2020-09-03 10:43

MIKEL VALERO

Atzerriko hainbat herrietan etxebizitza eredu kolektibo eta kooperatiboak ohiko badira ere, fenomeno berria dugu Euskal Herrian.

Herritar taldeak eta baita zenbait erakunde publiko ere, ezagutzen ditugun eredu hegemonikoen aurrean alternatibak plazaratzen hasi dira, eredu publiko-komunitarioak edota kooperatiboak abiatuz.

Zentzu honetan bi eredu proposatzen dituzten esperientziak martxan jartzen ari dira:

  • Zenbait udalek planteatutako etxebizitza publiko-komunitarioak non alokairu bidez populazioaren sektore jakin batzuentzako etxebizitza alternatibak eskaintzen diren eta izaera komunitarioa sustatzen den (biztanleen arteko antolaketa eta elkarlana sustatuz edo komunitatearekiko konpromezu bat eskatuz). Errenteriako Gazte Exebizitza komunitarioa eta Usurbilgo belaunaldi-arteko etxebizitza horren eredu dira baita, Iparraldean dagoen Le Col kooperatibak proposatzen dituen parte hartzean oinarritutako etxebizitza eredua ere.
  • Herritar taldeak sustatuko lagapen erabilerako etxebizitza kooperatibak. Komunitatean oinarritzen den etxebizitza planteatzen da hemen ere, espazio pribatua txikituz (baina ez baztertuz) eta espazio kolektiboari garrantzia emanez eta espekulazioa ekiditen duen eredu juridikoa planteatuz: etxebizitzaren jabegoa kooperatibarena da eta kooperatibako bazkideak erabilera eskubidea dute. Hainbat eta hainbat dira Euskal Herrian eredu hau abian jartzeko taldeak: Abaraska eta Elkarbidean Donostian, Etxekonak eta Etxekide Iruñean, Bizkopon Gasteizen…

Azken eredu honetan oinarrituta (munduan zehar oso zabalduta dagoena) Eusko Jaurlaritzak ere 116 etxebizitza eraikitzeko prozesua abian jarri du Donostiako Txomin Enean.

 

Taulan honetan egiten den balorazioa subjetiboa da hainbat ezagurriei dagokionez. Hausnarketarako tresna bezala planteatzen dugu.

Etxebizitzarena gure jendarteak duen auzi garrantzitsuetako bat dela argi dago eta horren aurrean Etxebizitza politiko publiko alternatiboak behar dira ezinbestean baina zer nolako eredua sustatu behar dute erakunde publiko progresistek?

Gure ustez, planteatzen diren eredu horiek eta beste batzuk ere martxan jarri behar dira:

  • Etxebizitza publiko-komunitarioak sektore jakin batzuentzako irtenbidea planteatzen dutelako eta herrien izaera komunitarioa indartzeko tresna gisa;
  • Herritar taldeek sustatutako erabilera lagapenezko etxebizitza kooperatibak administrazio publikoetatik lagundu aholkularitza eta bitartekoak eskaintzen (lur zoruak bereziki);
  • Erabilera lagapenezko etxebizitza kooperatiba eredua proposatuz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzerakoan, parte hartzean oinarritzen diren prozesuak proposatuz eta horien izaera komunitarioa sustatzeko aholkularitza eskainiz.

Horrez gain, ezinbesteko artikulazioa beharko da eredu horien artean eta hurrengoak bezalako neurriak hartu ahalko dira:

  • Etxebizitza publiko-komunitarietako erabiltzaile izango diren pertsonei beraien etxebizitza pribatua administrazio publikoen esku jartzea alokairu sozialetara bideratzeko.
  • Etxebizitzaz haratago zaintza komunitarioa sustatzeko prozesuak abiatu eta inplementatu, etxebizitza kolektiboetako biztanleak, gertuko komunitatetik haratago auzo eta herriei ekarpen bat egiteko.

URUGUAI EREDU

ESTITXU ORMAETXEA IGARZABAL

Urte batzuk badira mundu osoko hainbat herrialdetan erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiboen eredua martxan jarri zenetik.

Uruguai da adibide aipagarrienetako bat, autokudeatutako kooperatibaz osaturiko egitura bat baitaukate, FUCVAM (Federación Uruguaya de Cooperativas de Vivienda por Ayuda Mutua). Erakunde honek duela berrogeita hamar urtetik gora hasi zuen bere ibilbidea, eta gaur egun herritarren etxebizitzen % 2 ordezkatzen du, 22.000 familia baina gehiagoren bizimodua izanik.


FUCVAMak bultzatzen duen eredua elkarrenganako laguntzan oinarritutakoa da. Horrela, eraikuntza-lanak komunitatean egiten dira eta, behin lanak bukatuta, bizitokien jabetza kooperatibarena berarena da. Etxebizitzen erabiltzaileek, hau da, kooperatibako kideek, bermatuta daukate arrazoizko prezio bat ordainduz epe mugagabe batean erabilera-eskubidea. Etxebizitzak eraikitzeaz gain, egungo gizarteko bizi-errealitatea eraldatzeko egituren alde egiten du. Kudeatzen dituzten biziguneak egongela komunal, liburutegi, gune berde, jolasgune eta antzeko baliabideez hornituz, balore solidario eta elkarlanezkoak sustatzen dituzte.

Isla Mala kooperatibarako 1.966 urtean, Mario Spallanzoni arkitektoak marrazturiko oinplanoa (Centro Cooperativista Uruguayo- Dinamica Cooperativa 126 alean argitaratua).

LEHEN URRATSAK…

Lehen esperientzia Veinticinco de Mayo herria izan zen, Isla Mala bezala ere ezaguna. Eraikitze-lanak 1970ean bukatu ziren eta bi mila pertsona ingururen bizitoki bilakatu zen. FUCVAM erakundea obra hau bukatu bitartean sortu zen eta, besteak beste, hau izan zen oinarritzat hartutako eredua.

Proiektu hau ahalmen ekonomiko baxua zuten herritarren bizitegi-arazoari soluzio bat bilatzeko asmoz jarri zen martxan. Bertako biztanle izango zirenen lana eta elkarrenganako laguntzari esker, etxebizitzak eta hainbat gune amankomun eraikitzea lortu zuten. Gerora, biztanleen parte hartzea handituz joan da eta etxebizitza kooperatiboaren eredua herrialde osora zabalduz.

BIZITOKI-EREDUAZ GAIN, BIZIMODU-EREDUA ERE ALDATZEN AL DU?

Etxebizitza- eta auzo-sistemetatik abiatuta, gizarteko hainbat alderditan eragiten du etxebizitza kooperatiboen eredu honek. Ekonomia arloan, tokiko ekonomia estimulatzen duten hainbat kontsumo-, produkzio- eta kreditu-kooperatiba sortu dira. Bestetik, hezkuntza kooperatiboak indarra hartu du, kooperatibetako kideek hainbat ezagutza eta oinarri behar baitituzte auzoguneak eraiki eta hobekuntzak egin ahal izateko. Gainera, kooperatiben autokudeaketaren ondorioz, bizitza politikoan eragina izan duen zuzeneko demokrazian oinarritutako prozesu kolektiboa nabarmentzen da; eta baita bizimodu jasangarriagoa sustatzeko asmoz tokian tokiko baliabide eta materialen erabilera lehenetsi ere.

Uruguain bezala, munduko beste hainbat herritan ere badaude erabilera-lagatze erregimeneko etxebizitza kooperatiboen adibideak; hala nola, Brasil, Argentina, Danimarka, Suedia, Alemania, Katalunia, etab. Tokian tokiko gizarte eta beharretara egokituz, posible da etxebizitza kooperatiboen balore eta onurez baliatuz bestelako bizimodu bat egitea. Elkarren ondoan bizi baino, elkarrekin biziz.

 

TXOMIN ENEA

DENIS GONZALEZ

Proiektu pilotua Euskal Autonomia Erkidegoan.

ZER DA TXOMIN ENEA PROIEKTUA?

