2021eko ekainean, Euskal Herri osoko eta sektore askotariko 110etik gora elkartek, fundaziok, eragilek, enpresak eta sindikatuk Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu genuen, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan Jauzi bat emateko beharra aldarrikatuz.
Izan ere, aspaldidanik entzuten gabiltza euskararen normalizazio prozesua etenaldian dagoela, bidegurutzean, biribilgunean, larrialdian… Azken hamarkadetan asko egin da erakunde publiko, gizarte eragile eta herritarren eskutik, baina erronka berriei aurre egiteko tresna berriak behar ditugu.
Xede horrekin, adostasun sozialaren Talde Eragilea martxan jarri zen hastapeneko adostasunaren oinarriak garatzeko xedez. 2025eko irailaren 26an, Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza izeneko dokumentua aurkeztu zuen Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean.
Proposamenak hizkuntza-politiketan egin behar den jauziaren oinarriak jasotzen ditu: euskararen ezagutza orokortzea, erabilera normalerako baldintzak sortzea, estatus-aitortzan aurreraurratsak egitea eta komunitatea ahalduntzea. Halaber, bost eremu nagusitan banatzen ditu euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan gizarteko sektore desberdinek dituzten erantzukizunak: eremu instituzional eta politikoak, eremu ekonomikoak, eremu sozialak, eremu kultural eta akademikoak, eta azkenik, herritarrek gauzatu beharrekoak.
Proposamena mota guztietako eragileei zuzentzen da eta elkarrizketa sustatzea du helburu. Eragile sinatzaileek lau konpromiso nagusi hartzen dituzte: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak beren egitea, elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, eta bere eremuan eragiteko gai den konpromiso gehigarriak hartzea.
Itunari atxikimendua eman nahi dioten eragileek beheko galdetegia beteta sinatu ahal izango dute dokumentua.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.