2019-06-21 09:07

Hamar urte bete ditu Oreka IT enpresak eta, urteurrenaren harira, aldizkari berezia egin dute eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezen artikulu hau argitaratu dute bertan:

Abangoardian

Oreka IT Bai Euskarari Ziurtagiria duen Arabako enpresetako bat da, SAP teknologian aditua eta erreferentea, bezeroen negozioei balore gehigarria emateko eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko lanean ari dena. Eredugarria da, euskara ardura sozialaren alorrean baino, lehiakortasunaren esparruan kokatzen baitu.

Enpresetan hizkuntza-aniztasuna kudeatu beharreko aberastasuna da. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea mesedegarria da merkatu eta bezero berriak irabazteko garaian, bezeroak asetzeko eta fidelizatzeko. Bezeroak nahiago izaten du bere hizkuntzan hitz egin eta erosi; horregatik, produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatekoak izango badira, bere hizkuntzan eskaini behar zaizkio bezeroari, gertutasunaren eta konfiantzaren adierazgarria baita.

Barrura begira ere, enpresen barne kohesioan, lan taldearen motibazioan, funtzionamenduan eta inplikazioan zuzeneko eragina du euskarak. Gure erakundeak indartsuago egiten ditu, eta merkatuan hobeto posizionatzen laguntzen du.
   
Euskararen balioez jabetzea eta horiek baliatzea dagokigu, tokiko merkatuaren zein globalaren abangoardian kokatzeko.

Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.