Zorionak Bai Euskarari Sariagatik. Zer esanahi du Grupo Gismarentzat euskararen alde egindako lana aitortzen duen sari hau jasotzeak?
Guretzat oso berezia da sari hau jasotzea, gure ibilbidea eta jatorria aitortzen dituelako. Grupo Gisma Urretxun jaio zen orain dela 28 urte, bertako bezeroekin lanean hasi ginen, gero Goierrira zabaldu ginen, eta, egun, Donostian ere bagaude, Euskadi guztira hedatuz. Euskara beti egonda gure baitan, gure lan-hizkuntza eta bezeroekiko harremanaren oinarria izanik. Kontziente gara non bizi garen eta non lan egiten dugun, eta gure eguneroko jardunean, hitz solteetan bada ere, euskara beti presente dago. Gure misioaren parte da enpresei iraunkorragoak izaten laguntzea, eta gure ustez, horrek ezinbestean bat egiten du euskararen erabilera sustatzearekin. Beraz, sari honek ez du soilik egiten dugun ahalegina aitortzen; gure identitatea eta konpromisoa ere agerian jartzen ditu.
Nola txertatu duzue euskara egunerokoan eta eskaintzen dituzuen zerbitzuetan?
Gure lantaldeko gehienak euskaldunak gara, eta hori baliatuta, gure eguneroko harremanetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dugu, batez ere gure barneko zein kanpoko komunikazioan. Urrats garrantzitsuak eman ditugu euskara sistematikoki integratzeko:
Barne-konpromisoa: Komite Soziala-ren laguntzaz, taldeko kide euskaldunen artean euskaraz komunikatzeko konpromisoa hartu dugu.
Bezeroekin euskaraz: bezero euskaldunekin komunikazioa euskaraz egiten saiatzen gara, bai aholkularitzan, bai prestakuntzan edo dokumentazioan.
“Euskara ez da komunikazio-tresna bat bakarrik; gure nortasunaren parte da, eta hurbiltasuna sortzeko gakoa"
Zerbitzuen eskaintza euskaraz: gaur egun, Gismak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak euskaraz emateko gai gara, besteak beste: prozesuen kudeaketa, estrategia eta berrikuntza, pertsonen kudeaketa, iraunkortasuna, zibersegurtasuna eta berdintasuna. Egia da ez dela erraza den-dena euskaraz egitea, dokumentazio tekniko ugari gaztelaniaz edo ingelesez baitago eta bezero guztiek ez dutelako euskara teknikoki eta lan-arloan menperatzen. Baina gure taldean badira euskaraz bizi diren pertsonak eta euskara baloratzen dutenak ere, eta horrek guztiz aberasten du gure hizkuntza-kultura.
Nola erantzuten dute bezeroek zuen zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukeraren aurrean? Sumatzen dute balio erantsi gisa?
Zalantzarik gabe, bai. Bezero euskaldunek, eta batez ere administrazioarekin lan egiten dutenek, asko baloratzen dute Gismaren aholkularitza edo prestakuntza euskaraz jasotzeko aukera. Azken urteotan nabari dugu euskararen erabilerak gora egin duela enpresetan, ez bakarrik ahozko harremanetan, baita formakuntzan, txostenetan eta komunikazio idatzietan ere. Aniztasunaren kudeaketa eta berdintasunaren sustapena bezala, euskara ere elementu kohesionatzailea eta balio erantsia da enpresentzat.
Zuen leloa da enpresei efizienteagoak, jasangarriagoak eta errentagarriagoak izaten laguntzea. Nola laguntzen diozue enpresa bati?
Gure jarduna Euskal Herrian errotuta dago, eta bereziki Gipuzkoan. 28 urte baino gehiago daramatzagu enpresei eta erakundeei efizientzia, jasangarritasuna eta errentagarritasuna hobetzen laguntzen, konponbide pertsonalizatuak eskainiz arlo hauetan:
• Prozesuen hobekuntza (ISO arauak,kudeaketa-sistemak...).
• Estrategia eta berrikuntza proiektuak.
• Pertsonen kudeaketa, eta horrenbarne, berdintasun- eta euskara-planak eta haien garapena.
Sinetsita gaude euskara plan batek talde baten kohesioa, erakargarritasuna eta lehiakortasuna areagotu ditzakeela. Horregatik, uste dugu euskarazko ziurtagiriak eta erabilera estrategikoak enpresak hazkunde bidean jartzen dituztela.
Nola laguntzen diezue enpresei ‘Greenwashing’-etik haragoko estrategia eraginkor bat garatzen?
