Zorionak! Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?
Sari hau sekulako aitorpena da guretzat. 2015ean enpresa sortu genuenetik, euskara proiektuaren erdigunean kokatu dugu. Euskara lanerako gaitasuntzat dugu. Horrez gain, langileei euskara ikasteko ikastaroak eskaintzen dizkiegu. Komunikazio osoa bi hizkuntzatan egiten dugu, bai kontsumitzaileekin, bai bezeroekin, bai langileekin. Funtsezko konpromisoa da, bereziki Ipar Euskal Herrian, baina baita gure nortasunaren oinarria ere. Hastapenetik ahaleginak egiten ditugu, egunero, euskara biziarazi eta zabaltzeko.
Zer leku du euskarak zuen negozioaren egunerokoan?
Euskarak enpresako maila guztietan du protagonismoa, bereziki komunikazio-taldean, zeinak egunero erabiltzen baitu, hala sare sozialetan—non mezu guztiak bi hizkuntzatan diren—, nola barne-komunikazioan. Ahal dugun heinean, euskal ekoizleak lehenesten ditugu, gure langileek haiekin euskaraz hitz egiteko aukera izateaz gain, ekoizpen-prozesuari zentzua emateko. Adibidez, hamar urte daramatzagu Astigarragako Agustin Etxeberriarekin, gure sagardo-hornitzaile nagusiarekin, eta harremana euskara hutsean dugu. Abarratia euskal garagardo autonomoa ere horren adierazle dugu: bertako maltaz, lupuluaz eta uraz ekoizten dugu, baita egunero akuilatzen gaituen euskararen aldeko konpromisoari esker ere.
Nolako bilakaera izan du euskarak zuen negozioan hasi zinetenetik? Eta zer nolako ahalegina eskatzen du?
Enpresa nabarmen hazi da azken hamarkadan. Guretzat, eguneroko erronka da euskararen erabilerari eustea. Enpresaren eta langile kopuruaren hazkundeak ez du euskararen presentzia kaltetu behar. Batez ere Ipar Euskal Herrian, oso garrantzitsutzat dugu hori, eta ahalegin horretan datza gure eguneroko konpromisoa.
Eta nola baloratzen dute zuen bezeroek enpresa euskalduna izatea?
Bulegora etortzen direnean, bezero erdaldunak maiz harritzen dira langileak euskaraz entzutean. Haatik, laster ulertzen dute hizkuntza gure nortasunaren oinarria dela. Eta, jakina, euskaldunentzat abantaila handia da.
“Bezero euskaldunei begira, euskaraz artatua izateak konfiantzazko harremana sortzen du. Abantaila erabakigarria da!”
Norberaren hizkuntzan artatua izateak gertutasuna, bestelako konfiantza... eskaintzen al du?
Osoki. Bezero euskaldunei begira, konfiantzazko harremana sortzen du. Abantaila erabakigarria da!
Euskara zuen balioetan txertatuta daukazue. Zer esan nahi du horrek?
Guretzat, balio nagusia da. Ahal dugun guztietan, euskarazko ekimenak sustatzen ditugu, eta euskal kulturaren alde lan egiten duten elkarteak laguntzen ditugu. Enpresako langile guztiek dute euskara-eskolak hartzeko aukera. Duela lau urte hasi ginen Xabi Castorerekin (Ikusi eta Ikasi) lanean. Aurten, lehen aldiz, zenbait langile B1 eta C1 mailako azterketetara aurkeztuko dira. Gainera, hilero prestakuntza-saio labur bat antolatzen dugu euskal kulturaren inguruan, hala nola ihauteriei edo txalapartari buruz. Euskara biziarazteko ekintzetan parte hartzen dugu entitate gisa. Izan ere, Korrikan kilometroa erosten dugu aldiro, eta, Euskaraldiaren harira, hainbat ekitaldi antolatzen ditugu enpresa barruan nahiz kanpoan.
Noiz eta nola sortu zen Egarri Edariak? Zeri erantzuteko?
Egarri Edariak 2015ean sortu zen, Kupela sagardo markarekin batera. Ondoren, enpresak hainbat edari motatako markak sortu zituen: Euskola Kola, Pressoir du Pays Basque zukuak, Balea eta Abarratia garagardoak, ETS Lapurdi edari destilatuak…Gure helburua da artisau-edariak eskaintzea gure bezeroei, besteak beste, saltoki handi eta ertainei, janari-dendei eta jatetxeei.
Bilakaera itzela izan du enpresak. Kontaiguzu...
