Urtea amaitu baino lehen, 2025eko azken Lanetik Lekora antolatu nahi genuen, beraz hemen da VIII. Topaketa!
Profesionalei zuzendutako topaketak dira, euskaraz. Hauen helburua da (Ipar) Euskal Herriko profesional euskaldunen sarea osatu, garatu eta indartzea, lan munduan euskaraz aritzeko espazio bat eskaintzea, eta euskaraz egiten diren lan-harremanak garatzeko momentua eskaintzea, guzti hori giro lasai eta lagunartekoan.
Mamia kolektiboak, Seigos-ek, Albizua ingeniaritzak eta Bai Euskarari Elkarteak antolatzen ditugu topaketa hauek.
Ipar Euskal Herriko herri desberdinetan egiten da Lanetik Lekora. Kanbo, Ortzaize, Senpere, Baiona... eta oraingo honetan Hendaian. Ipar Euskal Herriko profesionalen sarea handitzea da helburua, beraz herri desberdinetan proposatu nahiko genuke.
Ideia lan-harremanak euskaraz garatzea da, beraz, lan munduan den edo lan mundura sartu nahi duen pertsona orori zuzenduak dira topaketak.
Bakoitzaren enpresa edo zerbitzuak ezagutarazteko, jende berriarekin trukatzeko, lagunartean euskaraz momentu goxoa pasatzeko, euskara praktikatzeko... mila arrazoi daude Lanetik Lekora topaketetara gerturatzeko, mundu guztia da ongi etorria.
Zuk ere zure herrian egitea nahiko bazenu, ez dudarik izan gurekin harremanetan jartzeko!
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.