkako protokolo bat dagoela, eta erasorik jasanez edo ikusiz gero konpartsetan salatzeko aukera dagoela, bertan erasotutako pertsonek laguntza jasoko baitute eta erasoen aurkako protokoloa martxan jarri ahal izango baita. Azkenik, motorrak berotzeko deia egin du, Aste Nagusia atejoka dugu-eta.

Aurten aukeratutako pregoilariak, Francis Díezek, Doctor Deseo taldeko abeslariak, aurreko urteetan proposamen horretatik “eskakeatu” izana aitortu du. Aurten, baina, pregoilaritza onartzea erabaki du, “bera folklorika hutsa delako” eta lan izugarria eskatzen duten eta “munduko jai onenak bihurtu diren” jai hauei merezi duten aitortza emateko.

Francisek ziurtatu du berarentzat ohore handia dela Pregoilaria izatea eta “Bilboko Konpartsen eta Udalaren zerbitzura” egongo dela “Bilbon eragin handia duen jai ez-material honetan parte hartzeko”. Herritarren eskura jarri da, ondo baitaki pertsona asko hurbilduko direla bai pregoilariarengana bai txupinerarengana argazki bat eskatzera.

Badator Aste Nagusia!

Aurtengo Txupinera eta Pregoilaria, Jai Batzorde Mistoarekin. BILBOKO KONPARTSAK

The post 2025eko Aste Nagusiko Txupinera eta Pregoilaria aurkeztu ditugu appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara