2021-01-20 09:10

ARROSA SAREA

AITZIBER ZAPIRAIN

Euskaraz bizi eta komunikatzen duten Euskal herriko irrati komunitarioen sarea da Arrosa. Juridikoki izaera ezberdinekoeta euskal probintzia guztietako 24 irrati biltzen ditu sareak.

Euskarak batzeaz gain, komunikatzeko ereduak ere elkartzen ditu denak. Paper gainean, udal irrati, irrati libre, elkarte edo komunitario izan arren, adierazpen askatasunaren aldeko aldarria burutzen baitute denek egunerekoan. Norberak bere eremu geografikoan, bakarka batzuetan, taldeka besteetan, ala denek elkarrekin, astelehenetik ostiralera Zebrabidea magazinean egiten den gisan. Arrosak ekoizten duen irrati saio bakarra da Zebrabidea, eta helburu finkoa du: sarea osatzen duten irratien uhinen bidez, Euskal Herria osoa aintzat hartzen duen kalitatezko irrati magazin bat eskaintzea.

Gainontzean, tokiko irratiak dira irrati saioak Arrosa sareari eskaintzen dizkiotenak, ttikia izanik ere, ahalik eta programazio zabal eta txukunena eskaintzea baitu xede bakoitzak.

1980.hamarkadan, irrati libreen mugimenduak goraldia ezagutu zuenean, Euskal Herria ez zen salbuespena izan, gainera, olatu hark eragin nazionala izan zuen geurean eta irrati libre ugari sortu ziren han eta hemen.

Herria Mugi! ekimenak, Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, 2001eko udaberrian Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zituen Barrian (Araba). Ekimen horretako Komunikazio lan taldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bat deitu ziren planteamendu garbi batekin: irratien arteko elkarlana areagotu, eta haien baliabideei probetxu hobea ateratzeko ezer egin ote zitekeen hausnartzea. Euskal Herria Zuzenean festibalean egin zen sortze bilera, Arrosa herrian, eta bertatik datorkio izena sareari.

Bertan, eta ondoren egindako bileretan finkatu ziren gaur egun arte Arrosaren oinarriak direnak:

  • Euskal Herri osoan lanean dabiltzan irratien topalekua izan nahi du, eta hala da hein haundi batean.
  • Irrati ezberdinak bildu arren, hainbat behar eta nahietan bat egin dezakegu. Badugu elkarri zer hartu eta zer emana.
  • Komunikabideen eremuan egunetik egunera enpresa handiak nagusitzen ari direnez, gertuko komunikazio horretan aritzen garen euskarazko komunikabideek elkartu eta indartu beharra dugu, enpresa handiei aurre egingo badiegu.
  • Irrati bakoitzaren izaera errespetatu beharra dago, bakoitzaren beharrei moldatzeko gaitasuna izan behar du Arrosak.
  • Arrosak Euskal Herria du erreferentzia eremua eta euskara hizkuntza.
  • Elkarlana da, beraz, Arrosaren izateko modua, eta hau irratsaioen elkartrukean gauzatzen da, batez ere. Hala, sarekide diren irratietan beste irratietako irratsaioak igortzen dira.
  • Horretarako, gure tresna nagusia, arrosasarea.eus webgunea da. Ez da, baina, webgunearen funtzio bakarra: edonork entzun, jaitsi eta elkartruka ditzake irratsaioak webgunearen bitartez. Sareko irratiok ekoizten dugunaren erakusgarri ere bada, eta Euskal Herriko irratigintzaren plaza ere bai, neurri batean.

Delako olatua gainera, ez zen hamarkada hartan gelditu. Azken urteetan, irrati gehiago sortu baitira Euskal Herrian. Baxe Nafarroako Irulegiko Irratiak esate baterako, Amikuzeko Irratia sortu du berriki, eskualdean bertan. Euskal Irratiak federazioa gisa horretan, bost irratik osatzen dute egun (Antxeta Irratia, Gure Irratia, XIberoko Botza, Irulegiko Irratia eta Amikuzeko Irratia).
Azken hau adibide bat besterik ez da.

Ongi etorriak dira dira guztiak, erronka mardula baita frekuentzien mundua euskalduntzea.

Uhinen esparruak interesa piztu badizu, www.arrosa.eus atarian topatuko gaituzu, eta ArrosApp aplikazioaren birez, Euskal Herrian zauden tokian zaudela bertako irratia entzun ahal izanen duzu. Klik ttiki batek, tokiko komunikazioaren garrantzi eta edertasuna eskainiko dizkizu.

The post ARROSA SAREA appeared first on BDS KOOP.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia eraldatzailea eta lekuko garapena sustatzen duen elkartea da BDS KOOP-ERALDAKETA FABRIKA, ingurumena errespetatuko duen ekintzailetza arduratsua bultzatuko duena; pertsona erdigunean jarriz, eskualdeko bizitza hobetzeko.