2025-07-02 06:58

Bai Euskarari Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Elkarrengandik Ikasiz solasaldi-zikloaren bosgarren edizioa aurkeztu du. Egungo gizartearentzat interes handikoak diren gaiak jorratzeko helburuarekin, aurtengo edizioak berritasun nabarmen bat dakar: ohiko bideoez gain, solasaldi guztiak podkast formatuan ere eskuragarri egongo dira lehen aldiz. 

Aurtengo zikloak hiru gai nagusi izango ditu ardatz, bakoitza bere alorreko adituekin landuta: ekintzailetza, mugikortasun jasangarria eta etorkizuneko langileak. Uztailaren 3an, 10ean eta 17an zabalduko dira solasaldiak.

'Elkarrengandik Ikasiz' solasaldiak

'Ideiatik ekintzara: ekintzailetza'

Lehen solasaldiak, uztailaren 3an, ekintzailetzaren mundua arakatuko du, negozio bat sortzetik haratago doan ikuspegi zabal batekin, sormena, lidergoa eta berrikuntza bezalako gaitasunak azpimarratuz. Donostia, %6,6ko tasarekin, ekintzailetza-proiektu gehien martxan jartzen dituen hiria dela jakinik, saioak gaiari lotutako galdera ugariri erantzungo die.

Parte-hartzaileak honako hauek izango dira:

  • Libe Bastida Larrea. Ekintzailetza eta enpresa teknikaria ASLEn.
  • Miren Lauzirika Jauregi. Sormeneko eta metodologia berritzaileetako aholkularia Art for Life!-en.

  • Iñaki Peña Legazkue. Deusto Business School-eko Ekonomia eta Finantza Saileko katedraduna eta doktorea.

Solasaldian, negozio bat martxan jartzeko urratsak, enpresa berrientzako laguntzak, saretzearen garrantzia eta porrotari beldurra nola kudeatu bezalako gaiak jorratuko dituzte.

'Etorkizuneko mugikortasuna, jasangarritasunerako bidean'

Bigarren atalak, uztailaren 10ean, mugikortasun jasangarriaren erronketan sakonduko du, Euskal Herriak klima-aldaketaren aurkako borrokan eta garapen ekonomikoan duen zeregina aztertuz. Garraio-sektorearen eraldaketa digitala eta jasangarria izango da eztabaidaren muina.

Hizlariak honako hauek izango dira:

  • Igor Villarreal Sarria. Mubileko zuzendari nagusia.

  • Mikel Irizar Buenechea. Irizar E-mobilityko Komertzial arduraduna.

  • Amaia Ortiz de Elguea OviedoIraunkortasun arduraduna UVESCOn.

Besteak beste, mugikortasun berriak enpresak nola eralda ditzakeen, politika publikoek nola lagundu dezaketen eta datozen 10-20 urteetan hiri-garraioak izango dituen aldaketak eztabaidatuko dituzte.

'Etorkizuneko langileak'

Hirugarren eta azken solasaldiak, uztailaren 17an, lan-merkatuaren egungo egoerari helduko dio, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan bete gabe geratzen diren 5.000 lanposturen arazoari. Adituek aztertuko dute ea langile-falta egiturazko arazo bilakatzen ari den eta zer neurri har daitezkeen horri aurre egiteko, kualifikazio-beharrak, demografia eta kanpoko talentuaren erakarpena kontuan hartuta.

Mahainguruan eseriko direnak:

  • Ibon Otaegi Perez. Laboral Kutxako Pertsona zuzendaria Gipuzkoan.

  • Niko Cuenca Beristain. Ekonomialaria eta Enpresabideako eduki-aholkularia.

  • Julia Shershneva ZastavnaiaIkuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria.

Saioan, atzerriko langileak erakartzeko estrategiak, formakuntzak duen garrantzia eta hizkuntza-aniztasunak Euskal Herriko testuinguru eleanitzean dakartzan erronka eta abantailak landuko dira.

Hiru solasaldiak, beraz, uztailean zehar argitaratuko dira Bai Euskarari Elkartearen YouTube kanalean eta podkast plataforma nagusietan.

'Elkarrengandik Ikasiz' solasaldiak

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.