2025-10-10 07:55

Cikautxo kooperatibak Euskaragileak Topaketaren edizio berri bat hartu zuen atzo, Bai Euskarari Elkarteak eta Euskaragileak enpresa batzordeak antolatuta. Bertan, tamaina eta sektore anitzetako enpresek hizkuntza kudeaketaren inguruko esperientzia praktiko eta inspiratzaileak partekatu zituzten.

Dozenaka enpresatako ordezkariak bildu ziren Berriatuako Cikautxo S.Coop. enpresaren instalazioetan, Bai Euskarari Elkartearen Euskaragileak batzordeak deitutako topaketa berri batean parte hartzeko. Helburua argia zen: lan munduan euskararen erabilera sustatzeko eredu erreal eta eraginkorrak ezagutzea, elkarrengandik ikastea eta harreman sareak sendotzea.

Jardunaldiaren ardatza arlo eta ezaugarri desberdinetako sei enpresaren aurkezpenak izan ziren. Hizlariek beren erakundeetan abian jarritako praktika onak azaldu zizkieten bertaratutakoei. Bruss, Lantegi Batuak, Traola Produkzioak, Tazebaez, Cikautxo eta Eika enpresetako ordezkariek, txandaka, beren esperientziak partekatu zituzten. Aniztasun horri esker, parte-hartzaileek beren enpresetara egokitu daitezkeen ideia eta estrategia ugari jaso ahal izan zituzten, hizkuntza kudeaketaren arrakastaren gakoak erakutsiz bakoitzak bere errealitatetik.

Bertaratutakoek Cikautxoren instalazioetara bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. Ibilbidean zehar, enpresako arduradunek zuzenean erakutsi zuten nola kudeatzen duten euskara eguneroko lanean, ekoizpen-lerroetatik hasi eta bulegoetaraino. 

Euskaragileak Topaketak, beste behin ere, frogatu zuen enpresen arteko lankidetza funtsezko tresna dela lan mundua euskalduntzeko bidean aurrera egiteko. Berriatuatik, parte-hartzaileek motxila ideiaz eta inspirazioz beteta eraman zuten, bakoitzak bere erakundean euskararen aldeko urrats berriak emateko prest.

ARGAZKI GEHIAGO

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.