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Txomin Enea auzoan erabilera-lagapen bidezko kooperatiba ereduan 116 etxebizitza eraikitzeko martxan jarri duen proiektu pilotua da Txomin Enea.

Horretarako Eusko Jaurlaritzak 9000 m2ko lursaila erosi eta 2018ko abenduan etxebizitzen sustapen itundua egiteko proposamena aurkezteko deialdi publikoa egitea erabaki zuen. Bertan eraikiko direnak Babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, azalera-eskubidean sustatuko direnak eta erabilera-lagapenaren araubidean daude; horrela administrazioak lurzoruaren titulartasun publikoa mantentzea ahalbidetzen du.

ZERTAN DAGO PROIEKTUA?

Dagoeneko proiektua esleitu da. Erakunde esleipenduna alde batetik eusko jaurlaritzatik babes ofizialeko behin betiko kalifikazioa jasotzeko zain dago, bestetik, etxebizitzak esleitzea falta zaio.

Txomin Enea proiektuan, 109 etxebizitza eraikiko dituzte eta lehiaketara aurkeztu zuten zerrendan 200 interesdun zeuden. Eusko Jaurlaritzak, informazioa gizarte multzo handiago batera zabaltzea proposatu dio erakunde esleipendunari, 300 interesdun izan arte. Ondoren, printzipioz zozketa bitartez esleituko dira etxebizitzak.

Momentuz, obrak hasi gabe daude eta kooperatiba sortu gabe. Finantzaziorako akordioa dago bankuarekin eta bazkideak egin beharko dituzten ekarpenak gutxi gora behera argi daude ere.

NON ARAUTZEN DA ERABILERA LAGAPENA?

EAEko etxebizitza legea 2015. urtean indarrean sartu zen eta eragin sozial nabarmena duen legea da, lehen aldiz aitortzen baitu etxebizitza duin eta egokia izateko eskubide subjektiboa. Legeak 3. xedapen gehigarrian erabilera lagapena arautzen du.

Etxebizitza legeak hasitako bidearen jarraipen gisa, berriki onartu den EAEko kooperatiba legeak, etxebizitza kooperatibak arautzean, etxebizitza legearen kontzeptu nagusiak jasotzen ditu eta beste kontzeptu batzuk zehazten ditu. Egia da arreta handiagoa jartzen zaiola, baina, agian ez da nahikoa jabetza bidezko esleipenaren alternatiba gisa sustatu nahi den eredua garatzeko.

ZERGATIK EREDU HAU?

Eusko Jaurlaritzaren 2018-2020 aldirako etxebizitza gida planean etxebizitza beharren inguruko diagnostikotik hainbat ondorio atera daitezke.

Lehenik, babesa behar duen kolektibo berri bat sortu da. Hala nola, diru sarrerak izan arren merkatu libreko gehiegizko alokairuak ordaindu ezin dituzten familiak eta aldi berean, alokairuko etxebizitza ofizialak eskuratzeko aukerarik ez dutenak.

Bigarrenik, hipoteka-kreditua eskuratzeko aukerarik ez duten babes ofizialeko etxebizitzen esleipendunak gero eta gehiago dira.

Hirugarrenik, iraganeko etxebizitza politikei esker hurrengo urteetan etxebizitzen parke publikoaren %56ek galduko dute etxebizitza babestuen kalifikazioa eta merkatu librean sartuko dira. Ondorioz diru laguntza publikoak galduko dira.

Hori dela eta gaur egungo gizartearen etxebizitza beharrei aurre egiteko eredu berri bat beharrezkoa da. Administrazio publikoaren babesa gizartearen multzo handiago batera iristeaz gain etxebizitzen parke publikoa sendotzea ahalbidetzen duena.

The post ETXE KOOPERATIBAK appeared first on BDS KOOP.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia eraldatzailea eta lekuko garapena sustatzen duen elkartea da BDS KOOP-ERALDAKETA FABRIKA, ingurumena errespetatuko duen ekintzailetza arduratsua bultzatuko duena; pertsona erdigunean jarriz, eskualdeko bizitza hobetzeko.