Gismaren lan-metodologia parte-hartzailea da: benetako estrategia eraginkor bat eraikitzeko, ezinbestekoa da enpresaren errealitatean oinarritzea. Horregatik, gure prozesuetan profil desberdinak inplikatzen ditugu: bulegoko langileak, produkziokoak, komertzialak eta zuzendaritza bera ere. Ikuspegi ezberdinak uztartuz, jasangarritasuna hiru ardatz nagusitan (ingurumena, gizartea eta ekonomia) txertatzen dugu, langileen begiradatik abiatuta. Horrela, Greenwashing-etik harago, eragin positiboa duten ekintza neurgarriak identifikatu eta abian jartzen ditugu, enpresaren irudia eta errentagarritasuna indartuz.
Zibersegurtasunaren arloan, zeintzuk dira enpresek egiten dituzten akatsak eta nola laguntzen diezue?
Akatsik ohikoenak “niri ez zait gertatuko” pentsatzea eta ezjakintasunean bizitzea dira, gaiaren konplexutasunari beldurra izateagatik. Guk honela laguntzen diegu: Lehenik, eredugarri izanez, guk geuk ere egiten dugula erakutsiz. Bigarrenik, datuak mahai gainean jarriz, zibererasoak gero eta ohikoagoak direlan azalduz. Hirugarrenik, sentsibilizazio praktikoa eginez, langile guztientzako jarduera errazekin. Azkenik, lidergotik hasita eta nazioarteko estandarrak (ISO 27001) ezarriz. Zibersegurtasuna ez da soilik IT sailaren kontua: enpresa osoaren kultura-kontua da.
Nola aholkatzen dituzue enpresak talentua erakartzeko eta mantentzeko?
Gure esperientzian oinarrituta, hiru estrategia nagusi gomendatzen ditugu: Enpresaren helburuak eta balioak argi komunikatzea, jendeak bere lanari zentzua aurki diezaion. Lan-esperientzia osoa zaintzea, hautaketa-prozesutik hasi eta eguneroko kudeaketaraino, komunikazio gardena, aintzatespena eta garapen profesionala eskainiz. Kultura inklusibo eta berdintasunean oinarritua eraikitzea, aniztasuna baloratuz eta pertsona guztien konpromisoa bermatuz. Hau da, pertsonak zaintzen dituzten enpresek talentua erakartzen eta mantentzen dute. Eta hori ez da marketineko esaldi bat, emaitzetan eragina duen estrategia baizik.
“Berdintasunaren eta aniztasunaren kudeaketa ez da soilik legezko betebehar bat; estrategikoki adimentsua den erabaki bat da.”
Berdintasunaren eta aniztasunaren kudeaketa betebehar bat edo aukera bat da?
Gismaren ustez, aukera estrategikoargi bat da. Legeak ez ditugu arazo gisa ikusten, aldaketa positiboak egiteko behar genuen bultzada gisa baizik. Berdintasun Planek talentua erakartzeko eta fidelizatzeko balio dute, eta aniztasuna modu positiboan kudeatzen duten enpresek talde aberatsagoak eta berritzaileagoak lortzen dituzte, eta bezeroekin hobeto konektatzen dute. Azken batean, lan-giro osasuntsuagoak lehiakortasuna indartzen du.
Nola ikusten du Gismak bere rola Euskal Herriko enpresa-sarea kohesionatzen?
Geure burua aliatu gisa ikusten dugu eraldaketa-prozesuetan. Euskara ez da komunikazio-tresna bat bakarrik; gure nortasunaren parte da eta hurbiltasuna sortzeko gakoa. Euskararen bidez, enpresek harreman sendoagoak eta konfiantzan oinarritutakoak eraikitzen dituzte. Gure lanarekin erakusten dugu euskaraz lan egitea guztiz bateragarria dela kalitatearekin eta profesionaltasunarekin, eta horrek enpresa-sarearen kohesioa eta lehiakortasuna bultzatzen dituela.
Zer mezu bidaliko zenieke beste zerbitzu-enpresei euskara gehiago integratzera animatzeko?
Guk animatu egingo genituzke, eta pauso txikiekin hasteko esango genieke. Euskara txertatzen hasten den enpresak berehala sumatzen du aldaketa: komunikazioa hurbilagoa da, bezeroekin harremana sendoagoa eta lantaldean kohesioa handiagoa. Euskara ez da soilik nortasunaren parte; balio erantsia eta aukera estrategikoa ere bada. Askotan, barneko jendea da bultzadarik handiena ematen duena; beraz, haiei entzutea eta konfiantza ematea da lehen urratsa. Eta gogoratu: ez da zertan perfektua izan; garrantzitsuena pausoa ematera ausartzea da.
Bai Euskarari Sariak 2025: kronika