2025-07-09 09:01

Lansarean.eus Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen euskara hutsez dagoen lan-atari bakarra da. Atariaren bitartez, Euskal Herriko entitateek lan-eskaintzak argitaratu, kudeatu eta behar dituzten langileak topa ditzakete. Aldi berean, lan bila dabiltzanek curriculuma sortu, lan eskaintzetan izena eman eta enpresekin harremanetan jar daitezke.

Aldizkaria deskargatu

Lan-ataria 2014an sortu zen Bai Euskarari Elkarteak identifikatutako behar bati erantzuteko. Izan ere, ordura arte euskaraz lan egin nahi zuten enpresek zailtasunak zituzten euskaraz lan egiteko gaitasuna zuten langileak aurkitzeko. Aldiz, euskaraz lan egin nahi zuten profesionalei zaila egiten zitzaien lan hizkuntza euskara duten enpresak identifikatzea.

Datu zehatzetara joz gero, kontuan hartzekoa da 9.200 lan eskaintza baino gehiago argitaratu direla, eta, azken urteotan, 825 enpresek eta 9.600 erabiltzailek eman dutela izena lan-atarian.

9.200 lan eskaintza baino gehiago argitaratu dira

Lan bila dabiltzanen profilari erreparatuta, adierazgarria da erabiltzaileen ehuneko handi bat ikasketak bukatu berri dituen gaztea dela. Horrela, lan-atariak lan munduan euskaraz txertatzeko aukera ematen die formazioa euskaraz jaso duten belaunaldi berriei.

Sektore eta mota askotariko enpresek tresna baliagarria dute eskura, hizkuntzaren kudeaketa arduratsua egin, eta euskaraz egiteko gaitasuna duten langileak erraz identifikatzeko.

Hizkuntza da Lansarean erabiltzeko betekizun espezifiko bakarra. Lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi dutenentzako baliabidea da. Haien guztien zerbitzura dago.

Zer eskaintzen du Lansareanek?

Lansareanen euskarazko lan-eskaintzak aurki daitezke, hainbat sektoretan eta lanpostutan. Eskaintzak eguneratuta daude eta erabiltzaileek haien interesen arabera iragazi ditzakete lan-eskaintzak. Eskaintza horiek bi ataletan bereizita argitaratzen dira: eskaintza publikoak eta bestelako eskaintzak. Lehenengoarekin lotuta, eskuragarri daude oposizioak euskaraz prestatzeko materiala eta azterketa ereduak, helburua baita azterketak euskaraz egiten dituztenen kopurua handitzea; eta, horretarako, hautagaiei oposizioa prestatzeko erraztasunak ematen zaizkie.

Eskuragarri daude oposizioak euskaraz prestatzeko materiala eta azterketa ereduak

Lan-atariak aukera ematen die enpresei lan-eskaintzak jartzeko, eta hautagaiei bere profila sortzeko, baita bertan curriculuma sortu eta deskargatzeko ere (txantiloi desberdinak erabilita). Horrek enpresa eta hautagaia harremanetan jartzea errazten du.

Bai Euskarari Elkartea Enplegatze Agentzia da, eta lan-eskaintzetako bitartekotza zerbitzua eskaintzen du. Era berean, Lansarean lan-atariaren bitartez, lan-orientazioa eta formazio-ikastaroen berri ematen dugu. Gainera, Lansareanek erabiltzaileentzako gida bat dauka, erabiltzaileek ataria modu eraginkorrean erabiltzen ikasteko.

Zenbait ikastetxetan lan atariaren aurkezpena egiten da

Gaur egun, Lansareanen bitartez hainbat proiektu bideratzen dira, bereziki gazteei zuzenduta daudenak; hain zuzen ere, aurki lan mundura salto egingo dutenei. Horretarako, zenbait ikastetxetan lan atariaren aurkezpena egiten da, lan bila ari diren gazte horientzat euskarak prozesu horretan izan dezakeen balio erantsia aztertzeko. Halaber, euskara sustatzearen eta erabiltzearen onurak transmititu nahi dira; langileak eta etorkizuneko langileak aktibatu, eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko aukerak areagotu daitezen.



 



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.