Bai Euskarari Ziurtagiriaren inguruko lanketa abiatu zuten iazko azaroan Bai Euskarari Elkarteak eta Lekeitioko Udalak elkarlanean. 75 saltokirekin harremanetan jarri eta aurrez aurreko bisitak egin zituzten. Horietatik 62k erabaki zuten ziurtagiria lortzeko pausoa ematea, hasierako helburua 30koa bazen ere.
Lanketaren helburuak izan dira Lekeition euskararen erabilera indartzea eta hizkuntza-paisaia hobetzea. Bi erakundeek elkarlanean dihardute ostalaritza eta merkataritza sektoreetan euskararen presentzia areagotzeko, herriko identitatea indartuz eta turismoarekin bateragarri eginez.
Egun, Lekeition euskararen erabilera %69koa da, beherakada txiki bat jasanez azken urteetan. Adin tarteen arabera, 45 urtetik gorakoen artean kezka berezia dago, izan ere, talde horretan %57koa da erabilera. Udalerrian euskararen egoera sakonago ezagutu nahi dute, eta herriko komertzio eta tabernekin diagnostiko bat egiteko asmoa dago. Zentzu honetan, Lekeitioko Udalak bere Plan Estrategikoa berritu du, eta bertan etorkinei euskara klaseak eskaintzeko konpromisoa hartu du, herrian euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin.
Martxoa eta apirila bitartean, Bai Euskarari ziurtagiriaren ebaluazioak egin dira. Horien bidez, establezimendu bakoitzari dagokion ziurtagiri-maila erabaki da. Orain, entitateei laguntza eskainiko zaie beraien hizkuntza-beharrak hobetzeko.
Hauek dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitateak: