Lehenik eta behin, zorionak Bai Euskarari Sariagatik. Zer suposatzen du AZTIrentzat eta zuentzat pertsonalki errekonozimendu hau jasotzeak?
Eskerrik asko. AZTIrentzat eta, bereziki, urte hauetan guztietan euskararen presentzia bermatzeko etaerabilera sustatzeko lan egin dutenpertsonentzat, sari hau jasotzea osopozgarria da. Urteetan egindako lan isilari balioa ematen dio, eta euskararen aldeko konpromisoari eusteko motibazioa ematen digu. Egia da gure eguneroko jardunean erronka asko ditugula hizkuntza aldetik, baina gutxika egindako ahalegin txikiek ere bidea egiten dutenaren adierazgarri da. AZTIn albistea poz handiz jaso dugu. Saria helmuga baino, bultzada gisa ikusten dugu, euskarak gure eguneroko jardunean leku duina izaten jarrai dezan.
Sari honek ibilbide baten aitortza dakar. Zeintzuk izan dira AZTIn euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko eman dituzuen urrats esanguratsuenak azken urteotan?
Azken urteetan hainbat norabidetan egin dugu aurrera. Batetik, urte luzez langile talde batek —tartean Itza taldeko kideak— euskararen alde egindako lan nekaezina azpimarratu nahi dugu. Haien konpromisoari eta irmotasunari esker, euskarak bere tokia mantendu du erakundean, bizirik eta presente. Bestetik, Zuzendaritzak euskarari emandako babesa aipagarria da. Duela urte batzuk, euskara “onura sozial” gisa aitortu zen AZTIn, eta horrek bultzada eman zion hizkuntza ikasteari, pizgarri eta baliabide berriekin. Era berean, barne-komunikazioan eta kultura korporatiboan ere izan dira urrats esanguratsuak: Kuxkuxean aldizkariak, adibidez, euskarazko eduki hurbil eta atseginak eskaintzen ditu, eguneroko bizitzatik abiatuta. Azken urtean, berriz, Euskara Plana berraktibatzen eta erabilera arautzeko prozedura bat diseinatzen hasi gara. Helburua da euskara beste edozein baliabide estrategikoren parean kokatzea.
“Urteetan egindako lan isilari balioa ematen dio, eta euskararen aldeko konpromisoari eusteko motibazioa ematen digu”
Askotan entzuten da AZTIren izena, baina agian herritar askok ez dute erabat ulertzen zuen eguneroko lanaren garrantzia eta irismena. Nola azalduko zenioke modu errazean zer egiten duen AZTIk eta zein den zuen misio nagusia, Nazio Batuen 2030 Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) bat eginez?
AZTI zentro zientifiko eta teknologiko bat da, gizartearen eta planetaren etorkizunerako eragin handiko proiektuak garatzen dituena. Gure lana itsasoarekin eta elikadurarekin lotuta dago, eta gure helburua da zientziaren eta berrikuntzaren bidez gizarte osasuntsuago, iraunkorrago eta bidezkoago bat eraikitzen laguntzea. Gure eguneroko lana ez da teoria hutsa: eragin zuzena du itsas ekosistemen kontserbazioan, elikadura osasungarriaren garapenean edo klima-aldaketaren aurkako borrokan. Horregatik, gure jarduera guztia Nazio Batuen 2030 Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) lerrokatzen da, besteak beste:
2. Gosea ezabatzea: Elikadura-sistema jasangarriagoak eta osasuntsuagoak garatzen ditugu.
3. Osasuna eta ongizatea: Nutrizio pertsonalizatuan oinarritutako soluzioak eskaintzen ditugu bizi-kalitatea hobetzeko.
12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsua: Baliabideen erabilera eraginkorra eta elikagaien xahuketaren murrizketa sustatzen ditugu.
13. Klima-ekintza: Klima-aldaketaren ondorioak ikertzen ditugu eta egokitzapen- eta murrizketa- neurriak proposatzen ditugu.
14. Itsaspeko bizitza: Itsas baliabideak modu jasangarrian kudeatzeko teknologia eta ezagutza eskaintzen ditugu.
AZTIn, ikerkuntza ez da helburu bat berez: gizarteari onura ekartzen dion tresna bat da. Enpresekin eta erakundeekin batera lan egiten dugu, erronka handiei aurre egiteko eta benetako aldaketa positiboa eragiteko. Horrela, AZTIk bere ekarpena egiten du: Planetako bizitza jasangarriagoa izaten lagunduz; pertsonen osasuna hobetuz; ekonomia biziberrituz eta kalitateko enplegua sortuz; ezagutza sortuz eta partekatuz, gizartearen onerako.
Itsas ingurunea eta elikadura dira zuen espezializazio-arloak, eta 10 ikerketa-eremu aipatzen dituzue.Gaur egun, zeintzuk dira AZTIren ikerketa-ildo estrategikoenak edo gizartean eta ekonomian inpaktu handiena izaten ari direnak?
AZTIren ikerketa-ildo estrategikoeklotura estua dute trantsizio berdearekin, eraldaketa digitalarekin eta jasangarritasunaren aldeko apustuarekin. Zeharkako ikuspegitik, ikerketa guztiak ahalegintzen dira eragin positiboa izaten bai ingurumenaren aldetik, bai gizarte- eta osasun-arloan (One Health ikuspegia).
