Bai Euskarari Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Elkarrengandik Ikasiz solasaldi-zikloaren bosgarren edizioa aurkeztu du. Egungo gizartearentzat interes handikoak diren gaiak jorratzeko helburuarekin, aurtengo edizioak berritasun nabarmen bat dakar: ohiko bideoez gain, solasaldi guztiak podkast formatuan ere eskuragarri egongo dira lehen aldiz.
Aurtengo zikloak hiru gai nagusi izango ditu ardatz, bakoitza bere alorreko adituekin landuta: ekintzailetza, mugikortasun jasangarria eta etorkizuneko langileak. Uztailaren 3an, 10ean eta 17an zabalduko dira solasaldiak.
'Elkarrengandik Ikasiz' solasaldiak
Lehen solasaldiak, uztailaren 3an, ekintzailetzaren mundua arakatuko du, negozio bat sortzetik haratago doan ikuspegi zabal batekin, sormena, lidergoa eta berrikuntza bezalako gaitasunak azpimarratuz. Donostia, %6,6ko tasarekin, ekintzailetza-proiektu gehien martxan jartzen dituen hiria dela jakinik, saioak gaiari lotutako galdera ugariri erantzungo die.
Parte-hartzaileak honako hauek izango dira:
Miren Lauzirika Jauregi. Sormeneko eta metodologia berritzaileetako aholkularia Art for Life!-en.
Iñaki Peña Legazkue. Deusto Business School-eko Ekonomia eta Finantza Saileko katedraduna eta doktorea.
Solasaldian, negozio bat martxan jartzeko urratsak, enpresa berrientzako laguntzak, saretzearen garrantzia eta porrotari beldurra nola kudeatu bezalako gaiak jorratuko dituzte.

Bigarren atalak, uztailaren 10ean, mugikortasun jasangarriaren erronketan sakonduko du, Euskal Herriak klima-aldaketaren aurkako borrokan eta garapen ekonomikoan duen zeregina aztertuz. Garraio-sektorearen eraldaketa digitala eta jasangarria izango da eztabaidaren muina.
Hizlariak honako hauek izango dira:
Igor Villarreal Sarria. Mubileko zuzendari nagusia.
Mikel Irizar Buenechea. Irizar E-mobilityko Komertzial arduraduna.
Amaia Ortiz de Elguea Oviedo. Iraunkortasun arduraduna UVESCOn.
Besteak beste, mugikortasun berriak enpresak nola eralda ditzakeen, politika publikoek nola lagundu dezaketen eta datozen 10-20 urteetan hiri-garraioak izango dituen aldaketak eztabaidatuko dituzte.

Hirugarren eta azken solasaldiak, uztailaren 17an, lan-merkatuaren egungo egoerari helduko dio, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan bete gabe geratzen diren 5.000 lanposturen arazoari. Adituek aztertuko dute ea langile-falta egiturazko arazo bilakatzen ari den eta zer neurri har daitezkeen horri aurre egiteko, kualifikazio-beharrak, demografia eta kanpoko talentuaren erakarpena kontuan hartuta.
Mahainguruan eseriko direnak:
Ibon Otaegi Perez. Laboral Kutxako Pertsona zuzendaria Gipuzkoan.
Niko Cuenca Beristain. Ekonomialaria eta Enpresabideako eduki-aholkularia.
Julia Shershneva Zastavnaia. Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria.
Saioan, atzerriko langileak erakartzeko estrategiak, formakuntzak duen garrantzia eta hizkuntza-aniztasunak Euskal Herriko testuinguru eleanitzean dakartzan erronka eta abantailak landuko dira.
Hiru solasaldiak, beraz, uztailean zehar argitaratuko dira Bai Euskarari Elkartearen YouTube kanalean eta podkast plataforma nagusietan.
'Elkarrengandik Ikasiz' solasaldiak
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.