Gaur goizean Enpresarean Foroa egin du Bai Euskarari Elkarteak, Mugaz: aukera edo oztopo? lelopean. Saioaren helburua argia izan da: enpresek eta proiektuek muga administratiboen gainetik lan egiteko dituzten aukerak, zailtasunak eta erronkak aztertzea. Nagore Arin Berria-ko kazetariak gidatutako solasaldian, teoria eta praktika uztartu dira, eta ondorio nagusi bat gailendu da: oztopo administratiboak hor dauden arren, borondatez eta irudimenez, bideak eraiki daitezkeela.
Jardunaldia Joan Blancok, Bihartean proiektuko koordinatzaileak, ireki du. Nafarroa, Baiona eta Gipuzkoako merkataritza ganberak biltzen dituen erakunde honetatik, Blancok argi utzi du mugaz gaindiko lankidetza ez dela soilik aukera ekonomiko bat, harremanetarako espazio bat ere badela.
Blancok Euroboost proiektua aipatu du enpresek dituzten baliabide gisa, baina hizkuntzaren garrantzia azpimarratu du bereziki: "Euskarak ekartzen du goxotasun bat beste hizkuntzek ez dutena". Haren hitzetan, antolatzen diren ekimenetan itzulpenak bermatzen diren arren, euskarak zubi-lan naturala egiten du lurraldeen artean.
Teoriatik praktikara igaroz, lau proiektu aurkeztu dira bakoitzak bere sektoretik mugaz gaindiko errealitatea nola bizi duen azaltzeko:
Lansarean: Lan-atari honek euskaraz lan munduan sartzeko aukera eskaintzen duela azaldu du Amaia Atxukarrok. Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen tresna izanik, mugen gainetik talentua eta enpresak harremanetan jartzeko gaitasuna nabarmendu du.
Elkar: kulturaren industriaren ikuspegitik, Julen Agirrezabalagak Elkarren ibilbide historikoa ekarri du gogora. 1972an Iparraldean sortu eta 1976an Hegoaldera jauzi egin zuenetik, "ikuspegi nazionalarekin" lan egiten dute, bi egitura izan arren edizio plan bakarra landuz. Oztopo nagusi gisa bi estatuen legedi ezberdinak aipatu dituen arren, helburua garbia da: "Euskal komunitateari ahalik eta kalitate onena eskaintzea eta euskararen ikusgarritasuna eta transmisioa bermatzea".
Izarkom: telekomunikazioen sektorean, Izarkomek zerbitzua eskubide gisa ulertzen duela azaldu du Iker Garaialdek. 4.300 bazkide eta 15 langilerekin, kooperatiba europarra sortzeko lanean ari dira, muga oztopo izan ez dadin. Dagoeneko telefono finkoaren zerbitzua eskaintzen dute Iparraldean, eta bulegoak dituzte Irunen, Bilbon eta Iruñean.
Euskal Moneta: Eusko monetaren arrakasta (urtean 6 milioi euroko trukeak) eta 2025ean banatutako diru-laguntzak aipatu ditu Nikolas Blainek. "Harreman ekonomikoak eraikitzeko eta herrigintza sentimendua handitzeko aukera" gisa definitu du proiektua. Gainera, Baztanen eta Oarsoaldean esperientzia pilotuak garatzen ari direla azaldu du, Hegoaldean Euskoa erabiltzeko azterketa juridikoak egiten ari diren bitartean.
Hizlari guztiek bat egin dute puntu batean: bi estatuen araudien menpe egoteak zailtasunak sortzen ditu (burokrazia, legedi ezberdinak, banku sistemak...). Hala ere, mezu positiboa zabaldu dute amaieran. Mugaz gaindi hasi nahi duen enpresa bati zer aholku emango lioketen galdetuta, erantzuna bateratsua izan da: "Asmatu behar dira bideak, aukerak badaude".
Jardunaldia kafe eta pasten bueltan egindako networking saio batekin amaitu da, bertaratutakoek esperientziak partekatzeko eta sinergiak sortzeko aukera izan dutelarik.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.