Enpresa anitz garatu dugu azken 10 urteetan, marka berriak sortu eta erosiz, produktu-sorta zabala eskaintzeko xedez. Urtero, langile berriak kontratatzen ditugu. Iaz, adibidez, Jon batu zitzaigun Euskola marka Hegoaldean garatzeko, hau da, euskaldun guztien kola egiteko. Fabrika bat ere eraiki dugu, eta saltzen ditugun produktu gehien-gehienak guk geuk ekoizten ditugu.
Zenbat pertsonak osatzen duzue enpresa?
Egarri Edariak enpresak 15 langile ditu, baina enpresa-sare baten zati bat baino ez da. Eragin Fabrikak 10 langile ditu, eta, duela urtebete pasatxo, Kupela Sagardotegia ireki genuen Baionan, sagardoa Ipar Euskal Herrian biziberritzeko asmoz. Sarea osatzen duten enpresa guztiek Bai Euskarari Ziurtagiria dute. Enpresa bakoitzean euskara sustatu nahi dugu.
Tradizioari eta berritzaile izateari, biei, ematen diezue garrantzia. Zergatik? Nola uztartzen dituzue biak?
Bai, hori da enpresaren eginkizuna hastapenetik. Kupela markaren bidez, tradizioa eta modernitatea uztartu nahi ditugu. Horrek bereizten gaitu hasieratik: tradizioan oinarritu arren, ikuspuntu modernoa garatzen dugulako. Hori da, hain zuzen ere, sortu genuen lehen markaren, Kupelaren, leloa. Enpresa barruan ere, lantalde gazte, eraginkor eta dinamikoa osatu nahi dugu, Euskal Herriko kultura ezagutarazten ahalegintzen garen bitartean.
Hasieran kanpoan saltzeko ahaleginetan hasi zineten, eta gero, poliki-poliki, bertako produktuak duinduz, Euskal Herrian bertan osatu zenuten sarea. Azaldu prozesua.
Badugu beste enpresa bat, EgarriTrade, elikagaien salerosketan espezializatua. Horri esker bete dezakegu gure anbizioa: edariak Euskal Herrian barna ekoiztea. Arrazoibide hori dugu eguneroko pizgarri: herrian lan egin eta bizi, bertako osagai, hornitzaile eta talentuei esker.
“Tradizioari eta berritzaile izateari garrantzia emateak hastapenetik bereizten gaitu”
Hainbat produktu edo marka izar dituzue: Kupela, Balea, Euskola, Arima, Abarratia, Amalur, Pressoir du Pays Basque... Kontaiguzu bakoitzari buruzko hiru ideia.
Lehen ideia bezeroen beharrak asetzea zen, produktu sorta zabal baten bidez.
Kupela: aurten hamargarren urteurrena ospatzen duen sagardo-eta zuku-marka (Astigarragako ekoizpena).
Euskola: gaur egun Hego Euskal Herrian ere saltzen dugun kola-marka (Aiherrako ekoizpena).
Arima: azukrerik gabeko edariak (Aiherrako ekoizpena).
Abarratia: euskal maltaz eta lupuluz, baita energia berriztagarrien bidez ere, ekoizten dugun garagardo autonomoa.
Amalur ardoak: Nafarroako Jatorri Deiturakoak, erraz edaten direnak eta merkeak. Ama Lurrari gorazarre egiten dioten Nafarroako Jatorri Deiturak eta Irulegiko Jatorri Deitura Kontrolatuak Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko lotura gauzatzen dute.
Pressoir du Pays Basque: azukre erantsirik gabeko zuku naturalak (Aiherrako ekoizpena).
ETS Lapurdi: Gina, Runa, Whiskia, Menta eta Patxarana biltzen dituen marka (Amurrioko ekoizpena).
Loreak: Sangria eta Spritz edarien marka (Aiherrako ekoizpena).
Marka bakoitzak keinu egiten dio euskal kulturari, beste zenbait enpresak sarritan erabiltzen dituzten topikoetara lerratu gabe.
Zenbat kolaboratzaile/hornitzailerekin egiten duzue lan?
Agustin Etxeberria (Astigarragako sagardotegia), Eragin Fabrika (Aiherra), Etxeko Bob’s Beer (garagardogilea, Hazparne), Acha Destileriak (Amurrio) eta Guillermo Castaños (Blai Txakolina).
Zer esango zenioke Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea pentsatzen ari den negozio, elkarte edo erakunde bati, animatzeko?
Aukera ona da hizkuntza-gaitasunak trebatzeko, jende berria ezagutzeko (Kupela sagardotegian antolatu genuen Lanetik Lekora afterworkean bezala), langileen arteko harremanak sendotzeko eta, nola ez, enpresan euskarari ematen diogun garrantzia erakusteko.