Inpaktu handiena izaten ari diren ikerketa-ildoetako batzuk dira: klima-aldaketa eta aldaketa globalari aurre egiteko ikerketa, bai itsasingurunean, bai elikadura-sisteman; arrantza eta akuikultura efiziente eta jasangarriaren garapena, baliabideen kontserbazioa eta sektorearen lehiakortasuna uztartuz; elikadura eta osasuna, non elikagai funtzional berriak garatzen diren, pertsonen ongizatea hobetzeko; elikadura-industriaren eraldaketa, efizientzia, jasangarritasuna eta zirkulartasuna helburu; bioekonomia eta ekonomia urdina, baliabide naturalen erabilera arduratsua eta sektore ekonomiko berrien bultzada uztartzen dituztenak.
Horiez gain, itsas eta kostaldeen kudeaketa eta ozeanografia operazionala ere estrategikoak dira, itsas baliabideei eta lurraldearen antolaketari lotutako erabakiak hartzeko ezinbesteko informazioa ematen dutelako.
“AZTIn, ikerkuntza ez da helburu bat berez: gizarteari onura ekartzen dion tresna bat da”
Zientzia eta teknologia, askotan, ingelesez edo beste hizkuntza nagusi batzuetan mugitzen den esparru globalizatua da. Nola lortzen duzue euskara txertatzea zuen eguneroko jardunean: barne-komunikazioan, ikerketa-proiektuetan, emaitzen dibulgazioan, harremanetan...?
Egia da zientziaren eta ikerketaren esparruetan ingelesa dela komunikazio-hizkuntza nagusia, eta horrek mugak jartzen dizkio euskararen erabilerari. Hala ere, gure eguneroko jardunean euskara ahalik eta gehien txertatzen saiatzen gara, betiere testuingurua eta hartzaileak kontuan hartuta. Barne-komunikazioan, esaterako, euskarari lehentasuna ematen diogu ahal den neurrian: mezu instituzionalak ele bitan bidaltzen ditugu, eta langile euskaldunen arteko harremanetan euskara sustatzen da.
Kanpo-harremanetan eta dibulgazioan, berriz, publikoaren profila kontuan hartzen dugu: Euskadiko ekitaldietan edo euskal erakundeekin lan egiten dugunean, euskararen presentzia bermatzen dugu, eta, ahal bada, edukia euskaraz ere eskaintzen saiatzen gara. Ez gara perfektuak, baina urrats txikiak ematen ari gara euskararen presentzia bermatzeko gure jardunean, betiere errealismoz eta zientziaren izaera globalaren jakitun.
Zalantzarik gabe, erronkak ere egongo dira. Zientzia eta teknologia mundu globalizatuan kokatzen dira, eta hizkuntza nagusia, zalantzarik gabe, ingelesa da. Horrek zailtasunak ekartzen dizkio euskararen erabilerari, bai ikerketa-proiektuetan, bai emaitzen zabalkundean. Testuak, artikuluak eta txosten teknikoak ingelesez idazten dira gehienetan, eta horrek mugatu egiten du euskarazko baliabide teknikoen sorrera eta erabilera. Horrez gain, terminologia espezializatuan ere hutsune handiak daude euskaraz, eta horrek zaildu egiten du hizkuntza modu naturalean erabiltzea lan tekniko eta zientifikoan. Bestetik, lankidetza-sare gehienak nazioartekoak dira, eta horrek ere ingelesa lehenesten du.
Hala ere, badaude sektore batzuk —adibidez, arrantza edo itsasoa— historikoki lokalagoak izan direnak eta euskararekin lotura estuagoa izan dutenak. Baina baita horietan ere, globalizazioak eta nazioarteko araudiek gero eta presentzia handiagoa dute, eta horrek ere baldintzatzen du hizkuntzaren erabilera. Helburua da euskararen erabilera egituraz normalizatzea. Horrela, “Euskararen Hizkuntza Politika eta Irizpi-deak” dokumentua izango da gure tresna nagusia: euskara lan-hizkuntza bihurtzeko oinarriak jaso nahi ditugu, bai barneko bai kanpoko harremanetan. Orain arteko barne-politikak (ikastaroak, pizgarriak, euskalduntze-laguntzak) osatu eta egonkortuko ditugu prozedura egituratu baten bidez.
Zuen esperientziatik abiatuta, zer mezu helaraziko zenieke zuen antzeko beste zentro teknologiko, enpresa edo erakundeei, euskararen erabilera eta presentzia areagotzera animatzeko, batez ere GIH bezalako helburu globalak lantzen dituztenean?
Ez da beharrezkoa dena perfektua izatea. Garrantzitsuena da lehen urratsak ematea eta ikusaraztea zientzia ere euskaraz gerta daitekeela. Tokiko hizkuntza erabiliz, helburu globalak modu koherenteago eta errotuagoan landu daitezke. Gure mezua litzateke: euskara ez da oztopo, baizik eta balio erantsia. Eta horretarako, bakoitzak bere erritmoan eta ahal duen neurrian bere ekarpena egin dezake. Saiatu, errealismoz, baina konpromisoz.
Bai Euskarari Sariak 2025: kronika