2025-11-14 09:36

EnpresaBIDEAk, ekonomia eta enpresa gaiak euskaraz jorratzen dituen hedabideak, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu berri du. Lortu duen maila, zehazki, 'Zerbitzua Euskaraz' da. Maila honek egiaztatzen du bezero, erabiltzaile eta herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzen dietela. Era berean, diplomak bermatzen du atariak eskaintzen duen produktua bera (edukiak) edota antolatzen dituen jendaurreko ekitaldiak (adibidez, 'Business Hitzak' topaketak) euskaraz egiten direla.

EnpresaBIDEA ekonomia eta enpresa arloa euskaraz lantzeko hedabide gisa sortu bazen ere, ziurtagiria lortzeko prozesuak balio izan du “posizionamendu hori eta eguneroko jarduna erabat koherenteak direla bermatzeko”. Euskararen erabilerari dagokionez, misioa eta praktika bat datozela ziurtatu da.

Etorkizunari begirako konpromisoak

Ziurtagiria eskuratzea ez da helmuga izan, etengabeko hobekuntzarako abiapuntua baizik. EnpresaBIDEAko lantaldeak hainbat helburu zehatz jarri ditu datorren urterako, euskaraz lan egiteko eta zerbitzua emateko baldintzak indartzeko.

Hobekuntza horien artean nabarmentzen da “aplikazio informatikoen euskarazko erabilera sustatzeko konpromisoa”. Atariak helburu hauek urtebeteko epean betetzeko konpromisoa hartu du.

Elkarlana, ardatz

Bai Euskarari Elkartetik zorionak eman nahi dizkiegu EnpresaBIDEA osatzen duten profesionalei, euskararen normalizazioan, bereziki arlo sozioekonomikoan, egiten duten ekarpenagatik eta Ziurtagiriaren komunitatera batzeagatik.

Bereziki pozgarria da guretzat bi entitateen artean hasi dugun kolaborazio berria: hilero lan munduan euskarak duen presentzia eta garrantziaren inguruko edukiak partekatuko ditugu. Ongi etorri Euskararen Mapara!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.