2022-11-25 14:21

Azaroaren hasieran, eremu oso desberdinetan dihardugun sektore eta izaera askotariko ehundik gora erakunde elkartu ginen Donostiako Parke Teknologikoko auditorioan, Batuz Aldatu hizkuntza politiketan eragiteko adostutako dokumentuaren sinatzaileen Lehen Biltzar Nagusia egiteko. Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia, eta parte-hartzaileen aniztasunak agerian utzi du eduki zehatzen gainean adostasun eta aliantza berriak eraiki daitezkeela. Horrela bada, eremuz eremu hizkuntza politiketan dauden lehentasunak eta neurriak zehaztu dira dokumentuan.

Gaurkoan, lan munduaren esparruari lotutako batzuk nabarmenduko ditut. Izan ere, aditu guztiak bat datoz esatean lan mundua euskalduntzea estrategikoa izan behar dela hurrengo urteetako hizkuntza politiketan. Ezin gerta daiteke hezkuntzan egin dugun inbertsioa, lan munduan galtzea, hau da, euskaraz prestatu dugun belaunaldi gazteagoei euskaraz lan egiteko espaziorik ez eskaintzea.

Lehenengo puntua da lantokia ere euskararen erabilera erosorako eremua izan behar dela. Horretarako, garrantzitsua da babestea lantokian euskaraz lan egiteko langileen eskubidea. Horri begira, ELA eta LAB sindikatuek dinamika bati ekin zioten 2020ko azaroan, 50 langiletik gorako enpresetan, lanbide-arteko akordioaren bidez, euskara planak bultzatzeko, alegia, enpresak edo langileek eskatuta euskara plana gai-zerrendan jartzeko konpromisoa protokolizatzeko. Proposamenak ez zuen aurrera egin.

Aurtengo urritik, sindikatuak beste saiakera bat egiten ari dira; hamarnaka enpresa identifikatu eta ordezkari sindikalen bidez, dinamikak sortzen ari dira enpresa horietan euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeari begirako neurriak har daitezen, dela euskara planak abian jarriz, dela Bai Euskarari Ziurtagiriaren metodologia baliatuz, euskara batzordeak sortuz edo diagnostikoak eginez. Gainera, horretarako, Euskaraldiaren testuingurua baliatzen ari dira, baita bertan sortuko diren ariguneak ere.

Bigarrenik, administrazioa zerbitzu kontratatzaile eta emaile nagusietakoa denez, lehentasunezkoa da, halaber, ziurtatzea euskarazko zerbitzua eskainiko duela. Horregatik, Euskal Herrian kokatua den administrazio orok, herritarrei zerbitzua emateko denean enpresa bat kontratatzen badu, kontratazioan hizkuntza irizpideak ezartzea beharrezkoa da, euskarazko zerbitzua berma dadin, eta herritarrak euskarazko zerbitzua jaso dezan. Halaber, beharrezkoa da hizkuntza klausula sozialak modu sistematikoan ezartzea, euskaraz lan egiteko eta zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubideak bermatzeko.

Hirugarrenik, kontsumitzaileen esparruari dagokionez, ohiko establezimenduak (denda, banketxea, botika…) euskara eroso erabiltzeko eremu bilakatu behar dira. Horretarako beharrezkoa da kontsumitzaileen kontsumo harremanei lotutako hizkuntza eskubideen aitortza eta bermea eskainiko duen arkitektura juridikoa eta lege garapena gauzatzea. Ingurune soziolinguistikoaren eta sektorearen izaeraren zein eraginaren arabera, lehentasunezko enpresak finkatu eta epealdi zehatzean enpresa guztietara zabaldu beharko litzateke euren produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra.

Lan munduaren espazioetan euskarari lekua egitea lehentasunezkoa da, eta urrats sendoak egin behar dira plangintza, arau eta baliabideetan. Garrantzitsua da administrazioek, enpresek, langileek eta kontsumitzaileek hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea. Eta, horretaz gain, elkarrekin eragiteko espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da adostasuna zabaltzea eta adostasunetatik etorkizuna eraikitzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.