2020-04-22 16:45

Euskaragileak proiektua 2015ean jaio zenetik lanean aritu dira batzordea osatzen duten enpresak. Euskaragileek, eredu izateaz gain, eragile aktibo ere izan nahi dute eta eragite horretarako zenbait tresna sortzen jardun dute. Horren adibide dira beste enpresa batzuentzat eredu izan nahi duten dokumentu eta programa hauek: hornitzaileei bidaltzeko gutun-eredua; langile berrien harrera-plan eredua; hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua; eta Euskaragiletu programa.

Egile eta eragile dira Euskaragileak. Hizkuntza kudeaketan aurreratuta dauden eta eredugarri diren enpresa hauen gizarte erantzukizunetik, euskararen normalizazioan eragile izateko funtzioa betetzea proposatu zaie. Alegia, denok erabiltzen eta kudeatzen ditugu hizkuntzak gure egunerokoan eta, hori modu batera edo bestera egiteak, guztiok bihurtzen gaitu norabide bateko edo besteko eragile. Hortaz, enpresa hauen lidergoa aintzat hartuta, lan munduaren euskalduntzean urrats berriak emateko aukera zabaldu eta biderkatu daiteke.

Lanean jarraitzeko konpromisoa

Bai Euskarari Elkarteak, alor sozioekonomikoaren euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeari begirako proiektu ugari ditu: Bai Euskarari ziurtagiria, Lansarean lan-ataria, Enpresarean… Horien artean Euskaragileak batzordearen dinamizazioa nabarmendu nahi dugu oraingo honetan. 

Gure aldetik euskarak eremu sozioekonomikoan duen egoeran jauzia emateko lanean segituko dugu, ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, baina, argi dugu horretarako bezero, hornitzaile, zuzendaritza-talde, langile eta administrazioaren bultzada ere ezinbestekoak direla. Ekin diezaiogun helburu berarekin lanean ari garenon arteko esperientzia, ezagutza, praktika on eta erronkak elkarrekin bideratzeari, aurrean dugun bide malkartsua arinduko baitugu hala.

Enpresa hauek osatzen dute Euskaragileak batzordea: Cikautxo, Batz, Danobat Group, Eika, Elay, Elkar, Fagor Taldea, Goizper Group, IMH, Irizar, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Orkli.

 
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.