2025-11-27 09:19

San Telmo Museoak Bai Euskarari Ziurtagiria izango du aurrerantzean, zehazki, Zerbitzua Euskaraz agiria. Euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatu, aitortu eta pausoak ematen laguntzen dituen ziurtagiria da eta orain San Telmo ere horien artean dago.

Ziurtagiriaren modalitate ezberdinak daude eta museoak eskuratu duena Zerbitzua Euskaraz da, izenak dion moduan, zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenek izan dezaketena. Maila hori zehazteko Bai Euskarari Elkarteak diagnostikoa egin dio San Telmo museoari azken hilabeteetan, eta museoko hizkuntza gaitasuna, zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza aztertu dituzte neurgai ezberdinak erabiliz.

Museoak euskararekiko konpromisoa erakusten du bere jardunean, publikoari euskarazko kalitatezko arreta eskaintzeko neurriak hartuz eta euskararen alde lanean ari diren eragileekin elkarlana ahalbidetuz, besteak beste. Adibidez, 2025eko maiatzean Bai Euskarari Ziurtagiriaren 25. urteurreneko ekitaldia hartu zuen museoak eta Bai Euskarari Laguna sarian ere parte hartu zuen.

Zorionak eta ongi etorri Euskararen Mapara!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.